Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko maiatzak 16,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2004 »  Maiatza »  Hamar urteko bidaia

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Jakiteko

Hamar urteko bidaia

Ihintza Agirretxe

- Lakrikun antzerki taldeak hamar urte beteko ditu aurten, eta dena ez da izan taulako antzerkia; kanpokoa ere izan da...

Lakrikun
Lakrikun.  Lakrikun taldekoak  
Lakrikun
Lakrikun .   
Lakrikun
Lakrikun .   

1- Prestaketa. Irten lanetik eta antzerkia prestatzera. Ofiziotik afiziora. Talde amateurra baita Lakrikun sorreratik bertatik (1994). “Diziplina ere behar da”, diote. Eta pazientzia. Eta umorea. Eta... “Soreasun geuden entsegu orokor baten amaieran —dio Martin alegriak—. Ia goizeko ordubatak ziren eta Idoia Uranga zuzendaria denei errepasoa ematen ari zitzaigun. Denok hobeto egin beharrekoa edo zuzendu behar genuena entzuten ari giren ordu txiki haietan... Ni antzezlanean italiarra nintzen, eta halako batean Idoiak: ‘Aizu, Martin, eta zuri italianoa ahazten ari zaizu!’. Bai, bai...”. Eta dena ederki prestatu baina arazoak taula gainean ez, baizik eta...

2- Joaneko bidaia. ...taulatik kanpo arazoak sarri. Ez dute ahaztuko behin Olaberrira eginiko bidaia. Larunbat batean han zuten emanaldia eta kamioi batekin zeuden geldituta trasteak eramateko. Baina kamioia hiru tonako karga zuela topatu zuten. Ez zutenez beste irtenbiderik, gauzak kamioian sartu eta han abiatu ziren Olaberrira. Aurretik beste bi taldekide abiatu ziren autoan. “Hauek iritsi ziren baina kamioia ez zen ageri”, diote. “Pasatu ordubete, bi ordu eta arrastorik ez, larritzen hasi ginen eta kotxea hartu eta han joan ginen bila. Abiatu eta segituan, kilometro eta erdira-edo aurkitu genuen kamioia, baina aldapa batean ezin igota. Hiru alditan saiatu ginen behera jaitsi eta inpultsoa hartu eta gora egiten, baina ezin. Azkenean, beste aldetik zetorren furgoneta handi samar bat gelditu, azaldu zer gertatzen zitzaigun eta trasto denak hara sartu genituen, kamioia hustuta aldapan gora igotzeko. Baina horrela ere ezin. Azkenean, kamioia furgonetari soka batez lotu eta han joan ginen gora”. Eta iritsi ziren Olaberrira, jantzi arropak, prestatu dekorazioa eta...

3- Hasi eta... Baina egun malapartatua ez zen bukatu. Herri txikietan beti izaten da ikusle asko, Olaberria ere txikia da, baina egun hartan hamalau lagun besterik ez ziren joan antzezlana ikustera. “Gure, ustez, arrazoi nagusia orduan Eurovisionen Rosak irten zuela izan zen”.

4- Bueltako bidaia. Bueltakoan, berriz, kide batzuek autoa ezin izan zuten martxan jarri. Beste kotxe bati pintzak jarri eta saiatu ziren, baina ezin. Etsita, tabernan taldekiderik gelditzen al zen begiratzera joatea erabaki zuten. Inor ez zela eta etxerako bidea hartzea erabaki zuten, baina ez azkenengo aldiz autoa arrankatzen saiatu gabe. Eta orduan hasi martxan! Zumarraga eta Urretxu zeharkatu eta kotxe hori bat-batean gelditu zitzaien. “Hasi arrankatzen eta ezin. Aldapa behera zenez bidea, autoa bazihoan, ordea”. Baina autoa makal zihoala eta Martin eta Iñaki Bergara Pio-ri zer bururatuko eta bakoitzak hanka bana atera autotik kanpo eta han joan ziren hankei emanez behera. Jakina, horrela etxera ezin zirela iritsi ohartu ziren eta gelditzea erabaki zuten. “Telefonorik ez genuen. Ingurura begiratu eta ibaiaren bestaldean gizon bat ikusi genuen. Kontatu zer gertatu zitzaigun, hark telefonoa utzi eta beste taldekide bati deitu genion. Eta horrelaxe, lagunok”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak