Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 4,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2004 »  Azaroa »  'Bullying' eta elkarbizitza »  Izar Arregi psikologoari elkarrizketa

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Izar Arregi psikologoari elkarrizketa

Kepa Urbieta

 

Bullying fenomenoa Euskal Herri osora zabaldu da, Hondarribian gertatu zen ezbehar latza dela eta. Gaiaren inguruko galderak erantzuten izan da Izar Arregi psikologoa.

Hondarribiko gertaeraz zein da zure hausnarketa?

Nahiko kasu eta egoera larria da. Beti egon den gaia da eta inoiz ez zaio behar bezainbesteko garrantzirik eman. Inoiz ez dugu jakin nola aurre egin. Orain derrepentean alarma soziala piztu da eta hitzaldiak, fomakuntzak eta abar antolatu dira. Eta oso ondo dago hori guztia egitea, baina modaren arabera gabiltzala dirudi eta horrek haserrea sortzen dit.

Zer egin, ordea?

Irtenbideak, ahal dela, gertatu aurretik aurkitu behar dira. Gainera, horrelako kasuetan gizarteak beti errudun bat aurkitu behar izaten du lasai gelditzeko. Zortzi ikasle horiek horrela tratatzea ez da bidezkoa; ez dira hiltzaileak, ez dakit mutil onak diren edo ez, baina injustizia da beraiekin egiten ari direna.

**Zer da zehazki ‘bullying’-a?**

Ikasleen artean ematen den eraso psikologikoa da. Depresio sintomak dira horren ondorioak: autoestima txikia, jolasteko gogo eza, ikasketetarako motibazio txikia, komunikatzeko gaitasun falta eta babesik ez sentitzea.

Psikologikoa bakarrik?

Bai. Baina efektu hori kolpe batzuen ondoren eman liteke. Azken batean, lagunarteko arazoetatik etorritako depresio bat da, kolpeen bidez edo beste bide batez.

Hondarribiko gazteek 14-15 urte dituzte. Adinak ba al du zerikusirik?

Adin guztietan gertatzen da, bakoitzean bere modura. Txiki-txikitatik hasten diren lidergo motek sortua, aldatzen doa adinean aurrera. Lidertza positiboa da; batzuek modu demokratikoan erabiltzen dute; beste batzuek, berriz, indarrez. Liderra izatea karisma izatea da eta hori ona da, beharrezkoa. Horregatik, erakutsi egin behar zaie ondo erabiltzen.

Erasotzaileak ba al du helbururik?

Kasuak eta kasuak daude, baina nik uste autoestima falta dutela erasotzaileek. Aztertu egin behar da. Beti atentzioa emateko egiten duela diogu, baina zergatik nahi dute atentzioa eman? Bakarrik daudelako, eta hutsuneak dituztelako. Zergatik? Oso galdera ederra da eta hori da bidea. Azpeitian ere horrelako kasuak eskola guztietan gertatzen dira.

Ba al da ezaugarri komunik biktimen artean?

Ez dago prototipo finkorik. Nahikoa da ezaugarri ezberdin txiki bat biktima izateko.

Gurasoek eta irakasleek zenbaterainoko ardura dute?

Beste guztiok bezainbeste. Ohartu nahi duenak badaki biktima nor den. Baina erantzukizuna denona da. Beste gauza da saiatu arren, ez asmatzea.

Psikologoek ere bai, beraz.

Arazoak aztertzeko modua aldatu behar da, errudunak bilatzeari utzita. Elkarbizitza irizpideak jarri, jarrerak landu eta horren arabera arazoa aztertu. Gertatu dena zerk eragin duen aztertu. Psikologoak horiek antzeman, eta gurasoekin eta irakasleekin koordinatzeko lana egin behar du. Tutoretza orduak tarteka ematen dira eskoletan. Nik gai bezala, bakea lortzeko edukazioa, sexuaren edukazioa... jarriko nituzke, eta bide horretatik landu bai kazetaritza, gizarte edo dena delakoa. Horrek gizarte osoa aldatzea dakarki. Eskola, gizartearen arabera aldatzen da, beti atzetik doa, aurretik joan beharko lukeenean. Oso zaila da, ordea. Guraso askok tituluari baino ez diote ematen garrantzia, ez zaie askorik axola seme-alaba gaiztoa den edo ez, “aldatuko da”, diote.

Zer egin behar da saihesteko?

Elkarlana, erruduna bilatu beharrean neurriak hartzen hasi. Ikuspegi globaletik aztertu. Gurasoei eta irakasleei, bakoitzak bere esparruan dituzten lanak zeintzuk diren planteatu. Materiala aztertu eta zeharka landu, eta ikasleei hausnarketa prozesua egin. Serio hartu. Elkarbizitza jarreretan oinarritutako gizartea sortzen ahalegindu behar dugu.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak