Hi heu!
"Euskal Herritik ez dinat iteten"
Ihintza Agirretxe
Beatriz Mendizabalek hiru urte daramatza bere taxian herriko jendea alde batera eta bestera eramaten.
Nolatan haiz taxista?
Taberna bat ginenan eta hura itxi ondoren kamioiko eta autobuseko karnetak atera nizkinenan eta hauetako batean lanean hastea pentsatzen ninenan. Baina jakin ninenan taxista batek bere lekua utzi egingo zuela, eta harekin akordio batera iritsi eta kotxea eta geltokia erosi nizkionan.
Kamioiko eta autobuseko karnetak, nolatan?
Txiki-txikitatik gustatu izan zaidan txofer egitea, eta kamioia eta autobusa gustatu izan zaizkidan.
Normalean nora eramaten dun jendea?
Normalean Euskal Herritik oso gutxi irteten dinat, baina tokatu izan
zaidan hori ere. Gehienbat hementxe herri inguruan eta aireportuetara egiten ditinat bidaia gehienak; Miarritzera, Bilbora, Hondarribira...
Nolako jendea ibiltzen dun?
Denetatik; enpresa inguruko jende asko, eta geltokian edonolako jendea ibiltzen dun.
Orain festak zetozen. Lan asko izaten al da?
Bai, saninazioetan-eta gauez lan asko izaten dun. Nik normalean gauez, saninazioetan baino ez dinat egiten. Gazte jendea ibiltzen dun egun horietan, eta gauean hasi eta goizeko hamarrak aldera arte egiten dinagu lan.
Izango dun pasadizorik.
Egia esan, ez zaizkidan gauza bitxi asko gertatu. Gogoratzen dinat lanean egin nituen lehen saninazioetan mutil batzuk Zumarragara eramatea tokatu zitzaidala. Haietako bat bide osoan lata ematen ari zunan; “joe, emakume batekin!...”. Azkenean, nazkatu eta bide erdian esan nionan nahi bazuen hantxe utziko nuela.
|