Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 9,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2004 »  Abuzutua »  Mende bat oroitzapen

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Mende bat oroitzapen

Oihana Elduaien eta Kepa Urbieta

Iñaki Goenaga 'Sistiya' Loiolan, Ormaetxe baserrian jaioa da; 99 urte ditu eta hamaika pasadizo

 
Familian
Familian.  Ormaetxe baserria. 
Iñaki bere anai-arrebekin baserri aurrean. 
Emaztearekin eta haurrekin. 
Iñaki Goenaga bere seme Luisekin, 1956a. urtean, Ormaetxe baserri ondoan jarritako kantinan lanean ari da. 
Iñaki-eskuinean- bere anaia apaiza Joxerekin ageri da, 1934. urtean ateratako argazkian. 

Istorio guztiak bazen behin gizon bat... esanez hasten dira, eta oraingo honetan ere antzera hasi behar. Bada gizon bat, gizon txikia bezain handia, historia egin duena eta mila istorio dituena kontatzeko. Pasadizoen bila abiatu ginen eta 100 urteko denboran zehar ibilaldi bat egiteko aukera izan genuen, larunbat goiz batez. Iñaki Goenaga Sistiya Ormaetxe baserrian jaio zen duela 99 urte, eta sei anai-arreben artean bigarrena da.

Bizitza osoan munduan gehien maite duena berarekin eraman izan du: euskara. Gaztetatik Lauaxeta, Zaitegi, Ibiñagabeitia, Orixe... Euskal Herrian handiak izan diren giza-semeen inguruan ibilia da. Euskara bihotzean eta paperean ibili ditu Sistiyak, gazteleraz hitz egiteko jazarpen guztien gainetik. Beti legeari desafio eginez ezkutuan edonori laguntzeko eta on egiteko prest agertu izan da. Egunkarietan idatzi zuen, gerra kronikak frontetik, liburu bat itzulia du alemaniatik euskarara (Wilhelm Tell,Yakintza, 1934.1935), eta beste mila lan...

Herritik kanpo. Azpeitiarra bada ere, herritik kanpo egin ditu urte gehienak. Eibarren, Irunen, Venezuelan, Argentinan... Preso hartu zuten Santoñan (Espainia) italiarrek eta Lizarrako, Iruñeko eta Urduñako kartzeletan egona da. Orain berriro jaioterrian da. Uztarriak ohorezko bazkide egin zuen ekainaren 19an.

Pasadizoak jasotzeko Hendaian egin genuen hitzordua, han oporraldi txikia pasatzen ari dela eta. Hara bidean historiara pasatuko ez den guardia zibilen kontrol bat pasatu eta 20 minutuko atzerapenarekin hartu gintuen; Euskaldunak... kanta zaharrez hartu ere. Hiru orduz goiz eder bat eskaini zigun. Berak esana da: ?Kontu asko ditut nik, kontatzeko modukoak eta kontatu ezin direnak?. Oroimena behintzat, ederra du. Eta jarioa, mundiala.

1- Ikastetxeetan barrena euskararekin.

"Olazko Ama Birjinaren ermitatxoan ikasi genuen, hura genuen guk eskola umetan. Elizan kantatzen genituen salbeak. Nik ahots ona nuen. Irakasleak, ordea, erdaldunak genituen, hor behekoak, andaluziarrak. Baina benetako gure irakasleak aita eta ama izan genituen. Ormaetxe baserrian jaiotakoa naiz, Izarraitzpean. Gure habia hura izan da. Han irakatsi didate niri euskara eta ondoren nik nire seme-alabei irakatsi diet. Euskara maite dut gehien. Maristetan ere egon nintzen. Garai batean, orain Aitonena dagoen lekuan zegoen maristen eskola. Irakasle bati Okotz deitzen genion, kokotsa handia zuen eta. Ipurdikoak ematen zizkigun hark euskaraz egiteagatik. Baina zer egin behar genuen ba, euskara bakarrik bagenekien! Inor ez zitzaigun etorri erdara erakustera. Piper asko egiten genuen handik. Frontoira joaten ginen pilotan egitera; Damian, gerora inprenta aterako zuen Martinez, nire anaietako bat ere bai... Loiolan ere bazen eskola bat, Garate Anaiaren etxearen aurrean. Nobizioak egoten ziren orduan eta leku ezberdinetako jendea zegoen. 10 lagun handi bildu ginen bertan: Lauaxeta, Argarate, Ibiñagabeitia... Euskarazko akademia atera genuen, han ere erdaraz egiten baitzen beti, edo grekoz edo latinez. Oraindik gogoratzen naiz..." (eta grekoz hitz egiten hasi zen).

2- Orixerekin ikasi izanaren ohorea.

"Gaztelera Orixerekin ikasi genuen asko. Oso euskalduna zen hura, baina hark irakatsi zigun. Itzultzaile eta euskaragilea zen. Mireio liburua itzuli zuen. Probentzako idazle batek idatzitakoa da, bere hizkuntzan. Mireia izena du liburuak. Orixek itzuli eta Mireio jarri zion izena. Zoragarria da liburua, oso euskara ederrean egina, purua eta jatorra. Hiru aldiz irakurria dut. Orixe izan da eta izango da niretzako idazlerik onena".

3- Caracasko batzokian euskaldunei laguntzen.

"Ni, soldadutzara ez joateagatik Ameriketara joan nintzen. Espainiara soldadu joan edo Ameriketara ala Txinara, horiek nituen aukeran. Pentsatu ere egin gabe Venezuelara joatea erabaki nuen. Caracasko San Inazio kolegiora bidali ninduten. Han, batzokian egoten ginen, eta hemendik joaten zirenak kolokatzen genituen, lanean. Jai Alaiko pilotariak ere baziren han, eta haiekin amistadea egin nuen. Haiek ere euskaraz hitz egiten zuten, eta arratsaltan pasiora joaten ginen, Petal herrira. Petalen okindegi bat zegoen eta hango gizona asko ezagutzen genuen. Gaiztoa zen, ordea. Hark Europara zetorrela esan zigun behin. Orduan gauza handia zen Europara etortzea. Durangora etorri zen. Hark geroago kontatu zigunez, Durangon hiru neska ezagutu zituen, eta haiei Venezuelara joateko lana eta etxea eskaini zizkion. Hala, haietako bat konbentzitu zuen, eta bere etxera eraman zuen. Neskak segituan antzeman zion hura ez zela bere erakoa. Neska famili onekoa zen, garbia. Bide horretan sartu zuen. Neskak egun batean euskaraz hitz egiten entzun gintuen, eta guregana etorri zen, negarrez. Zer gertatzen zitzaion galdetu genion, eta Durangokoa zela, eta historia kontatu zigun; ez zegoen gustora han. Denon artean transatlantikoko txartela atera genion, eta Durangora bidali genuen. Ez genuen haren berri gehiagorik jakin".

4- Olazko monjen komentua EAJk konfiskatua.

"Olazko monjak ere gure kontrario amorratuak ziren. Andaluzak ziren gehienak. Gu gaztetan monagillo egon ginen komentu hartan. Han, komunistek koartela ipini nahi zutela jakin genuen, gerra garaian, baina guk ez genien utzi. Komentu sarreran Confiscado por el Partido Nacionalista Vasco kartela jarri genuen, eta atean gudariak. Zumarragako Argarateren anaiari esan nion monjak zaintzera joango al zen, fusilarekin atean jarrita. Komunistak etorri ziren, baina kartela ikusi zutenean alde egin behar izan zuten. Gero, monja haiek izan ziren guregatik gaizki-esaka jardun zutenak. Gu benetako euskaldunak ginen. Ez genuen inor hil nahi, lagundu baino ez genuen egin nahi, eta halaxe egin genuen ahal genuen guztietan, baita gerra garaian ere".

5- Zazpi eta erdiko kainoi hura...

"Gerra denboran Loiolan egon ginen. Jesuitak bidaliak izan ziren ordurako Frantziara eta Belgikara. Azpeitiko Etxaniz abadea zegoen Loiolaren arduradun. Hark agintzen zuen; meza nagusia noiz izango zen erabakitzen zuen... eta gudari bat hiltzen zigutenean gu joaten ginen kantura. Gazte asko geunden gerragatik han bilduta baina ez geneukan armarik. Guardia zibilen koartel zaharretik hartutako fusil zaharrak besterik ez; bi tiro bota eta kainoiak gorri-gorri jartzen zitzaizkienak. Baina bagenuen 7 1/2ko kainoi txiki bat eta hura hartuta Mandubi gainera joaten ginen. Beasain aldera begira jarri eta tiro batzuk botatzen genituen; horrela, besteek armak geneuzkala pentsatzen zuten... Handik Orioko mendietara joaten ginen eta han ere gauza bera egiten genuen guk, baina Igeldo aldera oraingoan, han erreketeak zeuden eta. Arratsaldean berriro kainoia hartu eta Loiolara itzultzen ginen. Beldurtu egiten ziren Azpeitira etortzen, armak geneuzkala pentsatzen zutelako. Etorri izan balira tiro bat bota gabe hartuko zuten bailara guztia, eta Elgoibarreraino joan beharko genuen".

6- Ihes egin behar Elgoibar aldera.

"Halako batean, indar handiz etorri ziren, eta Elgoibarrera joan behar izan genuen geneukan guztia utzita. Gasolina bidoiak ezkutatu genituen lur azpian; hain zuzen, San Inazioren estatua dagoen lekutik Hotel Loiolara bitartean. Elgoibarrera heldu ginenean, Lezo zelako batek armak ekarri zituen. Haiekin egin genien aurre, gogor, eta ziren handik pasatu. Arrate inguruko mendietan ibili ginen. Komunistak eta sozialistak zaintzen ez ginen batere fidatzen. Traizioak egiten zizkiguten. Ez zuten guk sentitzen genuena sentitzen. Guk gure herria defenditzen genuen, gure etxea. Haiek, batetik eta bestetik, aitzakia ugari ateratzen zuten".

7- Asturiarrak eta abadeen heriotzak.

"Behin asturiarrak etorri zitzaizkigun Euskal Herrira laguntza eske, han Oviedo eraso zutelako. Gu ondo osatuta geunden, gure jantziekin eta fusilekin; batailoia ginen. Hala joan ginen Oviedora eta bertakoek errusiarrak ginela pentsatu zuten; izan ere, guk euskaraz egiten genuen eta diziplina handia genuen. Beste batean, trukean, eurak etorri ziren guri laguntzera baina hori itxura! Eskaleak ematen zuten. Guk gure kapilauak geneuzkan eta sotanarekin ibiltzen ziren; baita abadeak ere. Asturiarrek hauek ikustean, aiba, curas! oihukatu eta bi edo hiru hil zituzten. Gu segituan bildu, eta epaiketa, sumarisimo egin genien. Kapitainak nor izan zen galdetu eta bertan hil zituen, *aquí no se mata a nadie* esanez...

8- Euskarako testuak beste aldera pasatzen.

"Itxarkundia batailoia Hondarribian zegoela norbait nire bila zebilela esan zidaten. Aita Olabide zen (besteak beste, Kempis eta *Giza-soña idatzi zituen), gaztetan gure irakaslea izandakoa. Liburu bat egina zuela eta ibaiaren beste aldera pasatu nahi zuela esan zidan. Beste aldean baten bat zain egongo zela zioen. Liburu bat argitaratu nahi zuen, eta horretarako folio sorta hori beste aldera pasatu behar zuen. Orduan italiarren menpe geuden. Halako batean topatu nuen gizon bat, eta hura egingo ote zidan eskatu nion. Oso zaila zela esan zidan, ezetz. Nik konbentzitzeko lagunak ez al gara ba?* eta horrelako batzuk esan nizkion, elkarri lagundu behar geniola... Azkenean konbetzitu egin nuen, eta halaxe pasatu zuen".

9- Kongresu antifaxistan euskaraz.

"Ni Txarkundiako batailoian nengoela, eskutitz bat iritsi zitzaidan, Bilbora joateko esanez. Handik Donibane Lohizunera joan ginen, eta handik Parisera, kongresu antifaxistara. Ni fronteko gudarien ordezkari gisa joan nintzen. Han geundela euskaraz hitz egiten ote nuen galdetu zidaten, eta, jakina, nik baietz. Gerrako gudarien bezala arenga bat botako ote nien eskatu zidaten, euskaraz. Halaxe egin nuen, inork ez zidan ezer ulertu, baina oso tentuz entzun zidaten! Baita txalo pila ederra jo ere! Mitin denetan ez nituen hainbeste txalo jasotzen! Izan ere, ni mitinlaria nintzen, eta ohituta nengoen jendaurrean hitz egitera. Egunean hiru mitin ere emandakoa naiz. Kongresuan, besteak beste Juan Luis Kareaga (Ingalaterran bizi zen bizkaitar bat), Apaolaza (donostiar bat) eta Onaindiarekin (honekin bildu nintzen bigarren aldia zen) topo egin nuen".

10- Azal gorriak indioek, guk ez.

"Behin Bilbon egin genuen manifestazioa, Agirreren tropak han zeudela, bakoitza bere jantziekin, eta han ziren gorriak ere. Ez dakit guk zein kolore genuen, baina faxistek guri ere los rojos deitzen ziguten. Harrapatu gintuztenean Lizarrara eraman gintuzten, eta trenetik jaistean jende ugari etorri zen gu ikustera eta batek guk entzuteko moduan esan zuen: ¿Pero, si son como nosotros?. Haiek gu azalez gorriak ginela uste zuten... Lizarratik gora eraman gintuzten kartzelara, komentu batera. Sarjentu batek bulegoko laguntzaile lanetan jarri ninduen. Hilabete asko egin nituen han, eta azkenetakoak izan ginen gu handik ateratzen. *Mañana te llevarán a casa*, esan zidan behin sarjentuak. ¿*A casa? Sí, pero a la casa grande*, erantzuten nion nik. Handik egun batzuetara iritsi zen abisua. Bertan irakurri nuen Lizarrako kartzelara eramango nindutela eta horrela esan nion sarjentuari etorri zenean: ¿*Ha leido? Lea, lea, ya le dije yo que me llevarían a la casa grande*. Han hasi nuen nik peregrinazioa. Urtebete igaro nuen, gero Iruñeko kartzelan bestetebete, handik Kristo bezala lotu eta beste bi asturiarrekin batera Gasteizera eraman ninduten, handik Bilbora eta handik Urduñara, jesuitek zuten eskola batetako sotanora".

11- Kartzelatik lanera.

"Kartzelatik atera eta Lizarran bizi nintzela katalan bat nire bila zebilela esan zidaten. Polizia izango zela pentsatu nuen. Egun batean tinbrea jo zidan, eta hantxe agertu zen. Nirekin hitz egin nahi zuela. Altzarientzako barnizen eta poliesterren fabrika txiki bat ireki berri zutela azaldu zidan. Nire anaiak altzarigintzan lan egiten zuela eta ez zetorrela gaizki bideratuta esan nion. Bere ordezkaria izan nahi ote nuen galdetu zidan. Nik baietz, orduantxe atera nintzela kartzelatik, eta egunero jan beharra neukala. Kartzelakoagatik ez kezkatzeko esan nion, edonor egoten zela bertan. Hurrengo egunean bertan hasi ginen. Kotxea hartu, eta Azpeitira joan ginen arrakasta izan nezakeen leku batera joan nahi nuen. Han jendeak ezagutu egiten ninduen, batzuek gorrotatu ere bai. Ondo hartu gintuzten. Hombre, Ormaetxe!?, esaten zidaten denek, zer habil?. Nik: Orain arte hotelean egon nauk, besteren kontura, eta orain neuk ordaindu behar diat hotela. Poliester pila ederra sartu genuen hemen; oraindik ezezaguna zen. Neuk erakutsi nien denei. Hala esan zidaten: "Ezin nahikoa eginda nabilek, hiretzako bakarrik egiten diat lan".

12- Kakaren negozioan.

"Ni atera nintzenean ez zegoen kola berorik, eta eskatu egin zidaten. Ruiz de Aldak ganadua erabiltzen zuela jaki nuen, eta harengana joan nintzen. Hark ez zekien kola nola egiten zen, eta, beraz, nik gutxi gorabehera esplikatu nion, abereen raspadurarekin nola egiten zen. Hobeto jakin zuen, eta egingo zuela esan zidan, ea zenbat behar nuen. Nik egiten zuen guztia kontsumituko nuela esan nion. Hala, estazioan beste izen batekin fakturatu, eta Loiolako estazioara bidali zuen. Nik Loiolako geltokiko nagusia, Maximo, oso laguna nuen. Ormaetxera deitu zuen esanez: Hi, zer fakturatu duk hemen? Izugarrizko kiratsa zagok!. Kakatan egoten diren euli handi horietakoak ere bazeudela esan zidan. Zirrikituetatik atera zen lika, nonbait. Izan ere, izugarrizko beroa ere egiten zuen eta... Aitari astoa karretillarekin jarrarazi, eta garrotadan joan nintzen. Bidoi horiek karrora igo, manta batekin estali, eta euli-mandoak buru gainean bueltaka nituela joan nintzen Ormaetxera. Gure aitak egin zidan harrera. Piura harekin ikusi ninduenean, hala esan zidan: Moteil, orain kakaren negozioan sartu al haiz? Hau da usaina, hau! Zer egin behar diek hauei?!. Lurrazpian enterratu genituen bidoiak. Inoiz aitzurrean egin gabea nintzen, baina orduan izerdi ederrak bota nituen! Lurperatu genituen inguruan zeuden aran arbolak dena zimeldu ziren, kendu egin behar izan genituen. Kaxa haiek oraindik han egongo dira...".

13- Euskara maletan hartu eta mundura.

"Euskararekin munduari buelta ematera joan daiteke. Nik askori esan izan diet hori. Badut lagun bat Ameriketara euskararekin bakarrik joan zena, eta ondo asko konpondu zena. Leku guztietan daude euskaraz dakitenak, eta baita azpeitiarrak ere. Txinan ere nire lagun batzuek aurkitu zuten azpeitiar bat. Hiru pilotari zeuden han, eta espaloitik zihoazela, kuskusean (taxi gisa pertsonak ematen dituzten karroak) gidari zihoan batek euskaraz esan omen zien, ei!, euskaldunak?, nire lagunek baietz, eta ea bera nongoa ote zen. Haren erantzuna: Azpeitiarra. Nik askori esaten diet: Zauden lekuan zaudela laguntza behar baduzu, kolegioetara joan, eta han galdetu. Beti egoten da euskaldunen bat, eta haiek esango dizute zer den zuretzat onena. Zenbaitetan fraileen kontra-eta hitz egingo dugu, baina horrelakoetan zintzo jokatzen dute. Jende jator asko dago".

14- Euskaldun izatearen zama.

"Euskaldunak beti egon gara elkarrekin haserre. Bai lehen eta bai orain. Beti esan izan dut ETAkoak zenbait gauzatan defenditzen ditudala. Ni ez naiz ETAkoa baina, anaiak ditudanez, maite ditut, defenditzen ditut eta ea noizbait elkar ulertzera heltzen garen. Guk inoiz ez genuen hildakorik nahi".

15- Oroimena, adimena, nahimena.

"Euskaldunak eta kristauak arima eta gorputz gara. Arima gorputzaren motorra da eta hiru indar ditu: oroimena, adimena eta nahimena. Burua da horien habia. Oroimenaren bidez gogoratzen ditugu lehen egindakoak, zuk nahi dituzun oroitzapenak ekartzen dizkizu. Adimena ulertzea da; hiru eta bi bost direla esaten duen indarra. Eta nahimena, nahi dena egiteko aukera ematen duena da. Parabolak direla esango lukete hainbatek, bai, baina egiak dira".

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak