Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 11,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2004 »  Azaroa »  Iritzia »  'Urola-Kostako Hitza' eta udal diru laguntzak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Gutunak

'Urola-Kostako Hitza' eta udal diru laguntzak

Azpeitiko Udalak ‘Urola-Kostako Hitza’ euskarazko egunkaria diruz lagun dezala eskatu zuen urriaren 23an gehiengo sozialak. Hori dela eta, Udalak gutun bat idatzi du eta Uztarriak —‘Hitza’-n bazkide da— erantzun egin dio. Hona biak.

Urriaren 23ko prentsaurrekoa eman zuten zenbait ordezkariei eta herritar guztiei udal honek zera adierazi nahi die:

  • 1. 2004. urteko aurrekontuak abenduan onartu ziren; aurrekontu hauetan %34ko igoera izan du Euskara Sailak EBPNko lanak direla eta. 2004ko kudeaketa planean markatu den lehentasuna arlo sozio-ekonomikoan euskara bultzatzea izan da.
  • 2. Hitza aurten sortu da eta zeharka udal honek lagundu dio; lokalak utziz edota publizitatea bidalita (5.000 euro), besteak beste. Bestalde Hitza-k jasotzen du diru laguntza publikoa beste erakundeetatik (Foru Aldundia edo Jaurlaritza).
  • 3. 2005eko aurrekontuak orain ari gara prestatzen eta, Hitza-ren arduradunei esan genien bezala, orain dugu aukera Urola-Kostako Hitza-ren laguntza zehazteko.
  • 4. Dena dela euskararen normalizazio bidean egokia izango litzateke herritarrek ere euren aportazioa egitea Hitza bideragarria izateko eta bideragarritasun hori guztiz diru publikoan oinarrituta gera ez dadin.

Ana Mendizabal (Azpeitiko Udaleko Hezkuntza-Euskara batzordeburua)

Urola-Kostako Hitza-k udal diru laguntzak behar dituela askotan azaldu diogu Azpeitiko Udalari, euskararen normalizazio aldetik eta proiektu komunikatibo aldetik oso garrantzitsua delako. Berriro zuzenduko gatzaizkio, Ana Mendizabal Udaleko Euskara batzordeburuak Hitza-n gutuna idatzi duela eta.

  • 1. Ana Mendizabal urriaren 23ko prentsaurrekoa eman zutenei zuzendu zaie. Hitza-ren aldeko agerraldira azaldu zirenak eta atxikimendua eman dutenak Azpeitiko gehiengo soziala dira. Eta hau eskatzen dute: Udalak Urola-Kostako Hitza diruz laguntzea.
  • 2. “2004. urteko aurrekontuak abenduan onartu ziren” Udalean, dio Ana Mendizabalek. Ados. Baina Udaleko arduradunek 2003ko abendurako bazekiten, diru kontu eta guzti, Hitza 2004 hasieran sortuko zela. Anak dio EBPNren lehentasuna arlo-sozioekonomikoa dela. Hitza ez, beraz. Guretzat biak dira. Gainera, Hitza-k on egiten dio arlo sozio-ekonomikoko euskalduntze prozesuari.
  • 3. Hitza-ri “zeharka udal honek lagundu dio; lokalak utziz edota publizitatea bidalita (5.000 euro)”. Publizitatea jartzea ez da diru laguntza ematea; hori zerbitzu bat ordaintzea da. Eta lokala uzteaz ba...; Udalak orain, behintzat, ez du esaten Uztarriak finantzatzen duenik Hitza.
  • 4. “Hitza-k jasotzen du diru laguntza publikoa beste erakundeetatik (Foru Aldundia edo Jaurlaritza)”, dio Anak. Urola-Kostako Hitza ez da Gipuzkoa osokoa eta Aldundiak laguntzen du. Hitza ez da EAE osokoa eta Eusko Jaurlaritzak laguntzen du. Biek lehentasunen artean dutelako laguntzeko orduan. Urola-Kostako Hitza Azpeitikoa ere bada, eta gure Udalak ez du diruz laguntzen... Nola ulertzen da hori?
  • 5. “2005eko aurrekontuak orain ari gara prestatzen eta, Hitza-ren arduradunei esan genien bezala, orain dugu aukera Urola-Kostako Hitza-ren laguntza zehazteko”. Ados. Baina Hitza-k 2004an ere behar du udal laguntza. Ez ahaztu: otsailaren 20an sortu zen.
  • 6. “Egokia izango litzateke herritarrek ere bere aportazioa egitea Hitza bideragarria izateko eta bideragarritasun hori guztiz diru publikoan oinarrituta gera ez dadin”, dio Anak. Ados. Laster hasiko dugu harpidedunen artean diru bilketa kanpaina; herritarrek ere ekarpenik egin behar dutelako herri proiektu honetan. Udalak ere pentsatu beharko luke, ordea, Hitza-ren bideragarritasuna ezin dela guztiz herritarrengan oinarritu, ezta?... Euskara ez dago normalizatua, eta Hitza euskarazko egunkariak denen laguntza behar du; besteak beste, Azpeitiko Udalarena.

Uztarria Kultur Koordinadora

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak