Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko azaruek 22,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2004 »  Uztaila »  Iritzia »  Zazpikurutze

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Libre

Zazpikurutze

Manex Beristain

Goizeko 3:45ak dira, igandea da eta lurrean botata daukadan koltxoitik salto batez altxatu naiz. Koltxoia ohe gainera brausta bota eta lehen prestatutako motxila bete dut, niki bat aldatzeko eta jateko zerbait; ah! eta eguzkitako betaurrekoak, frontala eta kantinplora. Gosaltzeko zerbait eskuetan hartu, bidean jateko eta lagunarengana abiatu naiz, berandu samar baina lasai. Aspaldi esnatutako itxura aurkitu diot kideari edo, bestela, erretiratu gabea. Azkoitira bidean jendea pauso astunak espaloietan marraztuz gauari agur esaten eta gu begietako makarrak kentzeko lanetan eguna hasi nahian. Behin Azkoitian autoa aparkatu eta plazara abiatu gara, izen-emate lekura, berandu goaz baina lasai.

“Manex Beristain Agi...”.

“Ez, lasai, batekin nahikoa”.

Eta amaren abizena?.

Ibilbidearen orritxoa hartu eta bixi antzera abiatu gara aurreko partaideak atzemateko gogoz, berandu goaz baina lasai. Kaleko argiek oraindik ere txukun betetzen dute euren lana, eta nahiz eta hasi besterik egin ez garen, parrandazaleen animoak gustura hartzen ditugu. Aurreneko maldak igotzearekin batera azkeneko argi postea atzean utzi dugu, eta orduan komeriak: bista ilunpetara ohi-tzen hasi aurretik kopetako argiaren laguntzaz ederki zapaltzen ditugu behar diren harriak. Oraindik fresko goaz, nahiz eta Erlora bidean malda gogorrak aurkitu, momentuko emozioari esker hankak bakarrik joaten zaizkigu eta zapaltzen duguna soilik ikusten dugunez, urrunekoak ez gaitu kezkatzen. Tartean burua altxatu eta ipurtargien manifa baten antzeko irudiak ikus daitezke.

Konturatu orduko korrika eta presaka jaisten ari den jendearekin gurutzatzen hasi gara, Erlo puntara hurbiltzen ari garen seinale. Hortxe dago gure ibilaldiko aurreneko gurutzea. Fresko egiten du eta gehiegi gozatzeko denborarik gabe, beherantz abiatu gara, Aittolako gurutzea dugu hurrengo jomuga. Aittola inguruko pagadietan txorien bertsoak entzun daitezke, neurri eta doinu librean, baina dotore kantatzen dute. Kopetako argitxoa itzeldu eta alboko lagunari egun-ona eman diot, ordu artekoa amets bat izango balitz bezala.

Aittolako bazka lekura iristearekin batera bigarren irribarrea kanporatu zaigu, Aittolako gurutzea esku-eskura daukagu eta begiekin geureganatu duguna eskuarekin laster batean ukitu dugu. Hortik Aittolako txabolara abiatu gara, bigarrengo kontrol gunera. Ederki sartzen da salda beroa eta ederki sartzen dira jendearen aurreneko hitzak. Denbora gehiegi galdu gabe, galipota gainetik hirugarrengo gurutzera abiatu gara, dagoeneko talde majoa osatu dugu, erritmoak baino gehiago hizketaldiek markatzen dute taldearen egitura. Gustura goaz, erritmo bizian baina lasai. Sargoateko gurutzeari bertsotan egin diogu agurra, argazki bat edo beste atera eta Hiru-kurutzetako malda gogorrak irensteko prest zangoak martxan jarri ditugu. Maldak gora, aurreko hizketaldiek arnas doinuei pasatu diote testigua. Hiru-kurutzetako gurutzea ezkutaketan jolastu zaigu igoerako azken zatian, baina azkenean ‘Hiru-kurutzeta zapo’ eginez aurkitu dugu. Ibilaldiko laugarren gurutzea eta oraindik sasoiko. Motxilatik mapatxoa hartu eta gure burua kokatzen saiatu gara. Hurrengo jomuga Irimo, baina tartean Gorlako hamaiketakoaz gozatzeko parada izango dugu, martxan ba.

Irimo. Gorlako borda jendez gainezka dago eta mahaiko aberastasunak ez du preziorik. Momentu hori behintzat lasai hartzea erabaki dugu. Tripa ondo bete eta ibilaldiaren bigarren zatia gustura, indarrez, ilusioz eta kantuan hasi dugu. Irimoko gurutzea ezagutzeko irrikaz.

Taldean beti dago inguruak ezagutzen dituen norbait eta, egia esan, ez da batere gaizki etortzen. Orain guztiok aldapa horren zain gaude. Beno, ez zen horren gogorra, irudikatutakoa askoz gogorragoa zen. Irimoko gurutzea eta, batez ere, bertatik jasotzen diren bistak ikusgarriak dira, mendi horrekin ezusteko polita hartu dut. Zumarragara azkar jaitsi gara eta azken aurreko gurutzea Izazpikoa dugu. Hankak nekatzen hasiak dira, baina ilusioak goraka dirau. Oletako gurutzean aurre ospakizunetan murgildu gara, azken bederatzi kilometroak egiteko indarrak nonbaitetik hartu behar eta.

Azkoitian azkenean. Egun biribila atera zaigu. Ibilaldi ederra. Jende jatorra. Eta hurrengo urtean nola ez, Azpeitiko ibilaldira mendi zale oro.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak