Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 5,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2004 »  Uztaila »  Azal zuri eta Sustrai beltzak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Mamia

Azal zuri eta Sustrai beltzak

Amaia Mendizabal

Olatz Prat gazte azpeitiarrak, sustrai beltzeko musika doinuak hurbildu ditu herriraino: jazza

Lehengo urtean, abenduan, eskaini zuten beraien lehen kontzertua Olatz Pratek eta Bea Hurtadok. Publikoarekin izan zuten aurreneko harreman hura Hondarribian izan zen, Banako tabernan (ordukoa da argazkia). Lehen emanaldi hartan, gainera, zuzeneko diskoa grabatu zuten. 
Olatz Prat abeslari Azpeitiarra, Enpara Dorretxe atzean. 

Jazza, oro har, beltzen musika omen da, edo hala saldu izan dute beti behintzat. Azpeitian ere ez omen dago zaletasun handirik, tabernetan-eta ez baita entzuten. Baina gauzarik arraroenak gerta daitezke inguru hauetan: Olatz Prat gazte azpeitiarra jazz talde bateko abeslaria da. Haren ahotsak eta Bea Hurtado lasartearraren piano doinuek Zuri & Beltz taldea osatzen dute, eta hasiberriak izanik ere, dagoeneko egin dute emanaldiren bat edo beste azken hilabeteetan.

Taldearen izena hitz jolasa omen da, euren izaeraren isla: “Hasieran, & sinboloaren ingelesezko irakurketaren bidez, gure asmoa ‘Zurian beltz’ adieraztea zen; badakizu, zuriak izanik ere beltzen musika egiten dugula”, dio Pratek. Azkenean Zuri eta Beltz bezala gelditu dira: “Betiko galdera da: nor da zuri eta nor beltz, baina ez dago horrelakorik”. Izan ere, zuri izanagatik, biak dira era berean beltz, bai behintzat abesteko orduan.

Baina, zergatik jazza? Estiloa bera gustuko dutelako, hori hasteko. Baina, gainera, jazzak jolaserako aukera asko eskaintzen omen ditu: “Inprobisazio kontuetan-eta sartzen bagara, bai ahotsarekin eta bai instrumentazioarekin jolas musikala etengabea da: pianoak zerbait egiten du, eta ahotsak erantzun egiten dio, edo alderantziz”. Dena dela, ez diote euren buruari etiketarik jarri nahi, osagarri nagusia jazza izanik ere, “soul” edo “blues” ukituak ere ba omen dituzte eta. Hori bai, beti ere musika beltza hartuta abiapuntutzat.

Eta ildo horietatik, dagoeneko lehenengo urtemuga ospatzeko zorian dago Olatz eta Bearen taldea. Iaz, uztailean ezagutu zuen elkar bikoteak. “Juan Gartzia idazlearen bitartez jarri ginen harremanetan; bion ezaguna da. Hark bazekien nik abestea gogoko dudala, eta bazekien, era berean, Beak ere pianoa jotzen duela. Eta beno, afaritxo baten bitartez elkartu ginen hirurok eta hor hasi zen dena”. Lehen bilera hura eta gero, uda lasai hartu zuten, eta irailean hasi ziren entseguekin.

Bi hilabeteren buruan iritsi zen lehenengo ekitaldia: Hondarribian, Banako Tabernan. Emanaldiaz gain, gau hark beste fruitu batzuk ere eman zituen: Zuri & Beltzek bere lehenengo zuzeneko diskoa grabatu zuen. “Zuzenekoa izatean izatez bere kalitatea ez da oso ona, baina banatzen hastea erabaki genuen, gehienbat tabernetan edo ezagunei”. Eta lagun eta ezagunen bitartez, azkenean dezente zabaldu da diskoa. “Gainera, ez gara saltzen ari, doan banatzen baizik. Diskoa baino gehiago, aurkezpen gutuna dela esango nuke”, dio Pratek.

Hortik aurrera, beste lau emanaldi izan ditu taldeak: lehenengo biak Donostian —Sebastopol eta Ondarra tabernetan—, hirugarrena Hernanin —Gunean— eta azkenekoa, ekainean bertan, berezi samarra izan da, ezkontza batean girotzeko kontratatu baitzuten Zuri & Beltz.

Praten ibilbidea. Baina nolakoa izan da Olatz Praten ibilbidea musika munduan? “Nik uste zaletasuna amaren sendiaren aldetik datorkidala, bertan guztiak direlako erdi-musikariak. Ni neu ere txiki-txikitatik hasi nintzen abesbatzetan abesten”. Horretaz gain, azpeitiarrak topatzen zituen gustuko abestiak kantatzeko paradak: “Gure etxeko sukadeak oso akustika ona dauka, eta hantxe jarduten nuen nik, gustuko diskoak jarri eta abesten. Orduan ere soul-eta antzekoak kantatzen nituen. Amets asko egiten nituen orduan”. Antxieta eta Barrenetxea abesbatzetan izandako esperientziaz gain, Zuri & Beltz ez da izan harentzat taldea osatzeko lehenengo saiakera.

Jagoba Astiazaran zestoarrarekin ere jardun izan du; orduan ere Prat bera abesten eta Astiazaran pianoarekin. Bikoteak 2002. urteko Gipuzkoako Kantu Txapelketako lehenengo saria irabazi zuen. “Esperientzia polita izan zen eta sariaren ondoren bi emanaldi egin genituen; bata, Zestoako festetan izan zen, hantxe biok plazako arkupeetan jarrita geure piano eta guzti”. Ez da hor bukatzen Pratek Zestoarekin duen harremana, egun ere desagertutako Lin Ton Taun taldean ibilitako hiru kiderekin kolaborazioak egiten baititu. “Orain dela pare bat hilabete hasi ginen talde horretako kide izandako Joseba (ahotsa), Raul (gitarra) eta Biti (baxua) elkarrekin zerbait prestatzen, baina oraingoz ez daukagu kontzerturik eskaintzea buruan”.

Abesteaz gain, ordea, azpeitiarrak badu erronka berri bat uda honetarako: abestiak konposatzen hastea, hain zuzen. Izan ere, laster baino lehenago euren abesti propioak plazaratu nahi baldin badituzte ere, orain arte bertsioak kantatu izan dituzte. Honetan ere hainbat zailtasun izan dituztela baieztatzen du. “Ahotsa eta pianoa izanik osagai bakarrak, dagoeneko nahiko muga ditugu, zenbait abesti ezin ditzakegulako biok bakarrik jo”. Dena dela, disko asko entzunez eta abestiak proban jarriz, “hau horrela egin al daiteke?” behatuz, azkenean nahiko lan itxurosoa gelditu zaiela dio.

Euskarari dagokion tartea egin arren, Zuri & Beltzek, oro har, ingelesez abestu ohi du. Kantuok jazzeko estandarrak omen dira. “Kantu hauen bertsioak milaka abeslarik kantatu izan dituzte; tartean guk eredutzat hartzen ditugun Billy Holliday edo Ella Fitzgerald bezalako artistek. Ohiko jazz abestiak dira”.

Etorkizuna. Etorkizunera begira, taldeak itxaropena Kutxak eginiko proposamen batean du: erakunde horren babespean, Zuri & Beltzek irailean kontzertu bat eskainiko luke Donostian Kutxaren Kultura aretoan. Eta jendeak euren lana gogoko baldin badu, taldea Gipuzkoako 80 herritan egingo den kontzertu zirkuituan sartuko litzateke.

Horretaz gain, ziurrenik denbora gutxi barru taldeak kide berriak izango ditu, Olatz Pratek eta Bea Hurtadok euren doinuei kontrabaxuarena eta bateriarena gehitu nahi dizkielako. Azpeitiarrak argi dauka aurrera begira hori onuragarri izango litzatekeela eurentzat: “Behin taldea osatzen dugunean, biok bakarrik egonda baino aukera gehiago izango ditugu, hori seguru!”. Dena dela, berak onartzen duen bezala, egia da Euskal Herrian ez dagoela jazz musikarentzat publiko zabalegirik: “Badaude ulertzen duten lau edo bost lagun, baina gainerakoan zaletasuna mugatua da. Jendeari jazza musika atsegina iruditzen zaio, baina hortik au-rrera...”.

Praten ametsetako bat etorkizunean musika munduan aurrera egitea da, ahal den neurrian behintzat. Izan ere, gazte azpeitiarrak dioenez, musikarik gabe ezin omen du bizi; “goizean jaikitzen naizenetik oheratu arte musika entzuten egoten naiz”. Eszenatokia ere bere aberri egin du dagoeneko: “Horretarako oso lotsagabea naiz; urduritasuna ere badago, jakina, baina pixka bat ondo etortzen da. Eszenatokian zaudenean, badakizu jendea zeu ikustera etorri dela, eta ahal duzun guztia eman behar duzu, jendeak goza dezan”.

Azpeitian emanaldi bat eskaintzea, berriz, oraingoz ez dago Olatz Praten planen artean, ez bailitzateke eroso sentituko. “Lotsatu egingo nintzateke. Kanpoan gauzak ondo doazela ikusiz gero, etorriko naiz herrira beranduago”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak