|
|
|
Zutik dirauen sektorea
Ainitze Oruesagasti
- Lan munduko joera berriei eta aldaketei eutsi die egurraren sektoreak; “indartsu” dago herrian
|
|
Egurrek.
(Ihintza Agirretxe)
|
|
Orain dela hilabete pasatxo egur tailer handi bat itxi zen Azpeitian: Dana. Azkeneko urteetan beste tailer txiki batzuk ere itxi izan dira. Beraz, krisian al dago egurraren sektorea Azpeitian? Herrian tradizio handia duen sektorea une txarrak ari al da pasatzen? Uztarriak jaso duen informazioaren arabera, ez da hala. Horren adierazgarri da datu hau: antzekoak dira orain dela 13 urteko eta gaur egungo enpresa kopuruak. Beste bi datu: 1. Urola Erdian zur eta altzarigintza da langile gehien dituen sektorea. 2. Egur lanetan aritzen diren 40-50 enpresa inguru daude Gipuzkoan, eta horietatik erdiak pasa Azpeitian. Eta hori guztia, teknologiaren aurrerapenek eta zerbitzu sektorearen indarrak aldaketa ugari ekarri dituzten arren.
Hortaz, nolatan gertatu da Danarena? Hango langileek Uztarriari esan diotenez, ez da itxi sektorearen egoera bera txarra delako, “kudeaketa txarragatik baizik”. Enpresa hori duela bost urte sortu zen, hiru lantegiren bat egitearen ondoren. Urrestillan kokatu zen, eta 2002an, tailerraren garairik oparoenean, 103 langile zeuden plantillan. 2003ko abuztutik hasi ziren arazoak. “Ez, ordea, lanik ez zelako falta, kanpotik eskariak zeudelako”, esan du Josu Galarraga ELA sindikatuko ordezkariak. “Nagusiek obra handiak egin zituzten Danan, inbertsio handiak, eta buelta ezin emanda ibili dira. Harrezkero beheraka joan zen, kudeaketa ekonomiko txarragatik. 2003ko udan bideragarritasun plan bat jarri zuen martxan Danak, eta hamar langile kaleratu zituen enpresak”, dio Galarragak.
Dana tailerraren beherakada ikusita, langile batzuk beste lanen bat aurkitu eta lantokia uzten joan ziren. “Han segitu genuen langileak, beste inon lanik aurkitu ez dugulako segitu genuen”, esaten du Juanito Aranaga tailerreko delegatuak. 64 langile zeuden itxi zenean. Uztarria, Dana lantokiko nagusiekin harremanetan jartzen saiatu da, baina ez du lortu haiekin hitz egiterik.
Produktu berezituak. Egurraren sektorea tradizio handikoa da Azpeitian, eta Jose Luis Garaia izan da horren lekuko bat, beste hainbat eta hainbaten artean. Orain erretiroa hartuta dago. “Hamabi urte nituela, Arana kalean zegoen Joxe Mari Garmendia Xamartin lantokian hasi nintzen, pintxe bezala”. Xamartinenean bost urte egin zituen lanean. Gero Azkue y Compañia lantokian jarraitu zuen, ondoren Euskalduna Kooperatibako sortzaileetako bat izan zen, eta 1971an Euskalduna Kooperatibak bat egin zuen Danona Kooperatibarekin. Danonan 22 urte egin zituen Garaiak lanean. Urte asko egin ditu, beraz, lanean, zuraren inguruko lanetan beti, baina postu ezberdinetan. “Pintxe hasi nintzen, arotzerian, barnizean eta enkargatu bezala aritu izan naiz”. Denetik egiten, hortaz.
Baina zur eta altzarigintza tailerrak gaur egun eta batik bat gerora begira “arrakasta” izan nahi badu, “produktu bereziatuak” eskaini behar dituela uste du Ramon Goenaga, Lasao Altzariak-eko nagusiak. Tailer hori da Azpeitiko bigarren enpresarik zaharrena altzaringintzan, eta etxeko altzariak, logelak eta egongelak egur trinkoan egiten ditu. “Jakina, produktuak, berezitua ez ezik, kalitatekoa ere izan behar du. Gure ardatz nagusia kalitateko produktua eskaintzea da. Horren adibide dira ISO 9001 kalitatearen ziurtagiria eta ISO 14001 ingurumen kudeaketaren ziurtagiria. Eta aurrera begira gure eskaintza produktu berezituetan oinarritu behar dela uste dut. Horregatik, gure altzaria, altzari ekologikoa bezala ikusten dut”, dio Goenagak. “Gaur egungo gizarteak ingurumenarekiko duen sentsibilizazioa dela eta, altzari ekologikoa merkatuan baloratzen den produktua da”.
Dena ezin utzi, ordea, enpresen esku, eta erakundeak ere ari dira sektorearen alde egin nahian. Hala, Azkoitiko, Zestoako eta Azpeitiko udalak, Iraurgi Lantzen, Ekiz S. Kooperatiba eta Enbor-rek Altzarigintza Fundazioa sortu zuten 1995ean. Hasieran aktibitate bat izan zuen fundazioak, baina geroko urteetan ia ezer egin gabe egon da. Azken urteetan langabetuentzako ikastaroak antolatzeaz arduratu da. Koldo Larrañaga bertako teknikariaren hitzetan, “ikuspegi funtzional eta sektorial batetik berrindartu nahi da” Altzarigintza Fundazioa. “Hasierako aktibitatera itzuli nahi dugu. Altzarigintzak aurrera begirako proiektu batzuk ditu, oraindik guztiz zehaztu gabe daudenak. Oraingoz, Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitiarekin formakuntza gaietan elkarlanean ari gara”.
Egurreko sektoreari lehentasuna emanez, lanbide heziketaren sustatzea eta garapena du helburu aipatutako fundazioak. Horretaz gain, eskari eta eskaintzaren arteko egokitze proiektuetan eta Ezagutza Gunea Foroarekin elkarlanean ari da.
**“Indartsu”**. Garai berriak, lan egiteko eta estrategia berriak, hortaz. “Hori nabarmena da —dio Jose Luis Garaia langile erretiratuak—. Garai batetik hona makina asko sartu da egur tailerretan; guk hasiera batean lanaren zati handi bat eskuz egiten genuen”. Sasoiak aldatu arren, ordea, Azpeitian zur eta altzarigintza “indartsu” ikusten ditu hark. Lehen bezalatsu, orduan pisu handiagoa bazuen ere.
Langile “kualifikatuen” beharra
Zurgintzan eta altzarigintzan lan egin ahal izateko, heziketa eta formazio egokia izan behar da, eta Azkoitian badago horretarako aukerarik, Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitiak esperientzia handia duelako goi eta erdi mailako zikloetan. Egurreko erdi mailako zikloetan zazpi ikasturte eta goi mailakoan bost izan dituzte. “Guztira ehun ikasletik gora pasatu dira hemendik”, dio Juan Inazio Larrañaga ikastetxeko zuzendariak. Arotzeri eta altzarien fabrikazio industrialeko erdi mailako zikloa 1997an jarri zen martxan, eta zur eta altzari produkzioko goi maiko zikloa bi urte beranduago. “Guk ikasleekin lan poltsa osatzen dugu eta lantoki askotatik langile eskaerak izaten ditugu”, dio Pello Baztarrika egurreko irakasleak. “Egurreko erdi mailako zikloak arrakasta handia du. Goi mailako zikloa indartu nahi dugu. Lantokietatik tekniko kualifikatuen eskaerak ditugu, baina eskaera horiek gure ikasle kopurua baino handiagoak dira”, dio Larrañagak. “Kontuan izan behar da, gainera, zikloek izaera praktikoa dutela, eta ikastetxeak praktikak egiteko instalazio
egokiak dituela”.
|