Kultura
Kulturak agur Antxietari
Ainitze Oruesagasti
25 urtean kultur ekitaldietarako gune izan da Antxieta Etxea, baina norabidea aldatuko du azaroan
Antxieta Etxeak 1979ko otsailaren 10ean ireki zituen ateak, kultur ekintzak egiteko. Etxea Kutxak gizarte ekintzak bideratzeko dituen eraikin historikoetako bat da —Azpeitian badu beste bat, Udalari utzita, Enparan dorretxea—.
Imanol Eliasek 25 urte eta erdi eman ditu Antxieta etxeko arduradun lanetan. 1992an aurrejubilazioa hartu eta lana laga bazuen ere, Itziar Oiarzabalek, Imanolen emazteak hartu zuen ardura, eta, ofizialki utzi arren, bertan jarraitu izan du Imanolek azken urteotan ere. “Hasiera batean, eraikinaren egokitze lanak zaintzen ibili nintzen. Behin obrak bukatuta, hemen antolatu zen lehenengo erakusketa jartzen ari ginela, Certamen de artistas noveles delakoa, Jose Maria Setienek, garai hartako Gipuzkoako gotzain nagusiak, hitzaldi edo bilera bat egiteko gela eskatu zuen”.
Herriko gazteenek Antxieta Etxea erakusketa gune gisa bakarrik ezagutu duten arren, bestelako ekintzetarako ere erabili izan da Antxieta etxea: “Hitzaldiak, zinema saioak, kontzertuak..., denetik izan da. Antxietan giro bat sortu nahi genuen, eta pintura aldetik ere mugimendua sortu zen. 1992 arte gauza asko egin ziren”.
Ekimenak. “Zinema emanaldiak asteburuetan antolatzen genituen. Ateak irekitzeko ordua baino askoz lehenago ume mordoa biltzen zen etxearen atarian. Gero, nik barrutik atea irekitzen nuenenean, denak korrika igotzen ziren goiko solairura. Pelikulak batzutan zahartuak egoten ziren, eta emanaldiaren erdian pelikula apurtzen bazen, sekulako iskanbila sortzen zen umeekin”, dio Imanol Eliasek.
Antxieta etxea parroki aurrean egonik, pasadizoan jende asko hurbildu izan dela gogoratzen du Eliasek: “Duela urte batzuk, asteburuetan Antxieta irekita izaten zen. Igande goizetan, meza ondoren, jende dezente biltzen zen hemen. Urteak aurrera joan ahala, ordea, elizatik ere jende gutxiago pasatzen hasi zen, eta, ondorioz, hemendik ere bai. Horrela, igandetan inor gutxi ibiltzen zela ikusita, ixten hasi ginen, eta beranduago berriz, larunbatetan ere bai”.
Urteotan erakusketa ugari izan da Antxieta Etxean. “Margolari askoren artelanak erakutsi dira, herriko zein kanpoko margolarienak. Eta obra asko eta asko saldu dira. Gogoan dut Okina margolari bergararraren artelan guztiak saltzen zirela. Zenbait lan erakusketaren lehenengo egunetik saldu izan dira, gainera. Salaberriaren lanak erakusgai jarri aurretik, alarma instalazioa jarri behar izan zuten”, dio Imanol Eliasek.
Baina zinema emanaldi, argazki lehiaketa, erakusketa eta abarrez gain, beste hainbat gauzatarako ere erabili izan dira Antxieta Etxeko lokalak. “Azkenaldian, irakasle talde batek ikastaroak egiteko erabiltzen zuen goiko aretoa, baina hori baino lehenago bilera asko egiteko erabili izan da eraikin hau. Herriko elkarte asko hemengo aretoan egin izan diren bileratan sortuak dira”.
Antxieta Etxean egin eta antolatu diren ekintzen martxa asko aldatu da. Denborarekin, ekintzak gutxitzen joan dira; erakusketa gune izatera mugatu dela esan daiteke, azken batean. “1992ra arte ekintza ugari antolatu genituen hemen. Nik kanpoko jendearekin harremanetan jarri behar izaten nuen, mendi astea, diapositiba lehiaketak eta abar antolatu ahal izateko. Gogoan dut, behin, euskal sukaldaritzaren inguruko hitzaldi bat antolatu nahi nuela, eta horretarako Subijana, Castillo eta Argińanorekin jarri nintzela harremanetan. Sukaldaritza modernoa zen hitzaldi hartan jorratu beharreko gaia. Garai hartan Karlos Argińano ez zen gaur egun bezain ezaguna, eta hitzaldian parte hartzeko proposamena luzatu nionean ezetz esan zidan, berak jendearen aurrean bakar-bakarrik ordu erdiz hitz egiteko gaitasunik ez zuelako. Tokitan geratu da orain”, adierazi du Imanol Eliasek.
Etorkizuna. Antxieta Etxearen etorkizunari bide berriak ikusten zaizkio etorkizun hurbilean. Izan ere, Kutxak eraikina Atzegiri, Adimen Urriko Pertsonen Aldeko Gipuzkoako Gurasoen Elkarteari, emango dio. Horrela, Kutxak eraikin hori beste gizarte ekintza batera bideratuko du.
Bestalde, urte hauetan antolatu den Antxieta argazki lehiaketaren —Inauterietako sokamuturraren inguruko argazki lehiaketa— etorkizuna ez dago argi. “Nik ez dakit zer pasatuko den argazki lehiaketarekin. Argazki taldeko kide batzuekin hitz egin dut horren inguruan, baina aurrera begira lehiaketarekin zer pasatuko den ez dakit”.
|