|
|
|
Enbido
Gure bizimoduaren sustraiak
Pako Aristi
Azpeitia herri txikia da, lasaia. Horregatik bi gauzekin asko harritzen naiz ni: bata da norbaitek esaten duenean mendira doala, “estresatuta dagoelako, relajatzera”. Azpeitian estresatzen denak, Azpeitian agobiatzen denak bere barruan baino ez dauka itomen hori. Bigarrena da hiru sarrailako ateak ikustea etxebizitzetan; etxe berriak horrela datoz, baina jende askok zaharra erosi eta berritzen duenean, hiru sarraila jartzen dizkio pisu koskorrari. Zergatik? Horrek ez dauka ez hanka eta ez buru: Azpeitian delinkuentzia ia ez da existitzen, gure pisuetara norbait sartuko den beldurra ez da erreala, ezta estatistikoki ere. Hamabost urte daramatzat autoa zabalik uzten, eta inoiz ez didate lapurtu, ezta larrua jo nahi zuen bikote desesperatuak ere. Zer gertatzen zaigu? Zergatik gastatzen dugu dirua benetakoa ez den beldur bat estaltzeko?
Alejo Carpentierrek hiri bat probintzianoa dela zertan ezagutzen den deskribatu zuen: “Hiri bat probintzianoa da bertako biztanleek auzokoaren bizitza berdina daramatenean, iritzi propiorik gabe besteek zer esango beldurrez”. Azpeitia nolakoa den galdetu ziotela dirudi hori irakurritakoan. Esan liteke Azpeitia oso-oso probintzianoa dela, jendeak asko bidaiatu arren, edota etorkinak gero eta ugariagoak izan arren. Batzuek horri “nortasunari eustea” deituko badiote ere.
Alejandro Jodorowskyk, berriz, honako hau dio mundu aberatsean bizi den jendeari buruz: “Jende gehienak besteak bezalakoa izan nahi du, eta hilda pasatzen dute bizitza osoa. Besteengandik bereiztuko gaituen zerbait aurkitu behar dugu zerbait izango bagara”. Eta gure gizartean gero eta hedatuagoa dagoen beldurrari buruz, hau dio: “Gizarte honek funtzionatuko badu beldurrak funtzionatu behar du. Beldur ugariak daude: beldur ekonomikoa, beldur sexuala, kontzientziaren beldurra, beldur emozionala eta abar. Izua gauza konplexua da: defentsak sorrarazten ditu eta gizartea aldaketarik gabe mantentzen du”.
Aberats berriak herrian. Azpeitia aberats berriz bete da. Euskal Herrian orokorrean bezala, burgesia nagusitu da. Lehen gehientsuenok pobreak ginen; etxe onekoek pisu bat zeukaten Zarautzen, eta kito. Aberatsek betiko jauregi eta neskameak. Pobrea zarenean, galtzekorik ez duzu edukitzen; eta elkarri laguntzeko aukera asko izaten dira. Orain denok abertsak gara, edo aberatsak bezala bizi gara, sakrifizio askotxo egin ondoren, eta bizitza neurri handi batean mikaztu ondoren. Nahi dugun oso gauza gutxi egiten dugu; konpromisoekin leporaino itota gaude; langileen lan baldintzak atzera joan dira, gero eta txarragoak dira, baina pisua ordaintzen ari denak isildu beharra dauka. Makurtuta bizi gara, zakartuta, baina lortu dugu aberatsak bezala bizitzea, itxuraz bada ere.
Lortu dugu zerbait: monobolumena, pisua, bidaiak, garajea, eskiatzen ikastea, yatea gobernatzen jakitea eta mariskoa jatea erridikulorik egin gabe. Hori dena defenditu beharra dago. Eta delinkuentziarik ez dagoen herrian ere denok hiru sarrailaz itxita bizi gara, inkontziente kolektiboak hala esaten duelako: “Asko lortu duzu, babestu ondo hori dena”. Eta horrekin, errukia galdu dugu. Jende ezezaguna eta kanpokoa ezagutzeko interesa. Gizakiarekiko jakinmina galdu dugu, denak etsai bihurtu zaizkigulako: gure lana kentzera datoz, gure emaztea bortxatzera, gure umeak bahitzera, gure etxeak okupatzera.
Eta denok elkarren igoal izaten aurkitzen dugu bakea, lasaitasuna. Lehen xelebre ikaragarri zegoen herrietan; orain denak igoalak gara, denak aspergarriak, denak zozoak, ezer orijinalik entzutea gero eta zailagoa da gure kaleetan, gure tabernetan, eta hiru sarrailaz defenditzen ditugu gure lorpenak, gu Jaungoiko kristauak aukeratuak izan garelako aberats izateko; kanpoan geratzen direnak sasikumeak dira, zakurrak, musulmanak, beltzak, marikoiak eta okerrak. Izorratu daitezela, ongi merezia daukate eta.
|