Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 5,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2004 »  Urria »  Bi garai, herri bat

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Bi garai, herri bat

Kepa Urbieta

1980ko hamarkadan baziren bi jokalari azpeitiar Realean: Larrañaga eta Orbegozo. Orain beste bi: Aranburu eta Labaka. Uztarriak laurak bildu ditu

 
 
 

Beste behin ederki kendu dio baloia Labaka gazteak, eta Larrañagari eman dio jokoa lasaituz. Realak kontrolpean du partida eta erraz ari da jokatzen. Larrañagak Aranbururi, Aranburuk hegaletik igotzen ari den Orbegozori... Imajinatzen? Lau azpeitiar Realaren lehen taldean elkarrekin jokatzen. Bi baziren behintzat, eta bi badira. Eta hori gertatzeko batetik bestera 19 urteko itxaronaldia egon da.

Juan Antonio Larrañagak eta Tomas Orbegozok Realaren aldirik gozoenak ezagutu zituzten. Mikel Aranburuk eta Mikel Labakak aurretik denbora asko daukate. Garai ezberdinak dira bata zein bestea, eta ordu batez, taldekide moduan, futbolari gainbegiratua eman zioten. Zubietan bildu genituen. “Jubeniletan Donostian, Mundaizen entrenatzen ginen, eta gero hipodromoan” dio Orbegozok. “Guk ere hipodromoa ezagutu genuen —esan du Aranburuk—. Gero Zubietan hasi ginen baina hau ere ordutik asko aldatu da. Momentu hauetan Zubieta bezalako instalazio gutxi ikusten dira Espainiako Lehen Mailako beste kluben artean”. Larrañagak, berriz: “Egundoko aldaketa dago. Zubieta bera asko aldatu da, dena aldatu da. Baita Lehen Mailan ere. Gure futbola askoz lasaiagoa zen, hau [Orbegozo] ziztu bizian ibiltzen zen arren. Futbola bera ez da aldatu; batez ere, abiadura aldatu da”.

Horrela hasi ziren hizketan, aurrean Zubietako zelai berdea begiratzen zutela. Futbolari izatea ametsik ohikoena izango da munduan, eta baita bidean aurrera galtzen den azkarrenetakoa ere. Baina batzuek, agian onenek, zorte hori ezagutzen dute. “Futbolari izateko gogoa eduki behar da, eta ona izan”, Orbegozoren hitzetan. “Gaztetatik norberak zerbait izan behar du, txikitatik hasten da egiten, ez da kolpera sortzen den zerbait. Lagunak ere pixka bat baztertu egin behar dira”.

Lagunak. Futbolak eragin handia du gizartean, handiegia, baina nola bizi dute jokalariek? Zer eman die bizimodu horrek? Lagunarte berria izateak ekartzen duen poza ematen die, halaxe nabarmendu du Labakak. “Gauza asko ematen ditu: lagunartea, jende berria ezagutzeko aukera, ni neuk Murtzia ezagutzeko aukera izan dut... Azken batean, bizitzeko modu bat da. Bizi osorako lagunak egiten dira. Behin denboraldia hasitakoan izaten dira lagunekin baino gehiago taldekideekin egondako asteak”. Utzitakoan, ordea, bide berrietan barrena abiatzen da jokalari bakoitza, eta hor ere egiten dituzte benetako lagunak. “Betiko koadrila izaten da. Futbolean jende askorekin ibiltzen zara eta momentuan denak dituzu lagun baina utzitakoan bi edo hiru izaten dira. Besteak ezagunak dira. Ni Donostian bizi naiz eta harremanak mantentzen ditut Arconada, Gorriz eta Dadierekin”, dio Larrañagak. Orbegozok ere hark esana baieztatu du: “Guk zortea izan dugu; izan ere, beteranoek entrenamenduak egiten ditugu eta horrek harremanak mantentzea asko erraztu digu. Baina Larrañagak esan bezala, batzuk lagun eta beste batzuk ezagun izaten dira. Nik Zelaieta, Gorriz, Gajate eta hauekin mantentzen dut harremana; gaizki inorekin ez gara ematen, behintzat”. Gazteak izan eta oraindik futbolean dabiltzan arren, Aranburuk eta Labakak ere ezagutzen dute egoera. “Lagun batzuk bidean joan zaizkigu, bai kanpora joan direlako edo baita Lehenego Maila jokatzera iritsi ez direlako, eta bakarren batzurekin harreman ona mantentzen dugu; esaterako, Etxabe, Egurbide eta Sarriegirekin”.

Realak aspaldian eman duen pozik handienetakoa duela bi urte egindako denboraldi bikain hura izan da: bigarren postuan geratu zen eta jarraitzaileek ilusio handiz ospatu zuten, Liga ez irabazi izanaren pena ere hor izan arren; Aranburuk guztia talde barrutik ikusteko aukera izan zuen. Larrañagak, berriz, lehenengo postua zer den ezagutu du: bi Liga irabazi zituen (1980-1981 eta 1981-1982an). “Nik bigarrengoarekin gozatu nuen, lehenengoan azken hamar partidak jokatu nituelako eta bigarrengoan denak. Hona etorri eta jendeak nola ospatu zuen izan zen ederra. Ez zen izan Liga irabaztea bakarrik. Aurreko Liga nola bukatu zen kontuan izanda [azkenaurreko partidan, Sevillan], jendea sentimendu hura kanpora ateratzeko gogoz zegoen. Ez dut inoiz ikusi eta ez ikusiko horrelakorik”.

Garai hark bazuen zer ospatua ere, frankismoaren ondorengo egoera eta gatazka politikoa gogorra zelako, baita askorentzat itxaropentsua ere. “1980-1981-ekoak osagai guztiak zituen. Politikoki ere ez zen erraza Realak Liga irabaztea. Gainera, guk bi urtean lortu, eta segidan beste bitan Athleticek irabazi zuen”. Aranburuk ere ospakizunari jarri zion arreta. “Gu ian ibili ginen, eta ez dakigu berriro horrelako aukerarik izango dugun. Alde batetik, pena dut hain gertu ibili ginelako baina, bestetik, pozik nago jendea gustura zegoelako. Guk egindako zerbaitekin jendea horrela ikusteak izugarrizko poza ematen du, eta, gutxi gorabehera, Liga irabaztea zer izango litzatekeen jakiteko balio izan dit”.

Aukeratu beharra. Baina dena ez da poza eta ederra izaten futbolarientzat ere. Une latzak pasatu behar izaten dituzte jokalari batzuek. Erabakia hartu behar eta, agian, okerrekoa izango ote den beldur izango dira, etxetik urrutira joateak ez baitu erraza izan behar. “Lagunarte berria bilatzen da baina etxetik joatea tristea izaten da. Lagun multzoak egoten dira eta, integratzen ez bazara, zaila izaten da aurrera egitea. Nik, berriz, aukera izango banu, hemen geratuko nintzatekeen”, esan du Orbegozok Sporting Gijon taldera joan zen garaiak gogoratu dituenean. Labakak iaz ezagutu zuen zer den kanpoan egotea. “Esperientzia gogorra da. Murtzia Hirian jokatzeko aukera nuela ikusten nuen eta horregatik joan nintzen; bestela, garbi dut hemen geratuko nintzela. Klub berri bat tokatu zitzaidan, oso ezberdina, sortu berria. Hasi eta berehala, berriz, lesio bat izan nuen, gero entrenatzaile aldaketak... Gogorra izan zen, bakarrik eta etxetik urruti zaudelako. Uste dut berriz ere aukera izanez gero, ez nintzatekeela joango, baina joan izana ez zait damutzen. Ikasi egin dut”. Larrañagak eta Aranburuk ez omen dute inoiz kanpora joateko aukerarik izan, nahiz eta Larrañagak bere garaian “zerbait entzun”; baina, urteak pasatu diren arren, ez du esan nahi zer entzun zuen.

Une gogorrenetakoa, ordura arte gehien egin eta maite izan duten kirola uzteko garaia izaten da. Askori erabat aldatzen zaie bizitza. Baina beti gorde nahi izaten da lotura bat. “Guk ez dugu erabakitzen noiz utzi, besteek erabakitzen dute. Futbola gustatzen zaionak jarraitu egin nahi izaten du, bidali artean”, dio Orbegozok. Aranburuk arrazoia eman dio: “Orokorrean, bai. Gutxi izaten dira eurek erabakitzen dutenak noiz utzi; akaso, azken urtean asko jokatu eta gero...”. Larrañagak 1995ean bizitakoa kontatu du, orduan utzi baitzion jokalari izateari: “Normalean, badakizu uzteko denbora iristen ari zaizula baina beti nahi izaten duzu atzeratzea. Nik berandu utzi genuen, 35 urterekin. Halakoetan badakizu, segitzekotan, hurrengo denboraldia oparia izan litekeela”.

Oroitzapen ederrak gordetzeko parada ere izan dute. Orbegozok Espainiako Superkopan Real Madrii 4-1 irabazi zien hura du gogoan, baina Uztarriak Atotxan Diego Armando Maradona zaindu zuen hartaz galdetu dio. “Hura bera bakarrik zaintzen zen. Erdian jokatzen zuen eta aukera asko ematen zituen baloia kentzeko; izan ere, bakarrik jokatzen zuen. Behin izkin egin eta berriro izkin egitea nahi izaten zuen, eta gu ere ez ginen herrenak. Zaintzeko Maradona baino zailago zirenak baziren: Butragueño eta Hugo Sanchez, adibidez. Azken hori zen niretzako zailena; area ertzean jokatzen zuen eta postura guztietan jotzen baloia”.

Reala eta euskara. “Taldean gero eta jokalari atzerritar gutxiago egon, orduan eta hobeto, giroa hobea izaten delako eta jokatzeko aukera handiagoak ere bai. Denboraldi honetan euskaldun asko bildu dira, baina ez da erraza. Jokalarien postura bertakoekin jokatzea izaten da, baina beste gauza bat da talde bezala zer maila eman behar den eta non egon nahi den”. Larrañagak atzerritarren inguruan zuen iritzi horretaz baliatu ginen Reala eta euskara lotzeko aukerei buruz aritzeko. “Gu sartu ginenean bazeudean euskaldun batzuk, baina ez asko: Zelaieta, Alonso, Joxe Mari Bakero...”, dio Larrañagak. Baina gaur egun bestelakoa da egoera, eta poztekoa ere bai, euskarak hamaikakoan eta aldageletan lekua irabazi baitu Realean. Hala diote azpeitiar gazteek: “Hau da euskaraz gehien egiten den garaia, baita zelaian ere. Errusiarra [Valeri Karpin] ere harrituta dago zenbat jendek hitz egiten duen ikusita. Albertok eta De Paulak izan ezik —eta hauek ulertzen dute—, beste guztiok egiten dugu euskaraz. Gertatzen dena da askotan alboan ez dakien bat jarriz gero, errespetuz ez dugula egiten. Entrenatzaileek ere badakite, Lorenek izan ezik”.

Horixe futbolarien kronika. Iragana eta oraina une batzuez baturik. Aranburuk “desio” bat eskatzeko: “Futbola utzitakoan kirola egiten jarraitzeko aukera izatea da, lesio larririk izan gabe”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak