|
|
|
Enbido
Berogailua piztu dute
Alaitz Olaizola
Berogailua piztu dute, hotz egiten baitu kanpoan. Negua gainean dugula abisatzeko modu aproposa. Berdin da, hotz ala bero, jada ez dago atzera egiterik. Ordubete baino ez zaigu geratzen. Orduan, ordubeteren buruan, berriz ere, betiko galdera egingo diogu geure buruari: nork esan behar zigun guri saltsa honetan sartzeko? Etxean lasai eta epel egon besterik ez eta... Hemen gaude. Azken zigarroa erretzen, azken pentsamenduak izaten, azken pentsamendu propioak. Beroa gero eta handiagoa da. Arnasa faltako ote zaigu ba? Ez dut uste, hainbestetan pasatu gara hemendik.
Heriotza atean zain duen batek, akaso, gauza berak pentsatuko ditu, arriskuan dagoenaren moduan. Hauxe da egoeraren larria! Eta ez dago atzera egiterik. Hori nahi al huen? Ba hor daukan. Hiltzea bezala, zenbait momentutan, hiltzea bezala. Berriro jaiotzeko, ordubetez, berria sentitzeko.
Jendearen marmarra entzuten dugu eta hori, ona da. Ikaragarrizko ilusioa jarri dugu egitera goazenean; besteak ere partaide egin nahi ditugu. Ez da erronka makala, badakigu beti ez dela lortzen. Baina orain, ezbaian egonda ere, pausoak aurrera baino ezin ditugu eman eta halaxe, elkarri animoak ematea baino ez zaigu bururatzen, betiko moduan.
“Mucha mierda” esan diogu elkarri; hala esaten da egoera horretan. Bitartean, milaka pentsamendu datozkit burura: hain gaizki sentitzen naiz, estu... Eta, era berean, hain beteta, eroso, pozik...
Argiak piztu eta hasi da funtzioa. Azpeitian antzerkia egitea mundiala dela pentsatu dut. Hemengo ikusleak erantzuten du. Ez presentziarekin bakarrik, baita giroarekin ere. Sua piztu da, izatea hil eta berria piztu. Ihesi dabilenaren moduan, inora joan gabe, taula baten gainean libre. Ordubeteren buruan argiak itzali dira eta jendea txaloka ari da. Jaio naiz berriro, bizi-bizi, neure buruari, “merezi izan din”, esanez. Pozik gaude, oso pozik. Ez bakarrik jendearen berotasuna sentitu dugulako, hori ezinbestekoa bada ere. Gu, gustura aritu gara lanean, disfrutatzen. Eta akordatzerako, esan beharreko guztiak esanak ditugu. Konparazio bat onartuko didazue. Hara, mariskoa ikaragarri gustatzen zaionak bezala da. Diru asko kostatuko zaio mariskada ederra egitea, lan ordu asko, izerdi tanta batzuk, gero ordu erdian guztia kolpe batez jateko. Egin du, baina, gustukoa! Guretzako berdin.
Bukatutakoan. Ezkutuan, elkarri bizkarrean kolpe batzuk eman dizkiogu ondo egindako lanaren ondorio moduan. Izerditan bukatu dugu, hori bagenekien. Gaurkoa bukatu bada ere, hurrengo emanaldian pentsatzea baino ez zaigu geratzen, bakoitzak geure lanbidera itzuli behar badugu ere.
Sentimentalismo hutsez idatzitako hitzak dirudite, neuk idatziak badira ere, irakurtzean, horixe esaten baitidate. Eta hala bada ere, zer? Han eta hemengo kontuez txutxu-mutxuka aritu naiz azken hilabete hauetan atal honetan, eta, gaurkoan, sentsazioen kronika egin nahi izan dut. Aurtengoan, Udalak, antzerki amateurra omendu nahi izan duen moduan, hau da nire omenaldia. Pako Aristik bere liburuan dioen moduan, Bokadillo baten truke antzerkian aritu direnetzat. Barru-barrutik bizi izaten dudanaren kronika, hainbesterekin akordatuta. Hainbeste aldiz esan digute, ero puntua badugula taula gainean horrela aritzea gogoko dugunok. Eta zer? Jubilatu eta gero, baratzean orduak pasatzen dituen kaletarraren modukoak gara gu. Beste zer eginik izango ez bagenu bezala.
Azpeitiak badauka antzerkirako zaletasuna, antzerkira joatekoa, egitekoaren adina. Ez dauka, ordea, horretarako beharrezkoa dena: behar bezalako aretoa (Jainko arren!; zenbatek esan ote dugu dagoeneko hori!). Ezin gaurkoan ere kritikatxoa egin gabe bukatu! Hau marka! Aretoa izango denaren zaratak daude, orain benetako lanerako makinen zalapartari itxoin behar. Hala ere, suma daiteke antzerki amateurrarekiko Udalaren aldetik aldaketa onuragarririk. Horren lekuko aurtengo programa. Ea ba, bide horri eutsiz, urtez urte, topaketen berezko espiritua berreskuratzeko gai garen.
|