|
|
|
Hemeroteka
Futbolaren zentzuaz
Xabier Azkargorta
Niri izugarri izorratzen dit futbola gizartearen minbizi gisa erabiltzen duen jende horrek. Badirudi futboleko jendea ezjakina dela, futbolzalea izatea ez datorrela bat kultur alorrean aritzearekin, zinemara edo antzerkira joatearekin, literaturarekin… Entrenatzaile batek politikaren inguruan hitz egiten badu, isiltzeko eta bere lanean aritzeko esaten diote, ez baitu horretaz ulertzen. Zer gertatzen da, guk ezin dugu kezka politikorik, kulturalik eta ideologikorik izan beste edonork bezala? Futbola gure bizimoduaren atal bat da, kasu honetan gure ogibidea. Baina, kazetari bat joan daiteke futbolera edo kultur ekitaldietara, filoso batek idatzi dezake…Orduan, guk ere bai. Kontzertu batera joatea kultur ekintza bat izatea, eta futbol estadiora joatea ekintza basatia dela esatea ez da bidezkoa.
Bestetik, niri barregura eragiten dit esaten denean kirola eta politika ez direla nahasi behar, oso hipokrita iruditzen zait. Politiko batek badaki, igandean arratsaldeko bostetan, 40 milioi lagun telebista aurrean jartzen duen fenomeno bat dagoela. Politikari batek ez du hori oharkabean pasatzen uzten. Futbola horren sartuta dago etxean, horren sartuta dago gizartean, horrenbeste lotzen da hainbat gauzekin... Futbola politika hutsa da. Ezetz dioneak hortaz aprobetxatzen delako da.
Zergatik joan behar dute futbolak batetik eta politikak bestetik. Futbola noren menpe dago? Federazioaren esku. Hau noren menpe dago? Kirol Kontseilu Nagusiaren esku. Kontseiluaren arduraduna nor da? Kultura Ministerioa. Beraz, zertaz ari gara hitz egiten? Gainera, argi dago; politikariek jendea eskuratu nahi dute eta jendea futbolera
joaten da.
|