Hau
Azaroak 3 eta 4
Jokin Uranga
Beste behin ere, zergatik ulertu ez arren, goizeko hamarrak alderako Donostian izango gara azpeitiar batzuk, eta ez hain goxoak diren alde zaharreko pintxoak jaten, Gipuzkoako Epaitegi Probintzialean baizik. Arrazoia aski ezaguna zaizue honezkero gehienoi. Muntaia juridiko- mediatiko baten ondoren, hau da epaileen aurrean eseri beharko garen laugarren aldia azken hiru urteotan. Itxura guztien arabera, azken honek erabaki dezake gure etorkizuna. 9 gazte gara 45 urteko zigor eskaerari aurre egin beharko diogunak, baina horrek ez du esan nahi gu bakarrik izango garenik epaituak. Aspaldi eta betikoek diseinatutako estrategia horrekin, gazteria eta gazteon aske bizi eta sentitzeko eskubideak eta beharrak ukatzen baitira. Hori horrela, eta gurea baino gehiago, herriaren arazoa dela pentsatuz, herriko zenbait eragilerengana jo genuen babes eske; erantzuna beharraren neurri berekoa izan dela esan genezake erratzeko beldurrik gabe. 30 taldetik gora dira bat egin eta eraso honen zentzugabekeria salatu dutenak. Mila esker guztioi.
Guk dakigu ondoen ez dagoela horrela ibili beharrik, hara eta hona, herriko zahar nahiz gazteen arazoak modu baketsu eta zibilizatu baten konpontzeko borondaterik izan balitz.
Azpeitian, gazteok antolatu eta harremanak sendotzeko lokalen premia aspaldiko errealitatea denez, zenbait gazte udaletxera bueltaka hasi zela urte ugari da, eta ez zaigu inoiz ez gaztetxe eta ezta hitzik ere eman orain arte. Herriaren mesederako jarritako amets eta ilusio guztiak zapuztuz, bizkarra da erakutsi zaigun bakarra.
Gure ustez, dena delarik epaia, guregan eta senideengan eragin zuzena izan dezakeen arren, horrek ez du ez aldatuko ez konponduko Azpeitiko errealitatea. Arazo eta gabeziek lehengoan jarraituko dute.
|