|
|
|
Libre
Bakoitzak berea
Alaitz Olaizola
Bizkaiko herri txiki batean, igande eguerdian, lagun bat eta biok sartu gara taberna batean. Pintxo bat jateko asmoz hasiera batean, baina eskaintzen zutena hain urria zela ikusita, raba batzuk jango ditugula erabaki dugu. Emakume zerbitzariak, aurrez abisatu digu, zertxobait itxoin egin beharko dugula, eta guk, baietz, itxoingo dugula. Itxoiten ari garen horretan, eguerdiko ordu batak direla kontu eginda, gure ondoko mahaian eserita badago emakume bat. Ez dakit nola definitu. Trentza luze zuria, aurpegi zurbila. Hasi da izozkiak jaten. Bat, gero beste bat, eta horrela, bost izozki jan arte. Gu, aho bete hortz, rabei itxoiten. Gure ondorioak: zerbait izango du emakume horrek, tabernan ezagutuko dute... Gero, bermuta berak bereziki eskatutako ontzian patata frijituen laguntzaz, eta tartean, zigarro luze eta fin bat piztu du, dotore. Halako batean, gure rabak iritsi dira. Sei, sei raba platerean. Laguna eta biok, elkarri begira geratu gara. Emakumearen bost izozkiak eta gure sei rabena ezin ulertuta. Sekula ez baitugu hain denbora gutxian inor horrenbeste izozki jaten ikusi. Sekula ez baitzaigu gertatu, rabak eskatu eta seirekin topo egitea.
Ez gara batere aldatu. Urte gutxiren buruan, lan erraza ere ez da. Ikusten ditugu herrian bertan, txikiteo latza jotzen dutenak ere, hamarna txikito edango dituztenak. Batzuek izozkiak, besteek ardoa... Zigarroak, bata bestearen atzetik erretzen ikusi eta “ño, bat bestearen atzetik erretzen du horrek”. Beti horrela, besteengandik komentarioa gora eta behera, norberaren xelebrekerietan erreparatu gabe. Gurea normala balitz bezala, eta besteena aldiz, anormala. Jardutea gogoko dugu, denok. Besterik dioena, ez da egia esaten ari.
Horregatik nioen ez garela batere aldatu. Sestrak pizteko sekulako trebezia dugu gurea bezalako herrietan, eta askotan, arrazoi handien beharrik gabe. Etsaiak bilatzen dira nahi gabe ere, eta adiskideak aldiz, ezta nahita ere.
Ea. Inori kalterik egiten ez badiot, ezingo ote dut ba nahi dudana egin? Edo zergatik ez, komeni zaidana? Edo akaso, denok ez al dugu egiten norberarentzat zuzena den horren alde, edo, gertukoren bati babesa emanen dion horren alde? Arrazoiak asko dira, eta egia bakarrak, bakoitzarenak.
Horrelaxe da. Oso sinplea, eta era berean, gezur handia. Joerak oso markatuak daude, pentsaerak, usteak, militantziak, koloreak, usainak... Eta horrek guztiak, kiratsa dario. Nire lagun batek esaten duen moduan, “Usaina ona da, kiratsa txarra”.
Ez naiz nire errebindikazioetan babestua sentitzen, eta zerbait badaukat, neronek lortua dela gero eta argiagoa daukat. Erregalatu, hemen inork ez du ezer egiten, ez niri eta ezta beste inori ere. Hala, beraz, ez eskatu inori ezer.
Bakoitzak badaki zer egin eta zergatik egin.
Bereiztu beharra. Gauzak bereizten jakin beharko genuke, eta ez dakigu. Modu pertsonalean hartzen ditugu kontu asko eta asko. Eta herri honetan, ohituta gaude, ekitaldi, edo mobilizazio desberdinetan, oso jende gutxirekin topo egiten. Eta zer? Ezer ez. Lastima, datorren urtean gehiago izango gara... Eta, aurrera. Esaten duenak, entzuteko ere pronto egon behar du. Eta, hala al da?
Ez naiz batere argi ari. Badakit jarduna baino ez dela nirea, eta normalean argia izatea gustatzen bazait ere, oraingoan borondatez ari naiz. Ulertu nahi duenak, ulertuko du. Galderak dituenari erantzuten ari natzaio, dudak dituenari, argibideak ematen. Gerra galduak asko dira, eta gehienak, norberarenak.
Txiklea ziruditen rabak jan eta laster hartu dugu berriro Azpeitirako bidea. Emakume izozki zaleari ez diogu galdetu zergatik jan dituen horrenbeste izozki, bost izozki zazpi bat minututan. Zerbait gertatzen zitzaiola pentsatu dugu eta seguruenik, niri kafea bezala, berari izozkiak gustatuko zaizkio. On egin diezaiola ba! Zer demontre! Niri behintzat, berak jandakoek kalterik egingo ez didatenez... Kalte, ez ote didate egingo jan berri ditudan goma zati hauek... Gosea ez baitidate kenduko, ezta apetitoa ireki ere. Eta emakumeak arrazoia bazuen? Batek daki!
Azkenean jardun hau guztia zertarako? Ba, aurtengo festak ondo pasa ditzazuela desiratzeko. Gaudenak disfruta dezagun eta ez daudenak gogoan izan ditzagun.
|