Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 16,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2004 »  Azaroa »  Iritzia »  Jokin, guztion lana

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Jokin, guztion lanai

Ainhoa Odriozola

Jokin: mutil izen euskalduna. Izen propio bat, izen bat gehiago hainbesteren artean; Hondarribiko gertakari tristeak medio ezagun egin zaiguna, ordea. Bullying izen ponposoa jarri diote han gertatutakoari; eskola edo haurren artean ematen den akoso eta erasoei, alegia.

Hedabideetan, hainbat psikologo eta adituen iritziak entzun ditut, gure seme-alabak akosatuak badira nola jokatu gomendatuz. Gurasoen larritasuna ulertzekoa da, haurrak eskolara bidaltzen ditugunean leku seguruan daudela uste baitugu. Baina hor doa galdera madarikatua: eta gure seme edo alaba akosatua ez, baizik akosatzailea bada? Nola jokatu orduan? Inork egiten ez duen galdera. Zaila egiten zaigu horretan pentsatzea ere, gure haurrak zitalkeria horiek egiteko gai ikusten ez ditugulako... ez! Gure haurrak ez! Ziur Hondarribian akosatzaile izan ziren gazteen gurasoek espresio bera erabili zutela.

Azpeitian bertan ‘barkuko parkean’ ikusitakoa kontatu nahi dizuet. 8-11 urte bitarteko neska-mutiko taldea jolasean. Konturatu gabe, mutiko batek ukalondoko bat eman zion urdailean beste neskato bati. Garbi zegoen neskatoa ‘buru’ zela taldean, bere aieneak jolasa seko geldiarazi baitzuten. Mutikoari errieta egin ondoren, zigortzea erabaki zuten, haur bakoitzak zaplasteko bat emanez. Hala egin ere, eta ez nolanahiko zaplastekoak, gainera, mutiko gizagaixoak iladan, protestatu gabe jaso zituenak, masaila gorri, negar malkoei eutsi ezinik.

Han gelditu nintzen harri eta zur. Zer ari gara gaizki egiten? Gure haurrak etorkizunerako prestatu nahi ditugu, azkar eta prestuak izan daitezen. Baina garrantzitsuena ahaztu zaigu, inongo eskoletan ematen ez den ikasgaia: pertsona ona nola izan erakusten duena. Guraso, irakasle, hezitzaile, auzokide, herritar guztion lana.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak