Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2004 »  Urria »  Unibertsitateko bizia

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

ikasketak

Unibertsitateko bizia

Ainitze Oruesagasti eta Ihintza Agirretxe

Unibertsitatean hasteko garaia izanik, gazte askok kanporako norabideak hartzen dituzte

Aritz Epelde
Aritz Epelde .  Aritz Epelde etxeko gelan orriei begiratu bat ematen. 
Olatz Gabilondo
Olatz Gabilondo.  Olatz autobusean. 
Maitane Loinaz
Maitane Loinaz.  Maitane -goian eskubitik laugarrena- lagunekin. 
Gaizka Zubizarreta
Gaizka Zubizarreta.  Gaizka gelan, non dagoen adierazten duela. 

Gazteak batxillergoko ikasketak bukatu eta hainbat aukera ditu bere aurrean. Alde batetik, goi-mailako ikasketak dauzka, eta, bestetik, unibertsitatea. Ikasteko batera jo, bestera jo, gazteek bizimodua aldatu behar izaten dute, kanpora joaten direlako. Batzuek astea pisuan pasatzen dute, beste batzuek eguneroko joan-etorria egiten dute autobusez. Badira, ordea, etxera opor garaian baino ez direnak itzultzen; bekez baliatuz, herrialdeak ezagutu eta euren ikasketak etxetik urruti egiten dituztenak dira horiek.

Datuak. Azpeitiko hiru ikastetxeetan batxilergoko ikasketetako hiru adar egin daitezke: natur eta osasun zientzietako adarra, giza eta gizarte zientzien adarra, eta adar teknologikoa. Iraurgin, Karmelo Etxegarain eta Ikasberrin 2003- 2004ko ikasturtean guztira 123 ikaslek bukatu zuten batxilergoa. Haietatik 75ek natur eta osasun zientzien adarra egin zuten, 33k giza eta gizarte zientziena eta 15ek teknologikoa.

Gero bakoitzak bere bidea hartzen du. Uztarriak lau azpeitiar gazterengana jo du, kanpoko esperientzia horretaz mintzatzeko.

Aritz Epelde. Ingenieritzako ikaslea Arrasaten

"Hasieran ez zen arraza izan elkarbizitzako trikimailuak topatzea"

Ikasketak. “Ingeneritza Industrialeko laugarren mailan hasi behar dut aurten; karrera hau bost urtekoa da. Aukeratzeko garaian, gaiak izan nituen kontuan; izan ere, gustuko nituen hemen ematen direnak. Karrera hau ez nuen gustukoena hasiera batean. Nik gustura ikasiko nuen Filosofia edo antzeko karreraren bat”.

Unibertsitatea. “Unibertsitate batzuk bisitatu nituen batxilergoko bigarren ikasturtean. Eta haien artean Arrasateko Unibertsitatea aukeratu nuen arrazoi ezberdinengatik. Alde batetik, bertakoek emandako azalpenak gustatu egin zitzaizkidan eta unibertsitateak berak ere izen ona du. Amak eta lagunek ere bertara joateko animatu ninduten”.

Pisuan. “Hasieran ez zen erraza izan elkarbizitzako trikimailuak topatzea. Ama faltan botatzen da eta, gainera, zu bezalako beste lau lagunekin bizitzen ohitu behar zara. Hasiera batean bizilagunen akatsekin asko fijatzen zara, baina denborarekin denera ohitu behar izaten da. Gu pisuan lau lagun gara eta guztiok koadrilakoak”.

Etxeko lanak. “Sukaldean lan gutxi egiten dugu. Prestatzen zailak diren janariak —potajea, berdurak...— amak etxean prestatuta ekartzen ditugu; horrela, nahi dugunean berotu eta jateko. Guk sukaldean haragia frijitu-eta horrelakoak baino ez ditugu egiten, baina lan zailik ez. Bestelako lanak egiteko, zaborra-eta nork jaitsiko duen noiz, jokoek erabakitzen dute. Ohea, berriz, ez dut egiten, baina desegin ere gutxi egiten dut. Lagunekin pisu batean bizitzeak duen desabantaila nagusia higienea da”.

Denbora librea. “Klaserik ez dugunean, unibertsitateko kirol ekintzetan parte hartzen dugu, edo Arrasaten dauden beste azpeitiarren pisuetara bisitara joaten gara, eguraldi ona egiten duenean Udana parkera... Beti asmatzen dugu zerbait”.

Olatz Gabilondo. Zuzenbideko ikaslea Donostian

“Nahiago dut bidaian 35 minutu pasatu autobusean eta etxera bueltatzea”

Ikasketak. “Zuzenbidea ikasten ari naiz, eta urrian laugarren maila hasiko dut. 14-15 urte nituenetik karrera hau egitea buruan izan dut, beti gustatu izan zaidalako jendearekin harremanetan egotea, irakurtzea, paper artean ibiltzea... eta hau letretako karrera izanik, horretarako aukera ematen dit. Legeek eta paperek erakartzen naute. Ikasketa hauek egiten hasteko ez zuten selektibitateko notarik eskatzen, eta horrek ere aldea egiten du, egia esan”.

Etxetik gertu. “Hasieratik garbi izan nuen Zuzenbidea egingo nuela eta Donostian. Niretzat etxetik gertu izateak ere bere garrantzia du. Gainera, autobuseko ordutegiak ere nire ordutegiarekin bat datoz eta ez dut, beraz, Donostian pisu batean egon behar hori ikusten. Horretaz gain, askotan pisua Donostian izanda ere autobusa hartu behar izaten da. Nahiago dut bidaian 35 minutu pasatu autobusean eta etxera bueltatzea.”

Autobuseko gorabeherak. “Autobusak desabantaila asko ditu. Garaiz ibili ezean, alde egiten du eta horrek zenbait klase galtzea suposatzen du. Autobusaren zain ere egon egin behar da, jende asko joaten da... Baina dena ez da txarra eta denbora hori ere aprobetxa daiteke, apunteak irakurri ariketak egiteko, musika entzun... Neguan elurra egiten duenean autobusa aitzakia ona da klasera ez joateko”.

Maite Loinaz. Itzulpengintzako ikaslea Granadan (Espainia)

“Hasiera oso gogorra izan zen, bakarrik iritsi nintzelako”

Ikasketak. “Batxilergo bigarren mailako ikasketak bukatu ondoren, herritik irteteko gogoa nuen, eta hasieran beste lagun bat eta biok animatu ginen Granadara (Espainia) etortzeko. Gainera, bertan karrera bera egin zuen beste azpeitiar batekin hitz egin genuen eta hark ere animatu gintuen. Azkenean, ordea, beste lagunak ezin izan zuen etorri eta neu bakarrik abiatu behar izan nuen. Itzulpengintzako laugarren maila egiten ari naiz. Hau azken ikasturtea izango da dena ongi badoa, eta ikasketak bukatu ondoren ez dakit seguru oraindik behintzat zer egingo dudan”.

Hasiera. “Hasiera oso gogorra izan zen, bakarrik iritsi nintzelako, inor ezagutzen ez nuelako eta, gainera, hizkuntzarekin ere arazo larriak izan nituen hasiera batean. Izan ere, beraiek bertakotzat hartzen zaituzte eta zu ezin zara moldatu haien hizkuntzara. Lagunak eta familia mila kilometrora dituzula jakiteak ere ez du laguntzen. Granada beste mundu bat da: beste kultura bat, beste ohitura batzuk... Dena da ezberdina. Baina bertakoak oso irekiak dira eta horrek ere asko lagundu zidan hasieran. Gero konturatzen zara hori beraien maskara bat besterik ez dela, baina hasieran eskertzen da jendea irekia izatea”.

Bekak. “Bigarren urtean Pauen (Frantzian) izan nintzen ikasketak egiten, Erasmus bekarekin. Niretzat hura etxean egotea bezala izan zen eta Granadako beste bi urteak Erasmusekin kanpoan egotea bezala. Pauen nengoela etxea gertu nuen eta nahi nuenean joan nintekeen. Granadatik, berriz, kilometro asko daude”.

Granadarrak. “Granadara iritsi eta harritu ninduena, bertako jendea izan zen, eta gero, gainera, neu han tartean sentitzea. Gainera, eguneko zati handi bat kalean egiten dute, parkean... Ez da Azpeitian-eta bezala, ez dago tabernetan egoteko ohiturarik. Granada, bestela, oso hiri interesgarria da. Ikasketak egitera Europatik jende asko etortzen da, eta horretaz gain, Ipar Afrikako jende ugari bizi da. Horrela, beraz, izugarrizko ohitura eta kultura nahasketa dago hiri honetan”.

Gaizka Zubizarreta. Psikopedagogiako ikaslea Sevillan (Espainia)

“Sevillan jendea oso lasai bizi da eta uste baino hobeto moldatu naiz”

Ikasketak. “Iazko ikasturtean Magisteritzako lehen hezkuntza bukatu nuen, eta aurten psikopedagogia hasiko dut Sevillako Unibertsitate publikoan. Iaz Sicue Seneca beka baten bidez joan nintzen Sevillara ikasketak bukatzera, eta oso gustura ibili nintzenez, bertan beste bi urterako planak behintzat egin ditut”.

Hasiera. “Nik uste baino hobeto moldatu nintzen hasieran. Beldur pixka bat banuen nik Sevillako jendeagatik eta bertakoek euskaldunengatik izan ditzaketen aurreiritziengatik. Baina esperientzia oso bestelakoa izan da. Izan ere, bertako jendeak euskal kultura eta hizkuntzarekiko interesa daukatela era-kutsi didate”.

Pisua. “Oso ondo moldatzen naiz pisukideekin. Lagun handiak egin gara eta Azpeitian ere izan dira oporretan nirekin. Iaz etxejabearekin arazo txiki batzuk izan genituen eta, hori dela eta, aurtengo ikasturterako pisuz aldatu gara”.

Ohiturak. “Gehien ordutegira ohitzea kostatu zitzaidan. Sevillan, Azpeitian aldean bizitzea lasaiago hartzen dute. Ni Azpeitian goiz afaltzera ohitua nengoen, baina Sevillan batzutan gaueko hamarretan kalean tapak jaten egoten gara. Bertako jendeak bizitzaren filososia berezia du, esaten dute bizitza bi egun direla: bata festarako eta bestea ere bai. Garbi dago: sevillar gehienak oso lasai bizi dira”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak