|
|
|
Eta beste
Zorigabekoen kofradia
Ainhoa Odriozola
Badirudi azken boladan zorioneko gabiltzala gure herri santu honetan. Bateko loteria eta besteko kupoia, milioi euria izan dugu Azpeitian. Zuetako bat busti bada, zorionik beroenak, eta ez bazaizue ezer portunatu, nire kofradiako ateak zabal-zabalik dituzue: zortegabekoena, hain zuzen ere. Izan ere, konbentzitua nago zortea izateko zorteko jaio behar dela, zergatik bestela zorteak pertsona batzuei segi eta beste batzuei ihes egiteko duen ohitura nazkante hori? Uste dut bizitza guztian ez zaidala ezer tokatu, ez loteriarik, ez kinielarik, ez gabonetako otarrarik. Ez mariskada, txuletada edo urdaiazpikorik, hainbeste aldiz errifatzen den musika kate, bizikleta edo bidai ziztrinik ere, ezta eskolan andereinoak azken egunetan zotz egiten zuen posterrik edo txikitan lagunak zitalki zozketatutako karamelu txupaturik ere. Oraindik gogoan dut Iraurgi saskibaloi taldearen partidu batean errifatu zuten otarraz: zenbakiak eserlekuaren arabera ziren, nire ondokoari tokatu zitzaion. Hori izan da zortea gertuen pasatu zaidan aldia, adarra jotze aldera edo.
Ba omen zen amona xahar bat egunero mezatara joaten zena, txintxo-txintxo, eta egunero erregutzen omen zion bere debozioko santuari, loteria apurtxo bat bada ere tokatzeko. Halako batean, denbora asko pasatuta, santuak kupituta horrela esan omen zion: “Ni laguntzeko prest nago andrea, baina egunen batean gutxienera jokatuko bazenu...”. Zorteari dei egin behar zaio, tentetu egin behar da gerturatzeko. Neu ere amona horren pare ibiltzen naiz, loteriaz besteei tokatzen zaienean gogoratuz, uste dut ez naizela bakarra: baietz bolada batean kupoi salmenta igo apustu egingo nuke. Bien bitartean konforma gaitezen dugunarekin, oraingoan zorteko izan direnei gogoratu: besteekin ospatzea dela onena. Afaritxo bat, ronda pare bat, asteko kafetxoa bada ere...
|