|
|
|
Hiruko txikian
Azpeitia nongo hiriburu?
Iban Arregi
1- Gipuzkoako hiriburu izaten segitzen dugula esan omen zuen Azpeitiko zinegotzi batek Donostian. Baina Azpeititik gazteak alboko herrietara doaz, etxebizitzak merkeago dauzkatelako; tailerrak alboko herrietara daramatzagu, industria lur hobeak eta merkeagoak dituztelako; kultur-azpiegiturarik ez, parte zaharra abandonatuta... Gainera, hiri egoki batek, R. Rogers arkitektuaren arabera, “garraio publikoa eta bizikleta oinarri” izango duen “garraio politika integrala” behar du...
2- Ondo hausnartu eta politika egin behar du instituzio batek. Diskurtsoa bai, baina neurri politikoak ere bai. Aurten, beste behin, autorik gabeko egunak antolatu dizkigu Azpeitiko Udalak. Diskurtsoa badugu, eta hausnarketa ere bai igual, baina neurri politikorik ez oraingoz, “garraio politika integralik” ez. Azkoitian bidegorrien sarearekin inauguratu zuten mugikortasunaren astea. Hemen, ekimen sinboliko batekin, Aratz-Errekara egindako bizikleta irteerarekin. Atzetik orain ere?
3- Dena dela, Azpeitia ere ari da hiritartzen, ari da mestizatzen; gero eta etorkin gehiago badaude behintzat. Hori berez ona da herriarentzat. Baina azpeitiarrok (ere) ez dugu erronka makala eskuartean: datozenen integrazioa, zentzurik zabalenean; kultur aniztasuna errespetatuz, baina, batik bat, gure identitatea errespetatuz. Eta bai, gure esku ere badago hori. Beste herri batzuetan bezala, Azpeitian (ere) ondo hausnartutako politika bereziak beharko ditugu. Baina lekutan gaude...
|