Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko azaruek 22,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2004 »  Maiatza »  Arriskua 50 metrora

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Ingurumena

Arriskua 50 metrora

Ihintza Agirretxe

- Sistiaga erreka bidean dagoen harrobia handitzen ari dira, eta baserritar batzuei atariraino helduko zaie laster

  (Ihintza Agirretxe)

Loiolako basilika barrua egiteko sortu zen Sistiaga errekako harrobia, eta ordutik hona harri ugari atera izan da bertatik. Gaur egun inguruko harrobi bakarra da. Orain 10-15 urtetik Altuna y Uria enpresak du bere esku ustiapena; aurretik, beste hamar bat urtean, Eskuztak izan zuen. Baina harrobia handitzen doa eta gero eta arazo gehiago ditu inguruko baserritarrekin, handitzeko inguruko lurrak behar dituelako.

Altuna y Uria enpresa harrobia goraka, Ońatz aldera handitzen ari da, eta inguruko lurrak hartzen. Horrela, Keixetako bi etxebizitzak eta lur horiek erosi nahi ditu, baina ez da baserritar edo lurjabeekin ados jartzen. Baserritarrei lurrak erosteko eskaintza egin die, baina baserritar gehienak ez daude ados; 17 lurjabeetatik hirurekin baino ez da iritsi da akordiora euren lurrak erosteko. Eta gainerantzeko guztiek orain urtebete inguru salaketa jarri zioten.

“Salaketa bi bidetik dago bideratua. Alde batetik, aktibitate baimenari dagokiona; izan ere, uste dugu ez dituela betetzen eskaturiko guztiak. Bestetik, lurren okupazioari dagokiona dago” , esan diote baserritarren ordezkariek Uztarriari.

“Apirilaren 12-17 bitarteko astean hesia jarri ziguten enpresakoek —diote Kerexetakoek [Keixeta]—, eta hesi horiekin beraiek okupatu nahi dituzten lurrak markatzen dituzte. Gurre baserritik 50 metrora jarri dituzte. Orain edozein unetan sar daitezke gure lurretan eta zulatzen hasi. Denera 20.000 hektarea inguru okupatu nahi dizkigute. Gainera, hesia jartzeko ere gure lurretan sartu dira eta zuhaitzak bota dizkigute”.

Altuna y Uriako jabeak, aldiz, ez du horrelakorik esaten; “Gure produkzioa beste eraren batera egin ahalko banu, laster asko aldegingo nuke Sistiaga errekatik. Niri ere ez zait horrelako arazoetan sartzerik gustatzen. Baina hemen baserritarrak lapurreta egitea besterik ez dute nahi. Biktimarena egiten ari dira eta hemen ni naiz biktima bakarra. Nik haiei zelai bateko metro bategatik 700 pezeta inguru eskaintzen dizkiet, eta, begira, neuk hortxe, harrobitik pixka bat gorago, metroko 30 pezeta ordainduta erosi dut lur sail bat. Gainera, salaketa galtzen badut, harrobia itxi eta beste nonbaitera joango gara. Ezin dut ordaindu baserritarrek eskatzen didatena. Hori lapurreta, besterik ez”.

Altuna y Uriakoak dio enpresa legearen barruan ari dela jokatzen. “Guk harrobia martxan izateko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak eskatzen dizkiguten lizentzia eta paper guztiak ongi ditugu. Jaurlaritzari ere ez zaio komeni guk harrobia ixtea. Izan ere, Deba ingurutik hasi eta Donostiara bitartean gurea da harrobi bakarra. Ez dago besterik, eta gustatu ala ez gustatu, harrobiak beharrezkoak dira”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak