Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko azaruek 22,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2004 »  Ekaina »  Iritzia »  Landeta auzoa

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Libre

Landeta auzoa

Alaitz Olaizola

Herriko auzo batean bizi naiz, gainontzeko herritar guztiak bezala. Gurean izaten dira aste osoan hainbat herritar. Asko, egia esan. Gizon eta emakume, zahar eta gazte, euskaldun eta ez euskaldunak. Guretik pasatzen dira kamioiak, autobusak, autoak, motoak, bizikletak... eta oinezkoak. Asko eta asko aste osoan. Herriko plazak baino bisita gehiago jasotzen ditu gure auzoak, Landetak.

Gure auzoa da, ordea, herriko utziena, zaharkituena. Jaio bezain pronto bertaratu nintzen eta urte batzuk herriaren erdian pasatu eta gero, berriro itzuli naiz oroimenez betetako nire auzora. Oroimenez diot, ordutik ezer gutxi geratzen baita gure auzoan. Berdea omen zen garai batean ingurua eta neuk ikusia da, gure etxe ondoan baratza emankorrak bazirela. Bazirela diot, orain lantegiak baino ez baitaude. Garai batean, Martzelinok txofertutako urbano zahar hartan etortzen ginen etxera eguraldi txarra zen egunetan. Egurrezko aulkiak zituen trasto zaharraz askotan gogoratzen naiz. Igual orain ez daukagulako izango da...

Lazkanotarren denda txiki hura ere, hura gure auzoko parte garrantzitsua izan zen, kendu zuten arte. Paxientziak ematen zizkigun. Ondo gogoan dut, goizean ogitara joan eta eskukada paxientzirekin etxera bueltatzen nintzenekoa. Gaur egun, pazientzia da behar dena gure auzoan. Pazientzia galanta, ordu puntetan bidea zeharkatu nahi bada. Sekula santan zebrabide triste bat horrenbeste kostatu denik... Ez da denbora asko, neguko arratsalde ilun batean, bide nazkantea igarotzeko sekulako egona egin eta gero, alabari eskutik heldu eta lasterka batean erabat desberdina zegoen asfaltoa pasatzen hasi eta elkarrekin estropuz egin eta gero, bidearen erdian lurrera zapla! erori ginenekoa. Sekulako zuloa praketan eta odola barra-barra zetorkidan belaunean behera. Ezin lurretik kolpe batean jaiki, alaba sustu galanta gorputzean zuela, negarrez, eta auto bat gero eta hurbilago. Zebrabidetik pasatu izan bagina... Ez dago, ordea, bat bera ere! Gure auzoan ez dago zebrabide p...

Errotonda berria egin zutenean, oinezkoentzako semaforoak kendu zizkiguten. Orduan ere, gogoan dut, behin lanak bukatu eta gero, han inguruan zebilen jefetxo batengana hurbildu eta nire kezka azaldu nionean —alegia, oinezkoentzako oso erremedio txarra zela hura, kontuan izanda hemen inork ez dituela zebrabideak errespetatzen, nola moldatu behar genuen—, lasai asko nola erantzun zidan: “Diputazioak hartutako erabakia da. Ume txikiaren kotxearekin pasatu behar duzunean, atera umea kotxetik, hartu besoetan eta, badaezpada, kotxea baino ez atera bidera. Autoa geratuko ez balitz, umearen kotxea baino ez dezan eraman”. Lazkanoneko amonaren paxientziak...

Gero, Udalean autobuserako diru laguntzak eskatu eta ezetz, Landeta herri barrutzat hartzen omen da. Esan, Landetakoak herritarrak garela, ez ordea, herriko parte. Ez dut ahanzten gune industriala dela gurea, eta beronek dituen abantaila eta desabantailekin bizitzen badakigula, ohituta gaudela. Baina hemen, oinezkook ez dugu lekurik, umeek ez dute tokirik.

Orain, dantzalekua. Orain, denbora gutxiren buruan, makro dantzaleku horietako bat datorkigu, gainera. Batek daki zer ekarriko duen horrek! Gutxi gorabehera, badakigu. Zer esana emango du hemendik aurrera.

Nonbait irakurri dut inguru hau zerbait berritzeko diru laguntzarik izango dela. Ño! Poz pixka bat ematen du horrek! Akaso, zebrabideak izango ditugu, inguru garbiagoa, oinezkoentzako lasaitasun dosia. Zain geratuko gara, ea dirua zertan gastatzen den.

Oraingoz, herrian jarraituko dugu paxientziak erosten, eta beharrezkoa denerako, etxean gordetzen.

Berriz ere kanpotar askok esango didate zein polita den ni bizi naizen herria. Haiei esan behar, egiteko buelta eder bat oinez herriko auzo desberdinetatik, guretik barne, eta hitz egingo dugula gero. Batek baino gehiagok esango du gero: Honek beti “zaharra zaude Azpeiti” esaten dik!

Norberak bere etxea defenditzen ez badu, akabo! Azpeitiarra naiz, eta Landetan bizi naiz. Pazientzi ederrez bueltatzen naiz egunero etxera, gustura eta arreta handiz. Gaur hau falta duk eta bihar hori jarriko dinate esan buruari, eta aurrera.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak