Eta beste
Apaiz eskasia
Kepa Susperregi
Bada aldaketa parrokian titulua zuen Imanol Eliasek uztaileko zenbakirako idatzitako artikuluak. XVIII. mendearen azken laurdenean bildutako datuak aipatzen zituen bertan. Garai hartan, oker ez banago, Parrokia inguruan 18 lagun bizi ziren herriaren zerbitzura. Eta gaur egungo egoera gogoan harturik honela dio amaiera aldera: “Urteak igaro dira eta bai gauzak aldatu ere, nahiz eta biztanleriak gora egin”.
Antzeko datuak jaso nituen nik duela 6 urte inguru, Lazkaoko Beneditarren etxean, bilera baten ondoren. 1929. urteko Elizbarrutiko aldizkarian irakurri genuenez, 13 apaizek osatzen zuten Parrokiako Apaiz taldea, herriko elkarte erlijiosen zerbitzura beste 7 apaiz ari ziren lanean.
Gure artean azken 30-35 urte hauetan nabarmendu den aldaketa hau ez da hemen bakarrik gertatu. Gure begirada zabalduko bagenu, antzeko egoerekin egingo genuke topo Gipuzkoan, Euskal Herriko Eliz-barrutietan, Europa osoan.
Aldatu egin dira gauzak, gogoeta gai bihurtzeraino. Gogoan hartu zuten gai hau duela 13 urte, apaizgintzarako bokazioen murriztea zela eta, garai hartan Hego Euskal Herriko Elizbarrutietan Gotzain zirenek, elkarturik idatzi zuten Elizbarrutiko apaizak: premia larria izenburua zuen idazkian.
Gogoeta gai ez ezik, etorkizunerako erronka ere bihurtu zaigu hau. Izan ere, azken urteetako joera mantentzen bada, harritzekoa litzateke kontrakoa gertatzea, oraindik gehiago urrituko da hurrengo urteetan, gure artean, apaizen kopurua. Elkarren artean gertu dauden parrokien arteko elkarlana bideratu beharko dugu; laikoen ardura-kidetzari bideak zabaldu beharko dizkiogu... Gipuzkoako hainbat lekutan hasi dira dagoeneko zenbait urrats egiten. Guk ere gertu behar dugu.
|