Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 7,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2004 »  Abuzutua »  Iritzia »  Oporren sinonimo

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Eta beste

Oporren sinonimo

Ainhoa Odriozola

Duela gutxi Loiuko aireportura joan beharra izan nuen, nire familiarteko batzuk bidaian zihoazela-eta taxista lanetan. Ederra aireportua, ederra bertaraino egin duten autobia berria eta ederra zinez bertan zegoen jendetza. Horko “kaixo”, eta “hombre” eta “zuek ere hemen” eta horrelakoak. Sekulako kola ekipaia fakturatzeko, erdiak azpeitiar eta azkoitiarrak, eta gainontzekoen artean inguruetako ezagun ugari.

Bidaia bat erosten duzun momentuan, badirudi bakarra zarela munduan bidaia horretan joango dena, areago helmuga izen exotikoa duen irla bat bada. Aukeraketaren emozioak, leku ezezagunek pizten duten kuriositateak eta irekitzen zaizkizun perspektiben kitzikagarritasunak, pribilegiatuetan pribilegiatu sentiarazten zaituzte. Ene gizakide gaixook, kendu paretik, zorionerako txartela daramat eta! Iritsi baino lehen dagoeneko, lanean geratzen direnen sufrikarioan pentsatzen dugu, norbera eguzkipean ikusten den bitartean, txuletak bezala, buelta eta buelta beste zereginik gabe.

Izan egizaleak, eta onartu horrelakorik pentsatu izan duzuela noizbait. Gaiztoak al gara ba gizakiok berez? Ez horrelakorik, inuxente galantak esango nuke nik, saldutakoa sinesten dugulako eta gero aireportuan bertan demostratzen zaizkigu ideia txoro horiek, kinka larrian hegazkinean denak kabituko garen edo ez pentsatzen. Gaur egun, oporrak bidaiatzearen sinonimo dira eta ez lanik gabeko egunena, langile bezala urtean irabazitako eskubidearena. Nora edo hara irten beharra dago, disfrutatu nahi bada behintzat... Hala saltzen digute, geratzen garenok leloak bagina bezala. Bidaia agentzia ezagun baten aurtengo eslogan solidarioa: “Inor gera ez dadin oporrik gabe”. Nik uste nuen hori sindikatuen lana zela.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak