Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 9,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2004 »  Urria »  Pasealekurik ez apaizek

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Jakiteko

Pasealekurik ez apaizek

Ihintza Agirretxe

Apaiz etxe asko dira herrian, eta orain arte bazuten apaizek euren izeneko pasealeku bat ere. Baina laster batean paseorik gabe geldituko dira

Herrian bada desagertzear dagoen pasealeku bat, laneko pabilioi bat egin behar dutelako. Pasealekuaren izena Paseo de los Curas da, baina aspaldian behintzat, ez da arimarik ibiltzen bideska horretan; are gutxiago orain, hasi direlako eraiste lanetan. Bidea Arcelor enpresaren parean hasten da, Landetan, eta Errezilera joateko bidegurutzean bukatu. Azpeitikoa ez da, ordea, Euskal Herrian apaizen omenez egindako pasealeku bakarra; esaterako, Donostian ere bada bat.

Baina nondik datorkio izen hori bideari? Ez dago informazio zehatzik, baina garai batean han inguruan 6-7 bat apaiz bizi omen ziren, eta han ibiltzen omen ziren beren biebrarioa, paseatzerakoan eskuartean izaten duten liburu txiki hori leitzen; horregatik izango dela diote batzuek.

Baina bada pasealeku bakarti hori, gazte denboran, beste zerbaiterako aprobetxatzen zuenik ere. Lehen, bikote gazteek bakarrik goxo-goxo egoteko eta euren kontu txikiak kontatzera joateko erabiltzen zuten lekuetako bat zen apaizen pasealekua...

Ezerezean. Baina urteak pasatu ahala gauzak asko aldatu dira. Gaur egun, lehen zeuden bi baserriak —Errekalde eta Errekaldetxo— lurrean bildutako egur eta harriak besterik ez dira. Apaiz bidera sartzeko, berriz, aldameneko tailerreko norbait izan behar da; pasatzea “kanpokoentzat debekatua” dagoela dio bi baserrien artean dagoen kartelak.

Denbora aurrera doa, eta garai batean apaiz bidean bekatuak egiteko ziren harrizko bankuetan, orain sasiek zizta egiten dute. Eta Izarraitz eder-ederra ikusten zen lekutik, kea eta enpresa handiak bakarrik ikus daitezke orain. Azken batean, gero eta apaiz gutxiago dago inguruetan, eta haien izena daraman bide bat gutxiago izango da laster.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak