Saninazioak
Festetako bitxikeriak
Ainitze Oruesagasti eta Ihintza Agirretxe
Saninazioak 1967an zazpi egunekoak izan ziren, urte batzuetan programan publizitate asko jartzen zuen Udalak, bertako zezenak izaten ziren zezen-plazan...
|
|
Buruhandi eta erraldoiak herriko kaleetan umeekin jolasean.
|
|
Auskalo zenbat San Inazio festa izan diren honezkero! Uztarriak urteetan kaleratutako esku programen azterketa egin du, eta bertan bitxikeria ugari topa daitezke. Hauek horietako batzuk:
Programarik zaharrena
1912- Uztarriak esku artean izan duen esku programarik zaharrena da 1912. urtekoa. Egitarau horretan topa daitekeen bitxikeria, Nuarbeko gaita-jole eta dultzain-joleak dira. Nahiz eta festak xumeagoak izan, zezenketak eta ahari jokoak izaten ziren.
Festen iraupena
Zazpi eguneko festak. 1967an astebeteko festak izan ziren. Tartean egun bat atsedena hartzeko izan zen. Segidako urteetan motzagoak izan arren, gaur egun baino luzeagoak izaten ziren, normalean abuztuaren 3an bukatzen baitziren.
Erraldoi eta buruhandiak
Festetan ezinbestekoak. Gaur egungo erraldoi eta buruhandiak 1972an egin bazituzten ere, aurrez herrian zeuden erraldoien itxura kontuan hartuta egin ziren. San Inazio festetan erraldoi eta buruhandien kalejira aspaldi egiten den ekitaldia da (1912tik bai behintzat). Tradizio horretatik gaur egun Umeen Euskal Festa egunean egiten den erraldoien lehiaketa sortu zen.
Izarraitz pilotalekua
Inaugurazioa. 1972an San Inazio herri jaien egitarauaren barruan, Izarraitz Pilotalekuaren inaugurazioa sartu zuten. Hortik aurrera San Inazio festetan hainbat partida jokatu dira bertan. Garai batean herriko pilotari ezagunak aritzen ziren egun hauetan pilotan. Adibidez, 1933an Izarraitz pilotalekuan, Txikuri eta Aranburu, Atano anaien aurka aritu ziren.
Publizitatea
Herrikoa. 1930. hamarkada hasieratik esku programetan publizitatea sartzen hasi zen Azpeitiko Udala. 1958an sartu zuten azkeneko aldiz publizitatea programetan. Urte batzuetan inolako iragarkirik gabeko egitarauak izan badira ere, 1990. hamarkadan publi-erreportaia ikus zitezkeen programetan. 1930. hamarkadako iragarkietan esaldi zelebre asko topa daitezke. Hona hemen horietako bat: “*Magnifico restaurent con servicio al menú y a la carta y precios económicos. Habitaciones con todo el confort moderno. Café y licores de las mejores marcas. Cervezas y refrescos. Helados y chocolates. Mariscos y aperitivos*”. Hotel Casino.
Zezenketak
Bertako zezenak. 1930. hamarkadan, Lasturko zezenak ikus zitezkeen Azpeitiko zezen-plazan. Toreatzaileak ere bertako gazteak izaten ziren. Urte batzuk geroago Espainia eta Hego Ameriketatik etorritako toreatzaile ezagunak izan ziren nagusi zezen-plazan. 1969an, adibidez, Manuel Benitez *El Cordobés* bezalako toreatzailea izan zen herrian. Beste asko izan dira: Paco Camino,
Espartaco, El Juli...
Euskara
Garbizalekeria. Esku programa asko gaztelaniaz idatzita daude. Euskararen lehen aztarnak 1930. urtetik aurrera daude. Lehengo eta oraingo euskararen artean ezberdintasun asko topa daitezke. Adibidez, toreatzaileari ‘zezenkari’ deitzen zioten, esku programari ‘azalkuna’, erraldoiei ‘zentoia’, eta abuztuari ‘dagonila’. Kontuan izan behar da garai hartan euskarari dagokionez, hizkuntzaren garbizaletasuna erabileran asko bultzatzen zela sektore batzuetatik.
Erromeria
Denetik pixka bat. Garai ezberdinen arabera gauza ezberdin ugari aurki daitezke Azpeitiko erromerien historian. Esku programarik zaharrenetan banda militarrak eta txistulariak ibiltzen ziren plazako giroa berotzen. Urteak joan ahala Egan eta Akelarre bezalako euskal musika talde ezagunek alaitzen zuten herriko plaza. Azken urteotan Alcatraz eta era horretako orkestra erdaldunek ere izan dute lekua.
Aurreskua
Euskal dantza. 1912an bazuen bere lekua aurreskuak. Garai hartan aurresku lehiaketako partehartzaileek 20, 15, 10 eta 5 pezeta irabazteko aukera zuten. Gaur egun, ez da txapelketarik izaten, baina Itsasi Dantza Taldeak saninazio bigarrengoz aurreskua dantzatzen du plazan.
Suziri japoniarrak
Umeentzako. 1960. hamarkadatik hona herriko haur eta gaztetxoentzat egon izan dira suziri japoniarrak. Iaz ume batzuek min hartu zuten eztanden ondorioz, kexak egon ziren, eta aurten ez da horrelako jokorik.
Bombero torero
Umorea zezen-plazan. 1970. hamarkada bukaeratik izan da herrian Bombero Torero ikuskizunaz gozatzeko aukera.
|