Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2004 »  Uztaila »  Bai euskarari berriz ere

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Euskara

Bai euskarari berriz ere

Ihintza Agirretxe

- Azpeitian gero eta eragile gehiago dira euskararen aldeko konpromisoa hartzen dutenak; ziurtagiri banaketa horren lekuko

Gizarte eragileak, udal agintariak, Kontseiluakoak eta Uztarriakoak, ekainaren 22an, banaketa ekitaldian.  (Urola-Kostako Hitza)

Azpeitian gero eta denda, enpresa, elkarte, taberna... gehiago dira bakoitza bere esparrua euskalduntzen ari direnak. Ekainaren 22an banatu ziren, EBPNren ekitaldian, Bai Euskarari Ziurtagiria eta HEBE, eta herrian bederatzi eragilek hartu zuten lehen aldiz Bai Euskarari Ziurtagiria. Hauek: Eklipse Kultur Dendak, Etxahun kioskoak, Ongi-Etorrik, Kili-Kolor dendak, Oriyo kioskoak, Urkek, Belaetxek, Inaxita ileapaindegiak eta Elurrak. HEBE, berriz, 32k.

Zer da konpromisoa hartzea?

  • Errotuloak euskaraz jarri.
  • Fakturak euskaraz jarri.
  • Idatziak euskaraz jarri.
  • Aurrekontuak.
  • Txostenak.
  • Nominak euskaraz jarri.
  • Kontratua euskaraz jarri.
  • Katalogoak euskaraz jarri.
  • Balantzea.
  • Estatutuak.
  • Kudeaketa plana.
  • Aseguro poliza euskaraz jarri.
  • Lan hitzarmenak euskaraz.
  • Programa informatikoetan testuak elebitan jarri...

Eklipse kultur denda

1- “Egia esan, orain dela hiru urte, denda ireki genuenean, dena euskaraz jartzen hasi ginen, eta orain, batez ere, kanpora begirako konpromisoa da hau, jendeak ikus dezan Bai Euskarari Ziurtagiria dugula”.

2- “Guri erraza egin zaigu ziurtagiria hartzea, hasieratik dugulako konpromisoa, baina Azpeitian batzuei, jakina, zailagoa egingo zaie, urteak daramatzatelako erdaraz funtzionatzen”.

3- “Baina ziurtagiria hartzera animatu nahi ditugu, garrantzitsua delako euskaraz bizitzen joateko pausoak ematea”.

Etxahun kioskoa

1- “Orain dela bi urte pasatxo Udala hasi zen egiaztagiri bat eskaintzen, eta neuri ere eskaini zidaten, baina ezezkoa eman nien, eta hauxe zen arrazoia: Udala bere kasa ari zen, euskalgintzarekin batere kontatu gabe. Orain ikusi dut Udalaren eta Uztarriaren artean, eta Udalaren eta Kontseiluaren artean hitzarmena dagoela herrian euskara normalizatzeko, eta orain denen artean eskaintza jaso dudanean ez dut dudarik izan Bai Euskarari Ziurtagiria hartzeko”.

2- “Azpeitian ia denok gara euskaldunak eta normala behar luke euskaraz bizitzea, batez ere euskalduntzeko zailak ez diren esparruetan (komertzioetan, kirol taldeetan...), eta nik neuk ez dut arazorik. Baina batzuei oraindik ere kostatu egingo zaie pauso hori ematea”.

3- “Gero eta gehiago bagara ziurtagiria dugunak, besteak animatuko diren itxaropena dut”.

Kili-kolor kopistegia

1- “Betidanik gure esku dagoen guztia euskaraz egiten saiatu gara, eta orain Bai euskarari Ziurtagiria hartzera animatu gara. Izan ere, ziurtagiri hau euskarari bultzada emateko era izan daitekeela uste dugu”.

2- “Esan bezala, beti gure eskuetan izan dugun guztia egin dugu euskaraz, eta, beraz, alde horretatik ez digu aldaketa handirik suposatuko. Zailagoa da ordenagailu programak eta horrelakoak euskaraz aurkitzea. Guk paperak-eta aurretik ere euskaraz betetzen genituen”.

3- “Gure ziurtagiria da, euskaldunona, eta herriko merkatari, elkarte... guztiak animatuko nituzke ziurtagiria izatera”.

Urke argazki denda

1- “Ziurtagiri honen nondik norakoak azaldu zizkidatenean, oso interesgarria iruditu zitzaidan eta azkenean animatu egin nintzen ni ere ziurtagiri hau izatera”.

2- “Bizia euskaraz egiten dugu eta azken batean, Bai Euskarari Ziurtagiria hori adierazteko jaso dugu. Lehen ere ingurukoek badakite euskaraz egiten dugula, baina kanpotik datorrenak ere jakin dezan guk dendan euskaraz egiten dugula lan”.

3- “Herri euskalduna da gurea, eta euskaraz egiten duten beste eragileek ere hori ofizial egin dezaten aukera ederra da ziurtagiria”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak