Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 13,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2004 »  Maiatza »  Gazteekin gustura jarduten dut bertsotan, ikaragarri jatorrak dira »  Basarri aurreko bertsolaria

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Basarri aurreko bertsolaria

Joxean Agirre

Joxean Agirre
Joxean Agirre.  Joxean Agirre eta Joxe Agirre, Oranda baserri inguruetan.  (Bertsolari aldizkaria)

Oraindik orain Berria-n Ramon Olasagastik Joxe Agirreri egindako elkarrizketa batean izenburu bikain batek erakarri zuen nire arreta. “Eskolarik gabe, eskola sortua” zioen izenburu horrek. Bururatzen zaizkigu tarteka kazetarioi gezurra izan arren idatzi beharreko izenburuak eta horietako bat da Olasagastirena, gezurra izanik ere ederra delako ipini beharrekoa, Joxe Agirrek ez baitu eskolarik sortu, alderantziz, desagertu zen eskola bateko azken ikaslea baita, Basarri aurreko bertsolaria.

Haatik Joxek berak Uztapideri dion mirespena, endoiarra Basarriren tren berrira aise igo bazen ere, aurrekoa, eskola zaharrekoa izaten jarraitu baitzuen gauza askotan. Geroztik, Basarri geroztik alegia, bertsolaritzak bide luzea egin du, sagardotegietatik atera eta ia-ia unibertsitateraino. Jantzi, dotoretu eta edertu ere egin da, baina kultura idatzira arrimatu ahala, kutsatu ere bai, ahozkoaren grazia asko, zakartasun pixka bat eta orain mende bat bertsolaritzak zuen malditismo puntu hura galtzeraino.

Joxe Agirreren bertsokera ezin da ulertu, bestalde, orain mende erdi bat pasa nekazari giroko euskal gizartean auzoek zuten indarra kontuan izan gabe. Auzoek auzoen kontra zuten tribalismo gisako hori kulturala zen gehienbat: apustuen bidez erabakitzen ziren lehiak jeneralean. Auzo bakoitzak zituen bere kirolariak, bere bertsolariak, bere erromeriak. Giro horretan egin zen bertsolari, eta kirolari ere bai noski, Joxe Agirre. Bertsoa elkarrizketa gisa ulertzen dugu guk gaur. Talka eta norgehiagoka gisa ulertzen zuten orduan. (Bestalde, hori ere ez da hain antigoalekoa eta hain gurea: New Yorkeko auzoetan gazte taldeek antzera erabakitzen dituzte beren arteko konponezinak).

Globalizazioak. Gero etorri dira globalizazioak. Komunikabideei esker, neurri handi batean euskal gizartea globalizatu egin da. Joxe Agirre Euskal Herri osoko bertsolari da eta izan da, baina aspaldiko bertsolari arraza hartako oinordeko izateari utzi gabe eta horrexegatik egiten zaigu hain miresgarri, hain eder.

Haitz artean jaio izanak gogortuko zuen beharbada, harrobi batean lan egiteak lakartuko zion agian izaera, baina adinak, aitontzeak eta bertsolaritzan aurkitu dituen lagun ugariek samurtu egin diote bihotza, eta bikoiztasun horrek egiten du gizona hain maitagarri.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak