Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 30,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2004 »  Urria »  Iritzia »  Lortuko dugu

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Heu

Lortuko dugu

Aitor Aranguren

Ez dago dudarik, planeta berotzen ari da... eta azkarregi. Horrela dio National Geographic-ek iraileko zenbakian, eta biziki gomendatzen dizuet honen irakurketa. 1997an klima aldaketari aurre egin nahian sortu zen nazioarte mailan Kyotoko protokoloa. Helburua berotegi-efektua eragiten duten gasen isurketak murriztea da. Gas horien isurketak (gehienbat CO2) planetako tenperaturaren handitzea dakar, eta adituen iritziz, ondorio larriak ditu, besteak beste, glaziarren atzerakada, itsas mailaren gorakada... 2020. urtean duela hamar urte baino %50 berotegi gas gehiago isuriko da atmosferara, eta egungo adibideak ipintzearren, Artikoan izotza orain hogei urte baino %40 gutxiago da, urtean %3 urtzen da. Kanada eta Groenlandia arteko itsas pasabidea urte osoan izoztuta egoten zen lehen, orain libre geratzen da udan.

Berotegi-efektua eragiten duten gasak sektore hauek isurtzen dituzte EAEn: energia (%33), garraioa (%25) eta industria (%22). 1990etik 2002raino, industriaren isurtzeak murriztu egin dira (%29), baina garraioarenak eta energiarenak nabarmen hazi (%77 eta %104).

Poloetako izotza eta glaziarrak urtu eta itsasoen mailak gora egiten dutenean, itsas ertzeko herriak ur azpian desagertzeko arriskuan egongo dira; Donostia, kasu. Garai batean Azpeitia Gipuzkoako hiriburua izan zela? Eta izan daiteke oraindik! Bizkor dezagun klima aldaketa energia gehiago kontsumituz, industria kutsagarrienak herrian kokatuz eta handik hona errepideak eginez auto gehiago eta zilindrada handiagokoak eros ditzagun (azpeitiarrok honetaz zertxobait badakigu) eta kasurik ez egin oinez edo bizikletaz ibiltzeko gomendio atzerakoi horiei.

Hasi gaitezen lanean. Donostia ur azpian desagertutakoan, Azpeitia berriro Gipuzkoako hiriburu. Lortuko dugu.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak