Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 21,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2004 »  Azaroa »  Iritzia »  Historia eta istorioak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Enbido

Historia eta istorioak

Alaitz Olaizola

Yassus! Azkenean oporrak! Egun batzuk egoteko, eta beste batzuk, ibiltzeko. Bata gorputzaren nekea da eta bestea buruarena. Buruaren pisua kentzea lortuz gero, gorputzarena hor konpon! Ibili nahi horretan, behin herritik irtenda, goizean hasi eta ilundu arte bi hanken gainean alde batera eta bestera ibiliaz, ezin esan gorputzak atseden hartzen duenik.

Etengabeko ibiltze horretan, tarteka nekatu egiten da, eta orduan, berdin izan ohi da kaleko bankuan edo Parthenon-aren harri artean eseri. Berdin gorputz nekatuarentzat; ez, ordea, turistez leporaino eginda dagoen harri zaindariarentzat. Hark azkar esaten du harriak ez ukitzeko. Nekatua dagoen oro, harrien gainean jarriko balitz, eta kontuan izanda denak dabiltzala nekatuta, aire eta uraren eraginez baino azkarrago gastatuko lirateke.

Pertsona zibilizatuen moduan, eseri naiz eliza ortodoxo baten atariko banku batean. Nola ilunduko duen sentituz, jendearen joan-etorriei so. Atseden hartzeaz gain, begien aurrean dudana ere historia delako, herri baten historia, norbanakoen istorioa.

Elizarako sartu irtenean asko dabiltza. Bakar batzuk, seietarako meza entzutera doaz. Gehienak, ohiko kandelatxoak piztu, inguruan dituzten irudiei musu eman eta badoaz kalera. Bada, ordea, elizan sartu ez den emakume bat nire aurrean, aulkitxo batean eserita eskean. Beltzez jantzia goitik beheraino, buruko mantal eta guzti. Begira geratu natzaio, lotsagabe akaso. Barkatuko al dit! Ipuinetako sorgin gaiztoaren sekulako antza du. Hortz bat ere ez duela esatera ausartuko nintzateke. Izango du bere istorioa. Tristea izango dela pentsatu dut, bakartia, lotsagabea, inork bisitatu gabeko istorioa. Batek daki! Agian, berak aukeratua, berarentzat hoberena. Han dago eskua luzatuta, marmarrean ariko balitz bezala eskean. Ez diot ulertzen. Emakumeak elizatik opil bat esku artean dutela irten dira. Opil bana zatituta ekarri dute elizara pope-ak bedeinka ditzan. Bedeinkatu ostean, eliza atarira irten dira paseoan dabiltzan guztiei zati bana eskaintzera. Amonak, marmarra areagotu du. Emakume bat hurbildu zait, grekeraz opil zati bat nahi al dudan galdetu didala suposatu eta baietz esan diot. Ez dakit zergatik geratu den niri begira. Akaso, nire hitz egiteko moduagatik edo bertakoa nintzela uste eta turista batekin topo egin duelako.

Opilak. Opil gehiegi dago han dagoen jende kopuruarentzat, eta amona zaharrak sekulako zati pila batu ditu. Mantala opilez bete diote. Behin zeremonia bukatu eta gero, sartu dira berriro elizara eta inor begira ez duela pentsatuta, amonak bota ditu zati mordo bat lurrera inguruan dabiltzan usoentzat. Gainontzekoak, poltsan sartu eta zakar ontzi gainean utzi ditu. Hortzik gabeko emakumeak, historiarik gabeko emakumeak, dirua behar du, ez opilak. Poltsa uzteko zutitu den horretan, belaunetaraino jaitsiak dituen galtzeta beltzak gerrira jasotzeko keinua egin du, hanka eta sabel alde mehea agerian utziz. Gona zaharra berriro beheratzean, uso guztiak kolpe batez aireratu dira, izututa. Zaharra da, baina garbo ederra dauka.

Eseri da pixkanaka bere inguruan dituen poltsak bilduz eta sekulako ariketa zaila egin eta gero, horra non botatzen duen sekulako txistu poltsa. Jarraian, etengabe aitaren batean hasiz. Behin eta berriz, eskua gora eta behera. Eta ni, barreari ezin eutsita egoeraren komikotasunagatik. Elementu ederra! Emakumeak badaki meza luzea dela. Eguneko sos apurrak bildu dituela jabetuta, bere txiringitoa jaso eta joan da. Nora doa? Elizatik opilarekin atera direnak, galdutako zerbait bilatzeko egiten omen dute, hori omen dio tradizioak. Asko dira zerbait galdutakoak itxura denez. Emakume zaharrak, bere burua bilatzen nahiko lan inondik inora ere, eta denak, han, fedearen bueltan elkartuak.

Ilundu du. Acropolis-a, historia, argiztatu dute. Fededunek anima garbitu dute, eta amonak zer?

Elizan kantuan jarraitzen dute. Istorio mordo bat, historia bakarra, atzealdeko mendi tontorrean.

Han eserita jarraituko dut, historia baino istorioak gehiago interesatzen zaizkidala erabakiz.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak