Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 4,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2004 »  Urria »  Iritzia »  Aupa hi!

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Enbido

Aupa hi!

Alaitz Olaizola

Aupa hi! Zer zioten urruneko sentimenduek aspaldiko partez? Nola ikusten gaitun? Berdin? Aldatuak? Zer usain dugu, edo, akaso, kiratsa da?

Ezin dinat objetibotasunez ikusi, zera horren partaide izanda. Hik argiago ikusiko dun, akaso. Bazekinat zer esango dunan. Ukitu batekin erortzen den kartazko dorrearen moduan bizi garela. Horri, 'fragilidad’ esaten omen zaion. Ez zekinat.

Ba! Kontzientziaren roiloak ditun, gaurko gaizki eginaren biharko buelta. Eta zer nahi dun ba esatea? Aguantatu egin behar biziko bagara!

Gurean, udak eman din berea. Azken ostikoak ematen ari dun eta udazkena gainean dela diote Loiolan lurrera erortzen hasiak diren hosto lehorrek. Hauek, umetan gehiago maite nizkinenan. Orain, lana baino ez zidaten ematen. Umetan, jolaserako zitunan, orain, eguna joan eta etorri, jasotzeko baino ez. Milaka izango ditinagu laster. Horri, ‘trabajo’ esaten omen zaio.

Udan izan ez ditudan oporrak ematen bazizkidan udazkenak…

Ez al dun uste mereziak ditudala? Ez ezan adarrik jo! Baietz ba, ni ere nekatu egiten naun, hi!

Gainera, badakin nolakoa den herria. Festak pasatu eta hilda geratzen dun! Bazeukan gauza on bat: kotxea aparkatzea errazagoa dun. A zer abantaila, batez ere niretzat, kotxerik ez dinat eta!

Kotxea aipatu dinat. Duela urtebete esan ninenan kotxerik gabeko eguna ospatzen zela; orain, berriro, kanpaina horretan gaitun. Egia esango dinat intimitatean: ez dun ezer aldatu. Duela gutxi Landetako gabezien berri eman ninenan. Espaloi berria egin diten, eta badakin? Orain kotxeak aparkatzen dizkinate bertan. Kuriosoa, ezta? Ez, ez haiz konturatu, ez haiz bertatik pasatzen eta.

Akordatzen al haiz joan den urtean nola kendu ziguten Bilborako Pesa autobusa? Pentsa ezan pixka bat, hi ere bertan ibili haiz eta. Makina bat gerra eman ninenan kontu hori zela eta. Aurten, abuztuko ordutegia zela eta, Donostira joaten ibili gaitun, Bilbora joateko. Pentsa ezan nolako amorrua, Zarauzko bidesaritik bitan pasatu, helburutik urrundu aurrena, gero denbora eta diru gehiago inbertitu, halako batean helburura iristeko. Ahaleginak onak ditun, baina barru-barruan ea zertarako balio duten galdetzen zionat neure buruari. Horri, ‘desastre’ esaten omen zaion.

Harrituta. Bene-benetan esaten dinat, Azpeitiko jendeak, modu atseginean harritzen nain. Kalean lan egiteak baditin desabantailak, eguraldia esaterako. Baina gurean, jendeak, agurtu egiten hau. “Aio”, “eguraldi ederra gaur”..., ezagutu edo ez. Grazia egiten zidan eta, aldiz, sekulako gustua ematen zidan. Horri, ‘autoestima’ esaten omen zaion. Duela gutxi, gure amak hala esan zinenan: “Zaharrek hitz egiteko gogoa diten, hitz egitera hurbiltzen ditun. Gazte jendea ez”. Eta egia dun. Bai jauna, zahar jende majoa zagon herrian. Hi, bale. Zaharra esan dinat, inongo deskalifikaziorik gabe, hi! Hik ulertzen didan... Herri nortasuna diten hauek, guk ez hainbeste. Nolakoak izango gara gu, zahartzean? Gaurkoak bezalakoak ez, seguru. Lastima, ez uste? Horri, ‘soledad’.

Ez haserretu kakotx arteko hitzak erabiltzen ari naizelako. Hitz potoloak ditun, unibertsalak. Behin batek kontatu zidan halako pasarte bat. Gizon batek besteari lapurra deitu zionan. Honek, haserre, epailearen aurrera eraman eta epaileak esan:

– Zer dela-eta deitu diozu lapurra?

– Hala delako.

– Zuk ez al dakizu, horrela izanda ere, hitz hori inori esatea oso zatarra dela?

– Erabili ezean, zertarako dago bada hitz hori?

Horri, ‘humor’ esaten omen zaion.

Gurea herria, herria gurea. “Hesirik gabeko baratzea, guztiona”. Horregatik esan ninenan, objetibotasunez ezin begiratu. Eta nik ere, hesirik gabeko herria nahiago.

Hala dun, mila hitz. Mila hitz egingo ditinagu ahal bada beste urtebetez. Izango dun nire berri hilero, nahi badun behintzat. Bitartean, ongi bizi!

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak