Eta beste
Erlijio aldizkaria
Kepa Susperregi
Aurreko udan irakurri nuen aldizkari batean aipatzen zen zerbaitek nire atentzioa bereganatu zuen. Ikusten denez, duela lau urte Italiako MicroMega izeneko aldizkari batek zenbaki berezi bat argitaratu zuen Erlijioa eta Filosofiari buruz. Hiru teologo eta filosofo talde baten arteko eztabaida agertzen omen zen bertan. Gaia hau omen zen: “Nola egiten diete aurre erlijio ezberdinek, kristautasunak bereziki, ideologi ezberdinek gaur egun bizi duten krisiari?”. Eta gaiari sarrera emanez, Italiako pentsalari ezagun baten gogoeta eskaintzen omen zen.
Arrakasta handia izan zuen aipatutako argitalpenak. Harrituta geratu nintzen, eta honela nioen nire baitan: halako oihartzuna al du bada, oraindik erlijioak? Ez al da horrelako zerbait falta gure artean? Ez al litzateke egokia horrelako gaiak plazaratuko lituzkeen aldizkariren bat?
Iaz sortutako kezka, itxura denez, ez zen nirea bakarrik. Aurreko udazkenean iritsi zen nire eskuetara, aurten kaleratzekoa zen Hemen izeneko erlijio gogoetarako aldizkari berri baten harpidetza orria.
Joxe Arregi azpeitiarra —Ońatz bailarako semea— dugu aldizkari berri horren sortzaile eta zuzendaria. Joxek berak, duela hilabete gutxi egindako elkarrizketa batean, aipatzen du aldizkari berriaren helburua zein den: “Erlijio gogoetarako aldizkaria izango da. Ez du ‘goi mailako teologia’ zaila egin nahi; gogoeta sakon eta samurra egin nahi du, gaurkoa eta bizia; kristau fedeaz eta erlijio gaiaz gogoeta egin nahi duen irakurlegoentzat probetxuzkoa. Erronka handia da, bai; baina Elizarentzat eta euskal gizartearentzat beharrezkoa dela uste dut”.
Ale pare bat eskuetan ditugu. Hirugarrena ere ate joka dugu. Ea egiten ari diren ahalegina, eta erlijio gaiaz euskaraz pentsatu eta jarduteko aukera iraunkorra gertatzen den, emankorra bihurtzen zaigun.
|