Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 4,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2004 »  Urria »  Iritzia »  Japoniarren kezka konpartitua

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Libre

Japoniarren kezka konpartituak

Koldo Aldalur

Gurean da aurtengoan ere Hiromi japoniarra. Japoniar totala. Filologoa da eta hizkuntzak han eta hemen ikasi eta ezagutu eta gero, haiek maitatzera heldu ohi da. Hori gertatu zaio behintzat euskerarekin.

Hiromik Tokion izan zuen lehendabiziko aldiz euskararen berri Susuko Tamura andereńoaren eskutik. Hura ere Azpeitian ibilia zen eta gure hizkuntza ikasteko harra barru-barruraino sartu zion. Gero, Lazkao eta Hondarribiko barnetegietan egonaldi luzeak egin ostean, gurera azaldu zen eta harrezkero hemen dabil denona eta inorena ez den kupeletik edaten. Eta horretantxe da artista gure Hiromi. Ez edaten, baizik eta ondoan duenari zukua ateratzen. Laster igerriko dio, ikusi orduko, Ataunen sortu arren erabat azpeitiartuta dugun albaiteroari milaka istorio dituela kontatzeko eta aparteko trebezia mila eratan kontatzeko. Berehala antzemango dio Erdi kaleko dendariari adarra jotzeko eguna duen edo Realak galdu duelako serioago ote dabilen. Kolpetik itxura hartuko dio azokara hurbilduta ekarritako gehiena saldu ondoren ea baserritarrak berriketarako gogorik baduen ala ez.

Horretantxe da artista gure Hiromi. Berriketa non, bera, erne eta puntual, han.

Euskara. Eta hainbesteko komunikazio beharra duenez, euskararen langa zeharkatzen ahalegin ikaragarria egiten du. Aditzen paradigman “entzun diezaioket” ikasi eta gero, “entzun ahal diot” ikasi zuen, eta “entzuterik badut” geroago eta “aituko diot berak nahi badu”-rekin dabil orain eguneroko borrokan.

Euskararen paradisuan, ordea, dena ez da maxmaxa. Azpeitiko ikastola, eskola publiko eta erlijiosoetan gure seme-alabek ahotan darabilten hizkuntza mailak edonor kezkatu beharko luke. Hiromi behintzat, bai.

— Ainhoa, pasaiek koadernue.

— Eon ai ixilik Miren, atzo eman ez nian ba.

— Nei berdin zik. Nahi dekana ein zak.

Hiromiri bi belarriak sutan eta anima lurrean geratzen zaizkio horrelakoak entzunda. Kanpotik etorri ohi da urtean behin gure herrira eta honek Arauntzatik begiratzeak ematen duen ikuspegia ematen dio. Uste dut ‘perspektiba’ esaten zaiola. Aurreko belaunaldietakoak ikusten gaitu, geure traketsean, lagunei eta seme-alabei hika hitz egiten eta zoragarria iruditzen zaio. “Munduan den hizkuntza bakarra da generoa horrela bereizten duena”, dio. Paregabeko altxorra eta ez dakigu trasmititzen. Matxismoaren ereduak errepikatzen dituzte irudi liberal bezain freskoa duten kezkatxoek. Eta mutilek.

Desagertzeko arriskuan. Eta martxa honetan hil egingo zaigu, zergatiak ezagutu aurretik. Gazteek beste mila gauza darabilzkitelako buruan trabaz beteriko gizarte inkomunikatu honetan, gurasook kontzientziarik ez dugulako horrelako gauzetarako, geure ezjakintasunean eta harrokerian itota, “Azpeitiyen euskerak ez dik kuidorik” esaten dugu lasai. Ikastetxeetako arduradunek gure hizkuntza eta kultura zaintzea baino gauza garrantzitsuagoak zientoka dituztelako eta, besteak beste, gure diruak gobernatzen dituztenek ‘arduradun’ hitzaren berezko zentzua aspaldi ahaztu dutelako. Hurrengo hauteskundeak hurbildu arte, behintzat.

Eta horrela, Xabier Leteren ahotik entzun genuen moduan, “burdin okerra zuzen lezakeen doktrinarikan ez dut nik” botako dugu, eta, kontzientzia bareturik, Hiromirekin pare bat pote hartzera joango gara Erdi kalera. Pare bat edo dozena eta erdi, ikusiko dugu.

Eta horrela, datorren hilabeteko Uztarria hartzen dugunerako gure japoniarra Tokion izango da, han dituen bi ikasgeletako euskara ikasleei gure generoaren berezitasunak irakasten. Neskentzat badela mutilentzat ez den tratamendua, eta altxor hori duen hizkuntza bakarra euskaldunok dugula. Geu konturatzen ez bagara ere.

Ikastetxeetatik buelta txiki bat egiteko asmoa badut, ea gai honetaz zer plan duten jakiteko asmoz. Kontatuko dizkizuet erantzunak hurrengoan. Erantzunik bada.

Ah! Eta Hiromi kalean ikusten baduzue, ez esan berari buruz idatzi dudala, ikaragarri lotsatia da eta. Japoniar totala.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak