Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko azaruek 22,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2004 »  Uztaila »  Iritzia »  Matadeye

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Gogoetari leiho

Matadeye

Iñaki Segurola

- Euskal Filologian lizentziatua da Iñaki Segurola, eta gaur egun Euskaltzaindiko Hiztegigintza saileko langilea da. Besteak beste, ‘Euskaldunon Egunkaria’-n zutabegilea izandakoa da. Azpeitiko gaztetxearen hasierako garaietan mugimendu hura gertutik ezagutu zuen.

Kulturaz jarduteko eskatu dit, Azpeitiko kultura 2000 eta eztakitzenbatgarrenean. Kultura eta etorkizuna, ederra parea: bakoitza bere aldetik tristura emateko modukoak, eta batera, berriz, atzerakada.

Ez naiz, nola esan?, kulturaren alde, alderdikoa, ez bete-betean behintzat. Ez nago haruntzago ere, edo gauza horien gainetik: honuntzago, beherago, barrenago nago, edo egon nahi nuke. Poetiko jarriko naiz: aspalditik nago errekako uraren ibiliari ederretsia: beherago eta beherago beti eta momenturo. Biziaren uretan beherago beti. Eta bizia, bizi-nahia, bizi-amorrua edo dena delakoa nekez ezkontzen da kulturarekin: hau gora begira dago, biziaren uren kontra tematzen den izokin ergel baten pare. Kulturan oso interesatuak daude estatua eta bankuak, kultura sustatzen eta kudeatzen, berek dioten bezala, eta hori, munduko gauzarik naturalena da. Har dezagun adibide moduan irakurtzea: txikitatik erakutsi digute oso gauza ona dela irakurtze hori, eta egin beharrekoa. Zer esango dugu ba? Asko eta izugarri irakurtzen duen jendea ezagutu dut bazterretan. Eta? Jende bizirik eta argi alerik ez, eta bai besteak baino giza-jenero motelagoa, hilagoa, pedanteagoa eta tristeagoa. Datuz eta informazioz zopatua dagoena ez balego bezalaxe da: hura beti haruntzago dago, ez honuntzago. Kultur-gauzak, guneak, eraikinak eta abarrak... egin ditzatela nigatik, egin dezatela Soreasuko zera berri hori ere, baina egin ditzatela ahal den txukunena, aldrebeskeria handiegirik egin gabe: aldrebeskeria handietarako hor daude, lehendik ere, industria, azpiegiturak eta lanpostuen izenean egiten diren gainerako azio beltzak.

Beste gauza bat ez naizena da “herri osoa”, “gizarte osoa” eta holakoak gauza guztietarako kontuan hartzen dituztenetakoa. Osoaren (edo gehiengoaren) onarpen eta bedeinkazioaren zain egotea (gehiengoak barneratu eta, inkesten arabera, ontzat jotzen duenari begira egotea) da sekula ezer ez egiteko modurik seguruena. Beraz, herria injineruz, etxe-trapitxeroz, literatoz eta artista multimediaz betetzen dela? Ez da hain gauza beltza, baldin-eta bestelako jendea, jende eroa (baina deklaratu gabekoa), inon erraz kabitzen ez dena, kontrako eztarrikoa, herri osoaren bedeinkazioaren zain ez dagoena azaltzen den bitartean. “Hi ere nonbait kabituko haiz!”, botako dio beti helduak gazte edo heldugabeari, baina erraz kabitzen ez den jendea ez da erraz kabitzen ez lantegian, ez eskolan edo unibertsitatean, ez kiroldegian, ez ideologia batean, ez erakunde batean, ez diskoteka inoxidableetan, eta ez bikote herdoilduetan. Nekez errendi daiteke arautegi eta ordutegi batzuen arabera moldatutako kultur-etxe, gune edo kaiola batean ere. Goiko jende horrek usteko du gauza ona eta osasungarria dela dena jende txintxo, otxan, esaneko eta kabi-erraza sortzea herrian, baina kontrolpe osoan ez dago lizuna, hautsa eta ustela besterik, eta ez dago psikologia sozial asko jakin beharrik horrek pertsonetan ere berdin balio duela ikusteko.

Matadeye. Beraz, mundu guztiak lehentxoago edo gerotxoago nonbait kabitu behar duela? Konforme, baina ez denak edozer moduz, ez den denak berdin. Agintari jaun-andre azpeitiarrak: behar da herrian toki bat erraz kabitzen ez den jendearentzat, ordutegietan eta arautegietan kabitzen ez den jendearentzat; behar da herrian Azkoitian (Matadeixe) eta Tolosan (Bonberenea) daukatena, zeuen alderdikideek berek ez eman, baina bai libre utzi dutena. Eta esango didazue gauzak ez direla hola-ta-hola egiten, adituen txostenak eta bideragarritasun planak behar direla, kudeaketa eta jarraipen egokia, nik esango dizuet pentsatzeko gauza horiekin guztiekin nola gauden minbizi urbanistiko ergel batean itoak, lur guztia jan beharrean, etxe hutsak usteltzera kondenatuak; horixe dakar hazi-behar ero horrek, panorama horren erdian, alfer samarrik dauden tokiak betetzea eta biziaraztea da egin litekeen gauzarik zentzuzkoena. Inori ezer kendu gabe, gainera.

Toki hutsak betetzera jarri ezkero, zer beteko genuke kabitu ezineko jendea nonbait kabi dadin? Herri hau pixkat ezagutzen duenak laster hutsik geldituko den komenturen batekin pentsatuko luke, baina ez, ez dugu horrenbeste eskatuko (kulturak horrelakoak zerbaiten zentru, gune edo erakustoki bihurtzen ditu, sekula ez bizitoki). Orduan zer? Ba, tituluan esana dagoena, eta zenbait jendek eskatu duena: matadeye. Azpeitiak erakutsi behar dio munduari bailara honetan matadei bat dagoen tokian ez dagoela beti matadeixe, eta matadeye ere egon litekeela. Ez dago gogo faltarik.

Ez naiz hasiko esplikatzen zer izan behar lukeen matadei horrek: ez dut masterrik egin kultura alternatiboan. Hori arian-arian egiten da; eginak erakusten du zein zen egitekoa. Orain dena da proiektua eta egitasmoa, baina proiektuen azpitik ere bada zer egina: proiektu guztien azpitik gogoa dago, zerbait egiteko (edo desegiteko) gogoa. Gogo garbi bat, eta irekitasun eta autonomia osoa: goiko kontrolik eta kudeaketarik ontzat hartzen ez duenak ezin onar dezake beste nonbaitetik —goragotik beti ere— datorren kontsigna eta agindurik; ezta eraginkortasunaren eta horrelako kontzeptu exekutibo-militanteen izenean ere. Beste gauza bat da koordinazioa eta elkarren berri jakitea. Banderak sobran daude.

Azpeitiko etorkizuneko kulturaz zerbait eskatu eta, nola bizi orain egin behar den, ez etorkizun eta ez kultura astindu ditut. Beheragoko bizia edo bizi-nahia famatu ditut, eta hori dena non, eta hiltegi batean. Arrazoiak horretarainoxe ebaki dizkit bideak. Izan bedi, beraz, ganaduari bizia kentzeko balio izan zuena ganadu izan nahi ez dutenen bizileku, juntaleku, jolasleku edo auskalo zertarako leku.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak