Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko azaruek 22,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2004 »  Uztaila »  Iritzia »  Hustasunaren betea

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Gogoetari leiho

Hustasunaren betea

Joxin Iturrioz

- Soziologian lizentziatua da Deustuko Unibertsitatean, Bizkaiko Bertsozale Elkartean idazkari izandakoa da, eta orain urte gutxi batzuk ‘Urolaldea Bertsolari’ liburuaren egilea izan zen

Atzo, 2020ko ekainaren 26an, ostirala, estreinatu zuen Hustasunaren betea lan berria Trikuharri antzerki taldeak, San Agustin aretoan. Lan esperimentala, modernoa, ausarta. Txalo zaparrada ederra jaso zuten antzezle gazteek. Akats bat bilatzekotan, eszenen arteko uneak laburtu beharra. Zaila da beste akatsik aipatzea. Meritu handiagoa, beraz, ohiz kanpoko lan esperimentala izanik. Ondo baino hobeto prestatu dute emanaldia gazteek.

Horretarako astero-astero elkartu ohi dira antzezle gazteak, hutsik egin gabe, Basazabal Kultur Etxean. Hainbat talderen egoitza da Basazabal Etxea, tartean Trikuharri antzerki taldearena. Gainera, Basazabaleko patioak eta egitura bereziak aukera aparta eskaintzen die eszenografia ezberdinak prestatzeko.

Orain hamar urte zabaldu zuten Basazabal Etxea. Trantsizioaren hasieran Udalaren esku gelditu zen, eta behar-beharrezko mantentze-lanak egin ondoren, proiektua egin zuten. 80ko hamarkada zen. Baina Udaleko kajoietan ahaztuta geratu bide zen, hautsak hartuta. 2005ean proiektu berria egin, eta 2007an ekin zitzaion lanari. 2010eko urtean zabaldu zuten, Gipuzkoako agintarien presentziarekin, eta hori da gaur egun hainbat talderen egoitza.

Ez da ahaztuta egon den eraikin bakarra. Antzerki-lana estreinatu zen San Agustin aretoa Durangoko San Agustin elizaren berdin-berdina zen, eta eliza hori 1976an egokitu zuten erakusketetarako, eta 1987 eta 88ko lanek areto balioanizdun bihurtu zuten (1998an eta 2013an beste egokitzapen batzuk egin zituzten). Azpeitian, 1980ko hamarkadaren amaieran, eta aurreko eredua hartuz, ia aldaketarik gabe prestatu zuten proiektua, burutu ez zena, ordea. Azkenean, 2007an proiektu berria bideratu, eta 2012an EAEko lehendakariak inauguratu zuen, Euskadiko Orkestraren emanaldi batekin.

Antzekoa gertatu zen Soreasu zine aretoarekin ere. Halere, kasu honetan, proiektua berriagoa da. 2004an bilerak egiten hasi ziren Azpeitirako kultur plangintza bat burutzeko. Eta Soreasu berritzea eta egokitzea izan zen lehentasunezko helburuetako bat. 2008an herriko agintariek Soreasu zine areto berria inauguratu zuten, Zine-klub taldearen bi garai lotuz, Mateo Txistu laburmetraia eta Bizitza lege luzemetraia estreinatuz.

Katearen hasiera izan zen. Gero, Basazabal eta San Agustin etorri ziren, 2010ean eta 2012an. Eta, dakizuen bezala, Iturriaga Kultur Etxea egin zuten, beste hainbat kultura talderen egoitza dena. Hau berri-berria egin zuten, taldeentzako lokal premiei erantzuteko. Azpian gazte lokala antolatu zuten, gazteek beraiek gestionatua. Gaztetxea itxi zutenetik gazteek ez zuten beraien esparrua eta ekintzak antolatzeko aukerarik izan. Eta ia hogei urte ziren gaztetxe izandako hura indarrez itxi zutela. Bazen garaia, bai gazteek, bai kultura taldeek, egoitza egokiak izan zitzaten.

Atzokora itzuliz, arrakasta azpimarratu beharko genuke. Latz egin dute lan Trikuharriko antzezle gazteek. Noski, horretarako ez dira aparte eskaintzen diren kultura baliabideak eta egoitzak.

Gozatu genuen antzerkia ikusten, eta merezitako txaloak jotzen. Ondoren, Döner taberna kurduan kebab bana afaldu genuen. Goxoa hura ere!

Egun konpletoa, bai, atzokoa, 2020ko ekainaren 26a, ostirala.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak