Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko azaruek 22,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2004 »  Uztaila »  Iritzia »  Gure munduaren antzerkia

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Enbido

Gure munduaren antzerkia

Pako Aristi

Ez dira herri asko izango sarreran santu baten argazkia daukatenak. Azpetian mutur batean santuaren argazkia dago, beste muturrean Loiolako basilika erraldoia, ermitaz eta komentuz inguratua, eta gainean, Izarraitz puntan, santuaren estatua gauero argiztatua. Sinbolo horiek mugatzen dute gure bizitza Azpeitian, eta ez zaizkit batere gustatzen.

Zestoatik zatozela hor dago Azpeitiaren sarreran, bide zaharretik, San Inazioren poster galanta, gainean foko bat duela, eta ondoan plaka bat: ‘Madalena auzoa’; eta behean beste bat: ‘Madalenako ermita’. Santu bat eta bekatari bat elkarren ondoan; Inazio jauntxo, neskazale eta bekatari handia izandakoa eta Madalena, Jesusek bide onera ekarri zuen prostituta. Ez dute bikote txarra osatzen. Ona eta txarra, arra beti ona, emea beti txarra, orain biak bat eginda.

Sinboloak. Sinboloekin jolastea asko gustatzen zait, eta nonbaitetik Azpeitira natorrenean Madalenako sarrera hori igaro ondoren antzerki batean sartzen ote naizen irudipenak hartzen nau askotan. Gure bizitza beste norbaitek idatzi duen gidoia jarraitzea besterik ez ote den. Denok gauza igoalak egiten ditugu, antzezle bikainen moduan, gauza onak batzuetan, txarrak askotan, eta gero errua sentitzen dugu eta penitentzia txikiak bete-tzen ditugu. Gure ohitura sozialak ikusi besterik ez dago.

Ezkontzetara denak doaz igoal-igoal jantzita, telebistako ezkontzetatik eta programa horteroetatik kopiatutako diseinuekin. Dantza denek igoal egiten dute, txorakeria igoalak esaten dituzte denek. Bataioak ere ezkontza txikiak bilakatu dira: denak elegante gero jatetxean egundoko bazkaria egitera. Gabonak jaten ematen ditugu etengabe, eta gero dator damua; baina damua ez da gure bizitza ereduak munduari sortzen dion nahigabeagatik, ez; damua da lau kilo gizendu garelako.

Orduan denak bizikletan eta lasterkan hasten dira. Hori egin gabe, nahikoa zen gutxiago jatea, bizitza normalago bat eramatea, baina ez: denek egiten dutena ezin guk egin gabe utzi, gogorik gabe jan behar badugu ere.

Eliza eta itxurakeria. Antzerki honen arduradun nagusia Eliza da gurean, sakramentuak ikuskizun sozial bihurtu dituelako. Jaunartzeak ikusi besterik ez dago, zenbat diru gastatzen den arropatan eta dexente aurretik enkargatutako jatetxeetan. Egun sozial handia jaunartzearena, baina hiru urteren bueltan haur horiek mezatara joateari utziko diote. Egun handia izan zen Konfirmazioarena Urrestillan duela gutxi; 20 gazte bedeinkatu zituen gotzainak, baina hurrengo igandean haietako bat bakarra ere ez zegoen mezatan. Zertan ari gara? Dena itxurakeria bihurtzen, mamirik eta funtsik gabeko antzezpena, besterik ez. Hori bai, banketeak ez dira inoiz faltako gure artean, arrazoirik purtzilena erabili behar bada ere.

Eliza da gurean politikaren eszenatokia. Zenbat meza ematen dituen Kaito Telebistak: Xoxoten meza, zaharren egoitzan meza, auzoetako jaietan meza, ez dakit zeren inaugurazioaren meza... eta zinegotziak hor daude beti, kamerarik gabeko mezetan asko ikusten ez ditugunak. Lehendakaria urtean behin etortzen da Azpeitira, zertara eta meza entzutera, hori bai, prozesioan ibili behar da aurretik, herriak jakin dezan nor dagoen boterean. Hori ez da serioa; lehendakariak herritar guztiekin egotera etorri behar luke, eta herritar gehienak ez dira mezatara joaten. Ezagutuko ote dugu Azpeitian prozesioan ibiliko ez den alkaterik? Zenbat gusta-tzen zaigun desfilatzea, arropa dotoreak jantzi eta aurpegirik serioena erakutsiz! Zein pobreak garen geure aberastasun erakustaldietan!

Herriko negozianterik handienak mezatara doaz, zer eta aberatsak ez direla zeruan sartuko entzutera. Hori nola da posible? Ba Elizak nolabaiteko ‘label’ bat ematen diolako bertara hurbiltzen denari, antzerkian leku on bat eskainiz.

Horregatik nik neuk idazten ditut nire gidoiak.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak