|
|
|
Gogoetari leiho
Adiskidetasun lana
Aitor Aranguren
Geologian lizentziatua eta doktoratua da EHUn. Unibertsitatean irakasle titular postua lortu eta Geologiako irakasle izan zen 1988tik 2003 arte. Orain Aldundian Ingurumen zuzendari nagusia da. Aurreko legealdian zinegotzi izan zen EAtik, Ingurumen batzordeburu.
baina azken bi mendeetan eta bereziki azkeneko hamarkadetan gizakiak errespetua zeharo galdu dio amalurrari eta planeta urdineko jaun eta jabe gisa dihardu. Zorionez, badira zientzialariak, agintariak eta talde ekologistak argi gorria pizten behin eta berriro: aldaketa klimatikoa, biodibertsitatearen galera, kontsumo-eredu mantenezinak, kutsadura eta honi loturiko gaixotasunak, baliabide natural ez-berriztagarrien kontsumoa (energia eta materia), iparra eta hegoaren arteko gero eta tarte handiagoa, eta abar luze bat.
Gure kulturan natura denda modura erabiltzen dugu eta uste dugu nahi dugunean eta nahi adina har dezakegula bertatik. Eta oker gaude. Gizakioi ahaztu zaigu natura gure etxea dela, naturaren parte garela eta adiskidetu beharrean gaudela. Garapen iraunkorra horixe da: gizakia naturarekin adiskidetzea. Garapen iraunkorraz erraz eta gehiegi hitz egiten da, eta luze jardun daiteke honetaz, baina garapena gizakien ongizatea baldintzatzen duten kalteak arinduz gauzatzen den aurrerapena dela esan liteke. Hitz eta esanahien arteko dantza honetan (atzean gizarte eredu ezberdinak daude borrokan) funtsezkoa da garapena eta hazkundea ez nahastea, eta ez da erraza baina garapena kalitateari dagokio eta hazkundea mailari.
Heltzen ari zaizkigun seinaleak behin eta berriro adierazten digute kontrolik gabeko hazkunde ekonomikoak mugak dituela, eta hausnarketa sakon baten beharrean dagoela egungo produkzio-sistema eta kontsumo-eredua. Herrialde garatuenetan, gainera, muga fisikoek egoera larritu egiten dute eta Euskal Autonomi Erkidegoak, Gipuzkoak, Azpeitiak bereziki pairatzen eta pairatuko dute, adibidez, lur eskasia. Egunerokoan gure zilborrari begiratzearekin ahaztu eta gure seme-alabei utzi behar diegun herriaz eta munduaz hausnartu behar dugu, “herrian eginez eta munduan eraginez”.
Argi gorria piztuta egonik (nahiz eta askok oraindik ez sinetsi) erabakietan eta jarreretan aldaketa etorriko da pixkanaka, baina makal dator, oso makal. Oso eroso bizi gara eta herritarrak berri hauek telebistan entzuten ditu eta urruti sentitzen. Agintari askok , berriz, oraindik ere “ingurumeneko kontu horiek” beren kudeaketa dotoretzeko erabiltzen dituzte. Ze, garbi izan dezagun, denok garela errudun eta denok jarri behar dugula zerbait egoera zuzentzeko eta hobetzeko: herritarrak, agintariak, enpresak.... Nik pertsonengan sinesten dut eta zentzu honetan gizabanakoen jarrerak aldatzeko informatu, sentsibilizatu eta hezi egin behar dira. Eusko Jaurlaritzak atera berri duen 2004. ekobarometro soziala oso adierazgarria da (www.ingurumena.net): erdiak baino gehiagok ingurumen-arazoei buruz informazio zabala du, jendearen ingurumenarekiko interesa hazten doa baina oso gutxi daude prest honen alde ezer egiteko, ingurumenarekin oso kezkatuta daudenak %30 dira orain, trafikoaren ondorio kaltegarriek eragin handia dute herritarren %55engan, herritar gehienen ustez (%66) gizakiaren jarduera kaltegarria da ingurumenarentzat, herritarren %65ek baino gehiagok diote beti bereizten dituztela birziklatzeko materialak. Egoera hobetu egin da 2001. urtetik hona, baina munduko egoera aztertzean ezkorragoa da balorazioa, udal-administrazioa da ingurumenari buruzko erabakiak hartzeko mailarik egokiena, erdiak uste du EAEn ez dela behar adina egiten ingurumena babesteko, herritarren %60aren ustetan fabrikak dira EAEn ingurumena poluitzen dutenak. Inkestatzailearen aurrean jendea zorabiatu egiten da, zer hipokritak garen.
Azken batean, ohitura aldaketaz ari gara hitz egiten, eta hori ez da bat-batean emango, epe luzerako lana da, betirako lana baita iraunkortasuna. Administrazioek (eta pertsonek) arazoen aurrean bi joera mota azaltzen ditugu: bata erreaktiboa —hau da, arazoak sortzen direnean konponduz— eta bestea planifikatzailea, neurriak ezarriz arazoa sortu baino lehen. Bide luze horretarako eta iraunkortasuneranzko bidean pausoak ematen hasteko, Azpeitiko Udalak tresna bat martxan ipini zuen 2000 urtean: Tokiko Agenda 21. Hasieratik bide zaila eta izan zuen, ez zuen denen onespena eta interesa jaso, baina komunikazio lan izugarria egin zen eta herritarren parte-hartzearen bideak diseinatu zituen, zimenduak eraikitzen hasi zen soilik. Zailena falta zen eta falta da: Udaleko egitura tekniko eta politikoan (pertsonetan berriz ere) iraunkortasuna integratzea. Bi multzo horietako batzuen jarrera ikusirik, ez dut itxaropen handirik.
Aldaketa? Azpeitia 2020. urtean? Ez da ikaragarri aldatuko, 15 urte ez baitira nahikoak aldaketa sakonak nabarmentzeko, aldaketarako erabaki eraginkorrak hartzen ez badira behintzat. Atzera begirada luzea emanez gero, gogoratuko ditugu ibaia hilda, zaborrentzako edukiontzirik ez, mendietako sasi erretzeak, enpresak airera eta uretara dena botatzen, herria planifikatu gabe hazten eta, gainera, autoen zerbitzura. Txikitan etxepeko dendan asto ilarak ezagutu ditugunok, ziurta dezakegu gauza batzuk aldatu direla, bai, baina beste batzuek berdin edota okerrago jarraitzen dute: auto kopurua hazten, energia, material eta ur gehiago kontsumitzen dugu, gero eta zabor gehiago sortu, errepide eta pista gehiago...
Tristeena zera da, batzuek, oraindik ere, ongizatea eraikitako etxe kopuruarekin, egindako errepide berriekin eta aparkaleku kopuruarekin neurtzen dutela. Penagarria benetan. Eta ea bateren bat konturatzen den Azpeitia ez dela hiri ingurunea soilik, baizik badela ura, airea, lurzorua, basoak, baserriak, paisaia, animaliak, hizkuntza, pertsonak (batzuk animalien taldean sar ditzakegu). Nola gizarte bat modu iraunkorrean garatu, bera bizi den inguru fisikoa kontuan izan gabe? Jakina ba, garapena gizartea dagoen lurraldeari ere dagokio!
Dena den, begiak itxi, Xoxotera igo eta amesten hasita, Azpeitian zuhaitzak nonahi ikusten ditut, gutxienez Izarraitz, Izazpi inguruak eta erreka batzuk babestuta daude, zaborra gaika biltzen dugu denok, kalea oinezkoek eta bizikletek kolonizatu dute eta auto elektrikoak erosteko aukera zabala dago, energia berriztagarrien erabilera asko zabaldu da, etxe berrietan derrigorrezkoak dira eguzki plakak, lur eskasiaren arazoa barneratu da eta eraikuntza hiri barneko espazioetan maximizatzen da, pobrezia testimoniala da, langabezi-tasa baxua (emakumeengan ere), euskara bazter guztietan barreiatu da, gizartea bakean dago...
|