Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 12,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2004 »  Abuzutua »  Iritzia »  Mendinuetari agurra

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Artikulua

Mendinuetari agurra

Mirari Bereziartua

Ikasberri Azpeitiko Ikastolako zuzendari ohia da Mirari Bereziartua, eta Ikasberriren hasieratik Elias Mendinuetarekin orpoz orpo jardun izan du lanean ikastolaren alde. Orain dela aste batzuk omenaldia egin zioten Mendinuetari, honek Ikasberriko lehendakaritza utziko duelako, eta idatzi hauxe irakurri zuen Mirari Bereziartuak

Hamalau urte lehendakari eta hamaika lan elkarrekin! Senekak zioen: “Ez gara ausartzen gauza asko egiten zailak direlako, baina zailak izaten dira ausartzen ez garelako”. Hi Elias, ausartu izan hintzean eta zaila posible bihurtu duk.

Urte hauetan ikastolari eustea eta indarberritzea nahi genuela adierazteko Joxean Artze Hartza-ren, olerkia erabili diagu behin eta berriz:

Iturri zaharretik

edaten dut

ur berria edaten

beti berri den ura

betiko iturri zaharretik.

Eta hori izan haiz hi, Ura. Ura bezala oztopo ziren harri tarte guztietatik dariola beti aurrera eginez.

Zenbaitetan, eutsi eta eutsi ahaleginetan gelditzeak usteltzea eta desegitea suposatzen dik, baina ura bezala, egokitzen jakin duk bide malkartsuan. Harri tartetik zirrikitoak topatu eta aurrera eginez indartsu segi duk. Ur saltoa hala behar zenean, ur apala hurrengoan, beti, gelditu gabeko ur bizia.

Norabidea. Ondo begiratu eta ezagutu dituk gure mendi-bideak markatzen joan diren harkaitz gogorrak. Horren protestan denborarik galdu gabe, tartetik geure norabidea jarraitu duk beti.

Hor egon duk hire indarra, urarena bezalaxe. Ez zegok ura apurtuko duen mailurik, ez da ere zaurituko duen labanarik. Munduko ezpata indartsuenak ere ezin dik uraren azala zartatu eta markatuta utzi. Urola ibaiaren bidea jarraituz etorri hintzean Legazpi-Brinkolatik gure herriraino, Azpeitiraino, eta ura bezala, bihurgune okerrenetara ere egokitzen jakin duk, norabidea inoiz galdu gabe, ibai guztiak itsasorako norabidea jarraitzen duten bezalaxe. Handik eta hemendik ibili bai, behar den adina, baina beti itsasoruntz.

Ibaiaren iturburua bezala, xumea bere sorreran, baina bidean inguruko urak bilduz gero eta indartsuagoa, erabateko indarra lortuz azkenean.

Hire itsasoa, Euskal Herria eta ikasleak izan dituk. Herriaren eskubideak eta ikasleen eskubideak, euskaldun eta pertsona bezala, zaindu eta indarberritzeko bideak markatu dituk hori dena auzolanean eginez.

Eskubideak indarrean irauteko, bideak berritu egin behar izaten dituk eta aldaketak zailak eta mingarriak bihurtzen askotan. Eutsi egin behar behin eta berriro hor aurrean egonez tinko. Tinko helburuetan eta xamur pertsonekin.

Umorearen koloreaz eta musikaz jantzi duk bidea eta guztiontzat xamurragoa eta alaiagoa egiteko moduak topatzen jakin izan duk. Beti izan duk, hik heuk ondo ez egindakori aurpegia eman eta barkamena eskatzeko gaitasuna. Eta horrek ere ondratze hau.

Baina gaur, utziko diguk emaitzekin gozatzen eta hirekin batera denon artean lortu dugunarekin harro sentitzen garela adierazten. Hiri esatearekin batera gu guztiok horrekin identifikatzen garelako. Esker onekoa izan haiz eta orain ordainetan jaso ezak gure poza eta esker ona, guk horrelaxe nahi dugulako.

Hemen zegok egin dugun etxea, bai, baina hemen gaudek jendea, ikastola proiektua bizirik mantentzen eta emozionatuta hiri eskerrak ematen. Hiri eta zuen familia osoari: Maria Jesus, Ane, Odei eta Eider zuon guztion emaitza delako. Ondotxo zekiagu guztiok hori, bakoitzareen familiak egin duelako aurrera proiektuarekin, batzuek nabarmenago, besteak itzaleko ixiltasunean.

Auzolana. Auzolanean jarraituko diagu, Euskal Herriak bere erraietan dakarrelako mendeetan zehar horrela aurrera egiteko modua. Nik neuk asko ikasi diat hirekin eta izugarri aberastu nauk. Buruz azkarra haiz, bihotzez aberatsa eta ekiten berriz, aurrena eta nekaezina.

“Asko estimatze haut” esateak balio haundia zeukak eta hala duk. Baina bakoitzaren bizitzako baliorik haudiena maitasuna denez, horixe esan nahi diat bihotzez.

Beste asko eta askoren sentimentu berdina adierazteko aproposena norberarena adieraztea denez hau duk nirea: asko maite haut.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak