Libre
Arrazistak gu? Bai zera!
Koldo Aldalur
Eta nik uste nuen euskaldunok arrazistak ginela, besterik gabe. Berezkoa genuela, alegia. Hachim-en gurasoak etorri berriak dira Azpeitira. Ama, oso gaztea oraindik, hor dabil bere buruko zapi eta guzti, nabarmen asko. Tetuan-etik hurbildu dira gurera eta nahiko egoera berezian bizi dira. Aitak, hemen eta han, lantxoak topatu ohi ditu baina gustu-gustukorik ez, eta amak ere zerbait egin nahi luke etxeko ekonomiari beste martxa bat emateko. Senarrak, egia esan, ez dio gehiegi laguntzen lan bilatze horretan.
Hachim bost-sei urte inguruko mutil koskorra da. Tximista baino biziagoa. Ikasberrin ari da ikasten, eta herrian ditugun atzerriko beste hainbat
familietako neska-mutil asko bezala, euskaraz suelto aritzen da, eta hori, ikastetxearen meritua baino gehiago, haiek ikasteko duten abildadearen ondorioa da.
Istorio honek itxura polita du baina ez dakit ba hain polita den. Goxotasun txikiegia antzeman daiteke haien inguruan. Garen bezalakoak garelako, gehiegi hurbiltzeke mantentzen ditugu. Kalean, gure umeak haiekin jolasean, bale, baina etxera ez ekarrita, hobe igual. Gurasoekin zerbait hartu tabernaren batean, bale, baina soziedadera kuadrilako afarira... ez dakit ba. Auskalo zer jaten duten eta zer edaten duten! Ez asmatzeko, gonbidatu ez, eta, seguruenik, asmatu.
Horrelakoak gara eta aldatzeko gogo txikia. Ez dut aipatu ere egin nahi gaztarora iritsitakoan etxeko bakarren bat kanpotar haietako bakarren batekin liatzen bada. Liatu bai, ‘enrollatu’ osteko egunean berriro elkarrekin segitzea erabakitzen badute. Lotsaren lotsaz ez diogu gureari harekin ez ibiltzeko esango —nola ba, hain aurrerakoiak izanik— baina, aitor dezagun, aukeran bertako bat topatzen badu, kasik nahiago. Kiratsa dariola baderitzozu geure burua zuritzeko buru-eskema honi, ez kezkatu, askoren gaitza da eta. Askorena, beraz, gurea ez.
Kontua da duela aste batzuk bakarren batek oparitu diola bizikleta zahar bat Hachimi. Bueno, bizikleta bat bat gehiago, freno eta pedaldun burdin puska bat. Hura ganbaran gordeta zuenak ere ez du gauzak zaborretara botatzeko afizio handiegirik!
Eta gure marokoarra pozik euritan blai, tximu eginda. Putzutik putzura, hanka puntetan, ipurdia hara eta hona, eragin eta eragin integrazioaren helmugara iristeko asmotan.
Hachim eta Mohamed ez dira berdinak. Eta horretan ginela heldu zaigu herrira Mohamed txikia. Hori ere marokoarra eta adin beretsukoa. Begiak bai, ixterakoan haize korrentea sortzen duten horietakoak, dotoreak. Aita-amak ere ikustekoak. Amak ez dakit seguru zer egiten duen baina aita badugu norbait; gorbata koloretsua, kotxe handia, Aimar Irigoienek altxatzeko lanak izango lituzkeen urrezko eraztuna, katarroa uxatzen duen kolonia usaina... Teknikoa. Edo arkitektoa. Hori ere ez dakit.
Semeak bateria duen motoa du. Gorri-gorria. Lagun ugari eta ondo irabazitako prestigioa. Motoa, alegia.
Aita herriko soziedade batean genuen orain hurrena. Denak alboan zurikerian, prestatutako mokadurik goxoena eskainiz, eta ahal den konbertsazio atseginena emanez. Orduantxe jakin nuen zenbat diru zebilen Azpeitian, zein ondo dabiltzan herriko enpresak, Europan pertsonako BMW gehien dagoen tokia dela, obra ikaragarriak egin behar dituztela etorkizunari begira, oraindik eta hobea izan dadin, istilurik ez dela apenas izaten eta abar. Eta ni oraindik enteratu gabe.
Aberatsaren ondoan esertzean aberaskiloon usteak puztu egiten dira, itxuraz.
Azal kolore kontua al da guztia? Horregatik nioen arrazistak baino gehiago, lerdo hutsak garela. Arazoa ez dela kanpotik datorren horrek zer kolore duen, baizik eta kartera beroa duen ala ez. Edo zer uste duzue, Ronaldo txikito batzuk hartzera Erdi kalera etorriko balitz, CDak saltzera datorrenari bezala begiratuko geniokeela?
Ah!, ahaztu baino lehen: herenegun lagunarteko karreratxo bat egin dute umeek Damaso plazan eta Hachimek bere burdin pusketarekin irabazi omen du. Mohamed epaile jarri zuten. Motoan buelta bat uztearen truke.
|