Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2010ko martxuek 20,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2004 »  Ekaina »  Hirukote ziklista

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

mamia

Hirukote ziklista

Ainitze Oruesagasti

Txikitatik dabiltza elkarrekin Jokin Ormaetxea, Joseba Albizu eta Andoni Aranaga: hasieran Lagun Onaken (batera) eta orain profesionaletan

Batera
Batera.  Denboraldian sartu-sartu eginda daude, batean eta bestean dabiltza hiru txirrindulariak korritzen, baina hirurek ere izan dute Uztarriarekin egoteko astirik. Aspalditik ezagutzen dute elkar, eta ederki konpontzen dira. Errepidean entrenatzen ez ezik, tarteka afaltzen eta kalean ere ikusten dira hirurak. Gazteak dira  (Nerea Uranga)
Entrenamenduak
Entrenamenduak.    (Nerea Uranga)

Andoni Aranaga, Jokin Ormaetxea eta Joseba Albizu, Azpeitiko Lagun Onak Txirrindulari Elkartean hasi ziren 11-12 urte zituztela. Orain hirurak profesionaletan daude. Albizuk (Euskaltel) bi urte daramatza profesional bezala, eta Aranagak (Chocolates Jacques) eta Ormaetxeak (Paternina Costa de Almeria) aurreneko urtea dute. Aranaga Giroan ibili da maiatzean, Albizu Asturiasko Itzulian, eta Ormaetxearen bidez hirurekin hitzordua jarri du Uztarriak... baina ipinitako ordua baino bi ordu lehenago etorri da hirukotea egoitzara. Horrelako aldearekin aritzen badira txirrindularitzan, ez dute ez etorkizun makala...

Lagun onak txirrindulari elkartea

Andoni Aranaga. “Lagun koadrila bezala gogoratzen dut. Katxondeoa, giro polita genuen taldean. Kanpora lasterketaren bat korri-tzera joan behar genuenean, Escuderoko autobus zahar batean joaten ginen; bizikletak autobusaren sabaian eramaten genituen, eta kabitzen ez ziren bizikletak autobuseko pasiloan eramaten genituen”.

Jokin Ormaetxea. “Hasiera zen, eta arroparik ez zigutela ematen dut gogoan. Garai polita izan zen. Ilusioa agian, orain baino handiagoa genuen adin hartan”.

Joseba Albizu. “Nik ere hasierak gogoratzen ditut. Lagun talde bat ginen”.

Bakoitzaren eguna

Hirurek. “Goizeko bederatziak inguruan jaiki, gosaldu eta normalean 10:30ak aldera gelditzen gara hirurok, entrenatzera joateko. Egin behar izaten dugunaren arabera, batzutan hiru, lau edo bost orduko entrenamenduak egiten ditugu. Saioa bukatu eta etxeratzean, zerbait jan eta lo-kuluxka. Arratsaldean lagunekin egon, afaldu eta ohera”.

Entrenamenduak

Aranaga. “Denboraldian ekipoarekin, korritzera baino ez gara joaten. Entrenatu, normalean, he-men egiten dugu. Batzuek abdominalak-eta egiten dituzte, nik ez. Neguan gimnasiora, igerilekura gehiago joaten naiz”.

Albizu. “Denetik pixka bat egiten dugu: luzea, motza, mendia... Garai hauetan bizikletan baino ez gara ibiltzen”.

Ormaetxea. “Denboraldia hastean entrenatzen gara ekipoarekin; bestela, gu geu aritzen gara”.

Hemengo parajeak

Aranaga. “Entrenamenduak egiteko toki ideala da hau. Laua eta malda gorabeheratsuak etxetik gertu ditugu, eta hori eskertzen da. Toki pribilegiatua da bizikletan ibiltzeko. Eguraldia da pixka bat hutsegiten diguna”.

Ormaetxea. “Paraje onak dira hauek. Lauan entrenatu nahi badugu, kostaldera joaten gara eta portuak igotzera Urraki, Madubi aldera”.

Albizu. “Hemengo parajea oso ona da. Aberatsa da oso. Denetik eskaintzen du. Albaceteko txirrindulari batek baino zorte handiagoa daukagu alde horretatik; izan ere, han lautada eta haizea besterik ez daude”.

Txirrindularitzaren gogortasuna

Albizu. “Ahalegin eta sakrifizio handia eskatzen duen kirola da gurea. Ahalegina egiten den unean baino gehiago, eskatzen duen sakrifizioa da gogorragoa”.

Ormaetxea. “Lehengo batean lagun batek esan zidan futbola txirrindularitza baino gogorragoa dela, baina uste dut horrelako txorakeriarik inoiz ez dudala entzun. Txirrindularitzan 24 ordu beraren arabera antolatu behar dira”.

Aranaga. “Bizikleta gainean ibiltzea polita da. Txarrena aparte egin behar diren sakrifizioak dira; jana, bizitza horren inguruan antolatzea, parrandak...”.

Parranda

Albizu. “Parrandan ibiltzea ez da agian, ondo ikusita egongo. Hori norberak ikusten du. Baina nik pentsatzen dut denboralditik kanpora neguan parrandaren bat egitea ona dela. Denak bere neurria du. Astero parranda botaz gero, bizikletan jai dago, baina noizean behin egitean, buru aldetik-eta ondo etortzen da”.

Aranaga. “Denboraldian ere tartean behin bat edo beste ez dago gaizki. Egin beharra dago, bestela hobe apaiz sartzea”.

Ormaetxea. “Hori norberak ikusten du”.

Autodefinitu

Ormaetxea. “Eskalatzailea naiz”.

Albizu. “Pixka bat errodadorea naiz. Askok pentsatzen dute eskalatzaile petoa naizela, baina nik ez dut horrela uste”.

Aranaga. “Nire burua aldapa motzetarako ikusten dut, etapak gora-behera asko dituenean, aldapa luzerik gabe”.

Hasierako helburuak

Aranaga. “Aurtengo helburua poliki-poliki hobetzen joatea. Bigarren zatia lehenengoa baino hobea egiten joatea. Urte bukaera pixka bat polita eginez gero, gustura bukatzeko moduan naiz”.

Albizu. “Urtetik urtera hobetzen joatea. Aurten Espainiako Itzulian izango naiz”.

Ormaetxea. “Nire helburua, Euskal Bizikletan ondo ibiltzea da”.

Ametsetako etapa

Aranaga. “Flandriako Tourra”.

Ormaetxea. “Frantziako Tourrean, Pirinioetan etapa bat irabaztea”.

Albizu. “Tourreko etapa bat irabaztea; ahal izanez gero, mendiko bat”.

Aldegindako unean zer?

Aranaga. “Protagonismo puntu bat ematen du ihes eginda ibiltzeak. Ilusioa ere bai. Ondo zoazen seinale da”.

Ormaetxea. “Baina nahiz eta ihes eginda joan gaizki baldin bazoaz, noiz edo noiz pasatzen da burutik ‘ea noiz harrapatzen nauten’. Ezberdina da ihes eginda joatea edo zuzendariak agindu dizulako tiratzen joatea”.

Albizu. “Ihes eginda protagonismoa hartzen da. Etapa batean ihes eginda ibiltzen bazara, zure lana justifikatuta gelditzen da”.

Profesionaletako pasadizo bat

Aranaga. “Otsailean, taldearekin Malasiara joan nintzen entrenatzera. Taldean bizikleta gainean gindoazela, bat-batean, sei tximino gurutzatu zitzaizkigun bidean. Parre ederrak egin genituen”.

Ormaetxea. “Lehenengo lasterketa nuen profesional moduan, profesionaletako nire debuta zen eta ni erori egin nintzen. Nire gainera Paolo Bettini, Italiako txapelduna erori zen eta ez zen mugitzen. Nik esaten nion ‘pero Paolo, muevete’ baina hura ez zen mugitzen. Hasiera ona izan zen...”.

Albizu. “Profesional bezala lasterketa batean ateratzen nintzen lehen aldia zen, Italian eta behin lasterketa korrituta, etxerako hegazkina galdu nuen. Zer egin ez nekiela gelditu nintzen. Taxi bat hartu eta hotel batera, Milanen. Hurrengo eguneko hegazkin txartela atera eta egun bat beranduago iritsi nintzen etxera”.

Dopina

Albizu. “Eliteko kirol denetan dago dopina. Denontzako lege beraiek daude eta txirrindulari bakoitzak ikusten du dauden lege horietan ibili eta marra hori pasatzea. Txirrindularitzan bezala, badira beste kiroletan tranpa egiten dutenak. Beste kirol askotan txirrindularitzan baino askoz kontrol gutxiago dago. Gure kirola oso kontrolatua dago”.

Aranaga. “Txirrindularitza denen ahotan dagoen kirola da. Eman behar zerrikeri asko dagoela. Tranposoak denean daude. Azken batean, txirrindularitzan egiten diren kontrol guztien arabera, beste kirolekin alderatuz, positibo gutxien ziklismoan daude. Mila kontrol egiten dira urtean, era guztietakoak gainera, txirrindulari bati ilea atera diezaiokete, eta ezin du kexatu. Nik uste kirol guztietan arau batek egon behar lukeela”.

Ormaetxea. “Bakoitzak jakin behar du zer egiten duen, kontrolak denentzat daudelako. Bakoitzaren kontzientzia da agintzen duena. Kontrol zorrotzak daude. Txirrindulari bat hiltzen bada, Pantani hil zen bezala, dopina eman duela, kokaina hartzen, gauza asko zabaltzen dira. Baina futboleko dopinari buruz inork ez du ezer esaten”.

Tourra

Aranaga. “Lasterketa handia da. Niri ez dit ilusio berezirik egiten baina joateko esango balidate gustura joango nintzateke. Irabaz daitekeen lasterketa handiena eta zailena da. Tourrera joateko filtro asko pasatu behar dira. Lehenengo, zure ekipoak bertako partaideetako bat izan behar du, gero taldeak hartu egin behar zaitu...”.

Ormaetxea. “Iaz Andoni eta biok Tourra ikusten izan ginen. Munduko lasterketa onena da, nire ustez”.

Albizu. “Oihartzun handia du Tourrean egiten denak. Beste lasterketekin alderatuz, Tourrean egiten denak hamar aldiz gehiago kontatzen du. Alde horretatik esan daiteke Tourrak gehiago ematen duela. Beste lasterketa asko daude onak eta garrantzitsuak, baina nahiz eta emaitza onak atera, jendea ez da enteratzen. Jendeak gehien Tourrra eta Mundialak jarraitzen ditu”.

Idoloa

Aranaga. “Gustukoak asko ditut, baina bat aipatzearren, Musseuw”.

Ormaetxea. “Nire idoloa Ullrich da. Asko gustatzen zait”.

Albizu. “Inoiz ez dut idolorik izan. Hori bai, beti eskalatzaileak gustatu izan zaizkit”.

Ziklismoa telebistatik

Aranaga. “Asko jarraitzen dut txirrindularitza telebistatik. Karrerak ere ikustera joaten gara”.

Ormaetxea. “Telebistatik asko jarraitzen dut txirrindularitza. Lasterketak ikustea gustuko dut. Txirrindularia izateko asko gustatu behar zaizula uste dut, bestela jai dago”.

Albizu. “Telebistan gehien jarraitzen dudana kirol saioak dira. Batez ere, txirrindularitza”.

Selekzioa

Aranaga. “Euskal selekzioa egongo balitz, gustura aterako nintzateke. Mundiala korritzea egundokoa da da. Beste ilusio bat da Euskal Herriko selekzioarekin korritzea”.

Ormaetxea. “Espainiakoan baino gusturago aterako nintzateke. Baina Espainiakoak aukera emanez gero, joan egin behar. Afizionatuetan Euskadiko selekzioarekin korritu izan genuen Frantzia aldean”.

Albizu. “Euskal selekzioaren inguruan txirrindularritzan ez da horrelakorik planteatu futbolean bezala”.

Adituak

Ormaetxea. “Azkoitian behintzat, txirrindularitzaz gehien dakitenak txikiteroak dira”.

Albizu. “Kirol honetan, beste gauza askotan bezala, sasi-jakintsu asko dago”.

Erorketak, puntualitatea...

Ormaetxea. “Kaiku taldearekin nengoela, Aubisque (Frantziako Pirineoak) jaisten klabikula hautsi nuen. Gero anbulantzian eraman ninduten, baina inork ez zidan ezer ulertzen. Anbulantzian goitik behera zorabiatuta jaitsi ninduten. Sekulako antzerkia izan zen. Paueko ospitalera eraman ninduten, larrialditan aulki gurpildun batean jarri eta pasilloan utzi. Han denetik pasatzen ikusi nuen”.

Aranaga. “Altzon erlojupeko lasterketa batean berandu iritsi nintzenean, orduan izan nuen disgustorik handiena”.

Albizu. “Eibarko Balentziagaren Omenezkoan erori nintzenean, ukalondoa hautsi nuen”.

Taldeko hizkuntza

Aranaga. “Inglesez ahal den moduan moldatzen naiz taldekideekin hitz egiteko”.

Ormaetxea. “Taldean gazteleraz hitz egiten dut”.

Albizu. “Euskaraz eta gazteleraz hitz egiten dut”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak