|
|
|
Gogoetari leiho
Autoa, hiltzaile sakratua
Aitor Unanue
Ingeriaritza teknikoa ikasi zuen Arrasaten, eta gaur egun Biele enpresan dabil lanean. Erkaxo ingurumen taldeko kidea izan zen, baita Lagun Onak Mendi Bazkunako zuzendaritzako kidea eta EHko zinegotzia ere.
Autoak 9.000 pertsonatik gora hiltzen ditu urtero Espainiako Estatuan eta 15.000 lagun uzten ditu ezindurik. 17 eta 29 urte artekoen heriotzen erdiak autoak eragiten ditu. Europan urtero 65.000 pertsona hiltzen ditu; munduan 800.000. Bestalde, autoak isuritakoak gaitz ugari eragiten ditu: nerbio sistema, bihotza eta biriken funtzioa kaltetuz eta defentsa gutxitzea, minbizia, arnasketarako gaitzak, euri azidoa eta negutegi efektua... Autoaren bidaiari garraio ahalmena ere txikia da bestelako garraiobideekin alderatuz.
Nola da posible autogintzak aurrera egitea? Esaera batek dio: ordaintzen duenak agintzen du. Gobernu, legebiltzar eta komunikabideek autogileekiko duten morrontza ageria da. AEBetan adibidez, General Motorseko goi karguak eta Pentagonokoak pertsona beraiek bete izan dituzte historian. Espainiako Estatuak 1992an zerga bidez eskuratutako diruen %16,5 autogintzatik eskuratzen zuen, eta bi bilioi pezetatik gorako kopurua zen.
Herrian ez ezik, mundu osoan auto saltzaileek euren produktuarenganako adikzioa txertatu dute; horretan fin aritu dira. Baina herri honen geroa kontuan hartuta, autoarenganako adikzioa heroina, kokaina, krack edo tabakoaren aldean arriskutsua da. Zuhaitzak, umeak, agureak, txirrindulariak... estorbo izatera pasatu dira kalean. Noski, gure udaletxe aurreetara ez da inor ateratzen autoak herriko seme bat aurretik eramaten duenean, jainkoak hala nahi balu bezala, ez dago zer eginik. Gure biziraupenaren zutabe izan diren mendi, soro eta basoak sakrifikatzen ditugu haren alde, oinpean txikitzeko betirako. Gure zibilizazioko jainkoa da: autoa gurtzen dugu, autoa da gaurko altaretako (telebistako) irudi nagusia. Hala hezitzen gaitu, eta bere mende ibiltzera behartu, autoaren goresle eta morroi den erregimen faxista honek.
Beste arazoak. Autoa ez da ingurumen arazo potolo bakarra, bai agian ezezagunena. Hala ere, ezin aipatu gabe utzi, herria gizaldietarako kutsatuta utziko duten altzairu ondakinak, metal astunak, toxikoak eta arriskutsuak. Mendi berri bat egiten ari gara Odria azpian eta bestea Oñederren. Zabor politika arduragabea ere aipatu nahi nuke, Azkoitiko garbigunean islatua. Sistiaga errekako harrobian gertatzen ari den lurren okupazioa eta txikizioa. Israelek Palestinako lurrekin darabilen jokaera du harrobiaren kudeatzaileak baserritarrekin. Industriaren aldeko politika itsua, sektorerik kutsatzaile eta txikitzaileena izanik, nekazaritza desagertzear utziz. Ez nituzke aipatu gabe utzi nahi Izazpi Samiñoko, Hirumugarrietako eta Gazumeko zentral eolikoen proiektuak ere; txikizioa eta energia eredu zentralizatua suposatuz.
Arbasoak herriko inguruak erakarri zituen, baina bizitzeko gero eta deserosoagoa egin dugu. Hirietatik ere ahal duenak ihes egiten du ahal duenean; bizitzeko erosoa zena bizitzeko gai ez dena bilakatu da ondorengoentzat. Eta, hain geure egin nahi dugun lurralde hau, haren egoera hain gutxi axola izanik, inork ez duenean nahi eskuratuko dugu.
Gaitz beraren adar desberdinen aurka borrokan ari zirenak, gaur globalizazioaren aurkako borrokan elkartu direnak hain zuzen, aipatu ez ezik goraipatu gabe ere ez nituzke utzi nahi.
|