Iritzia
San Inazio festak
Festa Herrikoien Aldeko Batzordea
Heldu dira, gure herriko jaiak, nahiz eta herritar ugarik oporretara joateko aprobetxatu. Zaila da bakoitzak festa nola bizi duen adieraztea, baina garbi dagoena da azpeitiarron eta saninazioen arteko maitasuna ahulduz doala.
Nahiz Euskal Herria taberna handi bat bezala irudikatu, jaiez gozatzen dakien herria gara, jaiak ez
baitira ongi pasatzeko soilik, kulturaren eskaparate eta bizimoduaren isla ere badira. Horregatik bizi ditugu jaiak hain sakon, izaeraren adierazle direlako.
Nahi edo ez , herri honen baloreen artean kontsumismoak tokia egin du eta jaietan ere bota ditu sareak, erostea modan dagoen sasoian, festak ere salerosketako gai bihurtu dira. Saninazioak dira horren adibide, kanpotik erosi eta herritarrei gureak bailiren saltzen saiatzen garen jaietan herritarrak oporretara joatea ez da harritzekoa. Ez garelako mozorrotzen, ezta baserritarrez janzten ere, edota danborrik jotzen. Ez garelako festen partaide goaz oporretara.
Helburu horrekin bildu gara zenbait herritar; jaiak kulturaren isla izateko. Horretarako ezinbestekoa da herritarrak festaren protagonista izatea, bertako ospakizunetan parte hartuz eta nola ez, hauek antolatuz. Antolaketarako hainbat arazo izan ditugu eta horietako bat Udalarekin izan da. Gure iritziz, Udala da festen antolatzaile eta herritarrak laguntzaileak. Hori da funtsean, azken urteotan egitarau alternatibo bat ateratzearen arrazoia, nahiz eta azken legealdiko Udalak ahalegin handiak egin eta zenbait postura gerturatu, funtseko arazoak hor dirau. Egitarau bateratua ez izatea ondorio naturala dela deritzogu.
Festa Herrikoien Aldeko Batzordeak hala eta guztiz ere, herritar guztiei dei egiten die festetan parte hartu eta gozatzeko. Ondo pasatu saninazioak.
|