Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 12,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2004 »  Abuzutua »  Iritzia »  Agur, maiteok!

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Enbido

Agur, maiteok!

Pako Aristi

Agur esan behar dizuet. Urtebete eman dut Azpeitiko bizitza, neurri batean Euskal Herriko bizitza bera dena, aztertzen eta kritikatzen, institutuan erakutsi ziguten bezala, geroztik era guztietako eta alor ezberdinetako maisu ugarik gogorarazi diguten bezala: ez inoiz galdu iritzi kritikoaren ahalmena gertakizunen aurrean, eguneroko inertziaren aurrean, eta izan beti zeu, eta esan zeuk pentsatzen duzuna, ez bolo-bolo denek, lasai egoteagatik, esaten dutena. Jendea batzuetan haserretu egiten zait honengatik, baina sentitzen dut, ni horrelakoxea naiz.

Eta agur esan behar dizuedan honetan, gertaera bat dago urte osoan burutik kendu ez zaidana: herriko bederatzi gaztek espetxera joateko daukaten arriskua, eta ezer egin gabe gainera. Euskal Herriak hamarkada hauetan izan duen eskubide urraketarik latzenetakoa hau izan da: gaztediak jaso duen jipoia, errepresio poliziala, bermerik gabeko epaiketak, frogarik gabeko kondenak. Benetan mingarria egiten zait ikustea hemen zenbat gaztek ezagutu duen espetxea inongo errurik gabe, haien aurkako inolako elementurik gabe, txikikeria hutsengatik: botila bat bota, zerbait erre, kartelak jarri, errepidean gazteen larrua merke zegoen, botereari kontra egitea garesti dagoen bezalaxe. Bost egun pasa ditzakezu koartelean ehun mila ostiako jasotzen, eta ez da ezer gertatzen. Orain, agintari bati bultza egiten badiozu... espetxera joan zaitezke. Horrelaxe dago banatua justizia Euskal Herrian, denontzat berdina behar lukeen hori.

Azpeitiko egoera. Burugabekeria krudel honen adibide mingarri bat ari dira bizitzen Azpeitian bederatzi gazte: 2002ko inauterietan gazte lokala eskatzen zebiltzan, euren mozorro eta pankartekin. Orain aurreko alkatea eta zinegotzi batzuek zeuden kafetegira sartu eta aurrean jarri zitzaizkien. Besterik ez. Hauek modu txarrean hartu zuten, eta bultzaka eta biraoka hasi gazteen kontra. Trifulka txiki bat sortu zen. Besterik ez. Eta berriro idatziko dizuet: besterik ez. Hura ezagutu eta orain gazteek daukaten kondena eskaera ikustea nahikoa da jabetzeko Euskal Herrian zerbaitek (eta zenbaiten buruak) ez duela ondo funtzionatzen: bost urteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak gazte bakoitzarentzat, eta 3.000 euroko isuna, bakoitzarentzat hori ere. Gazte hauek ez zuten ezer egin, gauza bat eskatu modu baketsuan. Eta gero euren burua babestu iraindu eta erasotu zituzten agintari eta lagunengandik.

Politikan gauzak hotz eta tenplez egin behar dira, pausoak aztertuz eta neurtuz, baina zer esango dizuet bada, ezagutu al duzue horrelako politikorik Azpeitian? Hemendik aurrerakoak ez badira... Berotasun hartan, mendeku goseak jota, gorrotoak gidatuta, alkateak salatu egin zituen gazteok, lekukotzat bere lagunak zirela. Agintarien neurri gabeko kabreoa hoztu eta tenplatu zenerako berandu zen: gero salaketa erretiratu egin zuten, baina fiskalak hartu zuen hura aurrera ateratzeko bidea.

Itxaropena. Inoiz gertatu behar ez zuen benetako ipuin honetan, ordea, itxaropen pixka bat ikus daiteke. Ekainean izan da epaiketa, eta udazkenerako atzeratua geratu da, alkate ohia eta lekukoak ez zirelako azaldu deklaratzera. Okerrean eta txarrean borondate ona existitzen da, oraindik. Eta agintari hauek nahita ezkutatu dira, ea fiskalak froga ezean errugabe uzten dituen. Hurrengo epaiketan ere ez agertzea espero dugu, eurek ireki zuten bide zikin eta ankerra ixteko modu bakarra horixe baita.

Barkamena eskatzea gehiegitxo izango litzateke elizako barkamen fiktizioak soilik eskatzera ohituta dauden kristau hauentzat, baina oker egin zutela aitortzea bai polita izango litzatekeela. Ez al da ederra hanka sartu dugula onartzea, eta akatsetatik ikastea? Gure historia txikiaren pasarte bati bukaera ona eman diezaiogun, behingoz.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak