Zer dio?
Brigadistak Kuban eta Txilen
Mirari Amenabar (Askapenako brigadista)
Askapenaren internazionalismo lanean, udako brigadak ezagunak dira. Aurten 110 euskaldun joan dira Irlanda, Kuba, Txiapas, Argentina, Txile eta Venezuelara. Tartean, bi azkoitiar eta bi azpeitiar.
Kuban, Habanan egon ziren lehen egunetan. Han instituzioen antolakuntza nola bideratzen duten ikusi zuten. Sozialismoan oinarrituta, herriek duten erabaki ahalmenean, komunikazio zuzena ematen da.
Hiritik komunitateetara mugitu eta gazteekin elkarlanean aritu dira. Nekazaritzan, janaria banatzeko erak eman die atentzioa. Gainera, haien izaera sozialista behin eta berriro antzematen da; inprobisazioa, materialen erabilera, hezkuntza eta osasunaren garrantzia... eta, bereziki, nazio kontzeptua, kubatar izatearen garrantzia. Halaber, Euskal Herriko egoera politikoaren testigantza emateko aukera izan dute.
Txilen izan garenok mapucheena iristea genuen helburu. Han, harrera bikaina izan genuen Manuel Rodriguez mugimendukoen, brigaden gidarien aldetik. Plangintza, euskaldunon eta gure borrokaren berri ematea zen. Bide batez, haien azken urteetako historia azaldu ziguten. Allenderen gobernuko hiru urteetako ezker politika, nola Pinochetek suntsitu zuen AEBen laguntzaz. Zenbat hildako eta desagertu izan zen, tortura, eraildakoak, beldurra, errepresioa... Oraindik egindakoa salatzen dihardute eta Txilen ezker politika baten beharra eskatzen ari dira.
Mapucheen berri ere izan genuen. Santiagon 80 talde daude. Hegoaldera, Concepcionetik Valdiviara, komunitate ugari gatazkan daude eta han sartzea arriskutsua da. Lurraldetasuna eskatzen dute eta protestek 46 preso politiko utzi dituzte. Egun, Txileko gobernuak, mapucheen kontra inoiz izan den epaiketarik gogorrena emango dela esan du.
|