Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko maiatzak 17,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2004 »  Ekaina »  'Politikan sartutakoan harra barruan gelditzen da eta nik oraindik badut'

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

mamia

'Politikan sartutakoan harra barruan gelditzen da eta nik oraindik badut'

Ihintza Agirretxe-Enekoitz Esnaola

Maria Jesus eskolan
Maria Jesus eskolan.    (Ihintza Agirretxe)
Maria Jesus Aranburu irakaskuntzan berriro
Maria Jesus Aranburu irakaskuntzan berriro.    (Ihintza Agirretxe)

Ikastetxetik GBBren bilerara, handik irratira, irratitik etxera... antzera dabil azkenaldian Maria Jesus Aranburu. Idazleen Eskolan ere ari da bere lantxoak egiten. Hori da denbora aprobetxatzea hori! Uztarriari ere egin dio tarterik.

EAJren Gipuzku Buru Batzarreko kide berria zaitugu. Zer dela-eta aurkeztu zara?

Alderdian normalean norberak ez du bere burua aurkezten. Herrietako batzarrek izenak proposatzen dituzte eta nirea aipatu zen zenbait herritan. Nik ontzat eman nuen, lehen itzulian nire izenak babes dezentekoa zuela jakin nuelako. Zergatik? Alde batetik, politikan sartutakoan har hori barruan gelditzen da, eta nik oraindik hor dut. Gainera, uste dut oso egoera politiko interesgarrian gaudela. Nolabaiteko erronka da eta interesatu egiten zaizkit horrelako erronkak. Gainera, Joseba Egibarrek buru egiten duen taldean gustura sentitzen naiz. Horrelako aukera izan eta pena ematen zidan pasatzen uzteak.

Zer dela-eta Egibarren zerrendan?

Nire izena proposatu zutenek ongi ezagutzen naute, eta nire borondatea eta ikuspuntua zein ziren ongi dakite. Egibarren ikuspuntutik gertu nagoela esango nuke.

Eta zertan bereizten da lehiakide Juaristiren ikuspuntutik?

GBBko lehendakaritzarako baino gehiago, EBBko buruzagitzarako lehian gehiago bereiztu ziren publikoki, nahiz eta ponentzi politiko bera dugun, alderdi bezala bakarra izan eta hori aurrera ateratzeko denok batera egingo dugun. Baina hor ezberdintasuna talantean edo estrategiak markatzerakoan dago, lehentasuna zeini eman...

Zu ibili al zara herriz herri?

Ez, horrelakoetan Egibar bera eta inguruan dituen bost bat lagun ibili dira hautagaitza aurkezten. Giroa gogorra izan omen da. Egibarrek berak esandakoa da aldeak ez direla azalekoak bakarrik izan. Egibarrek zauri pertsonalak aipatu zituen, eta badaude zauri sakon batzuk. Buru direnen artean, egunero elkarrekin egiten dutenez lan, harremanak azkar normalduko dira. Baina zailago izaten da horrenbeste ikusten ez diren pertsonen artean gauzak normaltzea. Hori eguneroko bizitzan ere berdin gertatzen da eta nik uste hori adierazi nahi zuela Egibarrek.

Zein dira GBBko apustu nagusiak?

Hori Egibarrek erantzungo du. Ni ez naiz GBBko bozeramailea.

Ez al dakizu, adibidez, euskara eta kultura kontuetan zein izango diren asmoak?

Euskara aldetik, Egibarrek lehen agerraldian argi utzi zuen GBBko edozein kidek egiten dugun agerraldietan euskarak izango duela lehentasuna, eta agerraldien %50 euskaraz baino ez direka izango. Nik uste euskararekin dagoen jarrera argi ikusten dela hor. Orain GBBn gauden kide guztiak euskaldunak gara eta geure lehen bileran ere argi gelditu zen gure hizkuntza euskara dela eta euskaraz egingo dugula.

Bestela, zertan datza, hain zuzen, GBBren lana?

Orokorrean bi atal nagusi ditu. Batetik, barne antolakuntza, etxe barrura begirakoa: batzokiekin harremanak sendotu eta informazioa eguneratuta eman, eztabaida politikoak sortu, informazio ikastaroak antolatu... Gero beste atala instituzioen arteko koordinazioa da (Diputazioak, udalak eta Jaurlaritza), eta gizartean dauden talde batzuekin, sindikatuekin, enpresariekin... harremanak izatea, eta, dudarik gabe, hori guztia helburu politikoekin.

Orain EAJren helburu nagusia Ibarretxe Plana da, baina beste indar batzuen babesa beharko luke. Zeinena?

EAJri askotan kritikatu izan zaio anbiguetatearen kontua. Baina nik uste anbiguetatea baino gehiago, gizarteko talde ezberdinekin hitzartzeko abildadea duela. Galdetuz gero gaur egun zeinekin dagoen errazago hitzartze hori, nik uste bi aldeekin dagoela zaila baina entzuten ditugun mezuen arabera, ezker abertzalearekin errazago dago PSOErekin baino. Ezker abertzalearen bozeramaileari entzun izan diogu Ibarretxe Planaren sarrerarekin ados dagoela, eta ematen du koinzidentzi gehiago izan ditzakegula ezker abertzalearekin. Baina horrek beste baldintza asko ekartzen ditu.

Anbiguetatea aipatu duzu, baina EAJk ez al du azaldu inoiz baino argiago zein den bere plana?

Ekintzetatik ezagutzen da guztia eta politikan bi erritmo daudela pentsatzen dut. Batean, zure ideologia ponentzi politikoetan islatzen duzu, eta bestean, ponentzi politiko hori aurrera eramateko baliabideek markatzen dute. EAJren ponentzi politikoak irakurtzen baditugu 1978ko batzar orokorretik orain artekoak, oso garbi ikusten da zein ziren eta gaur egun zein diren helburu nagusiak. Beste gauza bat eguneroko ekintzetan egin behar dituzun erritmo aldaketak. Ponentzi politikoak oso garbiak dira beti baina orain bide eta helburu nagusiak dokumentu juridiko batean ditugu.

Azken helburua Europan beste nazio bat izatea al da?

Bai.

Babesa lortzeko indarkeriatik desmarkatzea eskatzen diezue ezker abertzaleari. PSOEri zer?

PSOEri eskatzen zaiona da hemen herri bat dagoela eta herri bezala dugun borondatea onartzea.

Europako hauteskundeetan HZ isildu nahi du PSOEk...

Oso gaizki iruditzen zait. HZko herritar horiek pertsonalki ez badaude legez akusatuta eta eskubideak kenduta, hau da, beren eskubide zibikoak badituzte, zer dela-eta ezin dute aurkeztu? Galdera izango litzateke: ba al dute Espainiako alderdi nagusiek herri hau normalizatzeko interesik?

Zuen salaketa horiek hor daude, baina hemen ez al da behar hitzak baino zerbait gehiago?

Egin daitekeena zer den asmatzea ez da erraza. Elkartasuna adieraztean ekintzak ere neurtu egin behar dira, gero horiek beste ondorio batzuk ekarriko lituzkete-eta, inoren ahotsa ez entzutea hain zuzen. Irakurketa horri beste bat ere egin dakioke: ez al lirateke Europan kezkatuko herri batetik inor ez dela aurkezten ikusita?

Hurrengo urtean dira, berez, berriro EAEko hauteskundeak eta ezker abertzaleari aurkezten utziko ez baliote eta ondoren bozkatuko balitz Ibarretxe Plana, gizartearen legitimitaterik izango al luke edo bozkatuko al litzateke?

Zaila da egoera. Baina EAJk aurreikusita ditu horrelako egoerak. Eta pentsatu nahi dut sukaldeko lanak egiten ari garela, eta nahiz eta gizartean ez ikusi zenbait gauza, hor atzean zerbait badagoela.

Batzuek hori diote.

Bai, eta, bestetik, Otegik esan du orain gertuago dagoela Jesus Egigurenek esaten duenarekin Ibarretxe Planarekin baino, eta hori ere zerbait bada. Agian, ezker abertzalea ari da sozialistekin zerbaitetan, eta oso ondo iruditzen zait, hitz eginez konpontzen direlako gauzak. Ea horrek indar handiagoa ematen dien hemengo sozialistei, gero PSOEren aurrean beraien iritziek forma har dezaten.

Aldaketarik ekarriko al du PSOEk Espainiako hauteskundeak irabazi izanak?

Egun batetik bestera ez. PSOEk azken zortzi urte hauetan bi fase izan ditu. Bata, bere burua garbitzearena, eta bigarrena PPrekin egin dituen akordio horiena. Beraz, egun batetik bestera aldatzea ezinezkoa da, baina legealdian aldeak markatuko dituztela uste dut. PSOEk Madrilgo gobernura iritsita bere estruktura asko indartu du eta bere presentzia Espainiako Estatuko autonomi guztietan indartu du. Katalanek eskatzen dutena eta guk eskatzen duguna oso ezberdina da. Katalanek eskatzen dutena bada nazio aitortza, baina une honetan askoz pisu handiagoa du finantziazioak. Eta hemen finantziazioa oso atzera gelditu da, hemen karga politiko handiko gauza da eskatzen dena. Eta nik uste PSOEk lau urte hauetan zerbait aldatuko duela, bestela...

Orain GBBn zaude. Herrirako gogorik ez ala?

Izan nintzen zinegotzi. 1983tik 1987ra. EAJren zatiketa garaian. Gogorra garaia.

1999an udaletxera bueltatzen saiatu zinen, ezta? Udal hauteskundeetan EAJ barruan Jose Mari Bastidarena ez zen zerrenda bat egon zela aipatu zen, eta zu zeundela buru zerrenda hartan. Hala al da?

Bai, egia da. Garai hartan alderdi barruan bat baino gehiagok ikusten genuen aldaketarako garaia heldu zela. Baina barruko bozketan galdu egin genuen.

Diputazioan Kulturan ibili izan zara batik bat. Nola ikusten duzu kulturalki Gipuzkoa?

Lurralde orekatua da, ez da Araba edo Bizkaia bezalakoa. Gipuzkoan herri guztietan daude gizarte ekintza zerbitzu gehienak. Eta kulturan ere gauza bera gertatzen da. Uste dut Diputazioak emandako diru laguntzekin lan handia egin dela kultur etxeak egiten, baina gero horien kudeaketan ez dela batere lanik egin. Zementutan diru asko gastatu da baina gero ekintza horiek mantentzeko eta dinamika hori herrian sortzeko eta mantentzeko ez da ezer egin, eta arlo honi ez nioke nota ona jarriko.

Azpeitiari ere ez?

Ez. Hemen kultur etxea bera ere falta da baina hori dela-eta herriko dinamikak indar handiagoa hartu du. Eraikuntza eder hori izan balitz, akaso bertako langileei exijituko geniokeen egin beharrekoa.

Uztarria aldizkariaren 1. zenbakian eginiko mahainguruan ez zinen kultur etxearen alde agertzen...

Ez. Baina, batez ere, orain esan dudan horregatik. Nik uste eraikuntza bat aldarrikatzea alferrik dela, denbora berean ez badira baldintzak ipintzen bertako taldeek lan egin dezaten. Taldeek tokia behar dutela? Jakina, baina toki hori baliabide bezala erabiltzeko. Helburua ez da tokia izatea, baliabidea baizik. Mahainguru hartan Basazabal aipatzen zen herriko kultur aktibitateetarako eta nik esaten nuena zen ez diola axola zein izan etxea edo lekua.

Hor dago Soreasuko proiektua.

Egia esan, ez dakit ezer asko proiektu horretaz. Jakin dudanez, taldeak biltzen ari dira Udalarekin zein baliabide behar diren jakiteko eta ea hori Soreasuk ase dezakeen jakiteko. Udalaren eta taldeen artean adostasuna baldin badago, fenomeno.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak