Gogoetari leiho
Kontrolak eta Europa
Miguel Mari Lapeira
- Toberagile baserrian bizi da. 1998tik baserrian egiten du lan; txikitatik ibili izan da bertan. Baserritik bizitzeko etxe ondoan ikuilua egin zuen. Fraisoro baserri eskolan behiei buruzko ikastaroa du egina.
Gaur egungo egoera ikusirik ez da erraza 2020an nekazariek izango duten egoera aztertzea. Gauzak ez daude errazak; gero eta zailago egiteko itxura osoa dute, gainera. Jada oso jende gutxi bizi da baserritik; jendea baserrian afizioz gehiago ibiltzen da ofizioz baino.
Aurrera egiteko, lehenik atzera begiratu behar da, ea nolako politika izan duten agintariek orain arte, eta nolakoa izan dezaketen hemendik aurrera. Azken urteotako joera, dena kontrolatzearena da. Guk gaur egun egundoko kontrol pila pasatzen ditugu eta gero eta gehiagora doa hau. Hemendik 20 urtera kontrolak pasatu besterik ez dugu egingo. Guk ganaduak eta barazkiak ezin ditugu edozein eratara hazi, baina beraiek, Diputazioak, esan bezala hazteko izugarrizko gastuak egin behar ditugu. Hauek eskaintzen dituzten diru laguntzak, berriz, ez dute ezertarako balio. Kalitatea izateko gastuak egin behar dira eta gero kanpotik datozen prezioekin ezin dugu lehiatu. Gaur egun diru laguntza politiko batean gaude murgilduta. Ez gara bizi egiten dugun lanaren ordainean jasotako diruarekin, Diputazioak ematen digun diruarekin bizi gara. Diru laguntza horiek behera egingo balute, baserri lana ezerezean geldituko litzateke.
Diru laguntzak puntuazioaren arabehera ematen dituzte eta laguntzak jasotzeko egoera gero eta zorrotzagoa da. 2020ari begira jarriz gero, Frantziaren kasua hona ere iritsiko dela esan dezakegu. Han, diru laguntza esplotazio handiek —hau da, dedikazio osoz nekazaritzan aritzen direnek— bakarrik jasotzen dute. Gainontzekoek ez dute euro bat bera ere jasotzen. Urte gutxira hemen ere politika bera jarraituko dute eta beste lanen bat duten baserritarrek ez dute laguntzarik izango.
Gainera, orain beste herrialde batzuk Europako Batasunean sartzean, hemengo baserritarren egoera kinka larrian jarriko da; izan ere, hango produktuen prezioekin ezingo dugu lehiatu.
Gure produktuek proba ugari pasatu behar izaten dituzte. Hori oso ondo dago, horrela kalitatea ziurtatzen baita. Baina kontrol guztiak eta bete beharrezko paper guztiak baserritarrak ordaindu behar izaten ditu. eta une bat iritsiko da baserritar soilek ezingo dutela ordaindu horrelakorik.
KALITATE ARAZOA. Kalitateak ere bere arazoak izango ditu. Oraingo pertsonei jaten ahaztu zaigu. Askok nahiago izaten dute etxaldeko oilasko bat, nahiz eta gusturik ez izan, biguna delako eta, gainera, merkeago. Gainera, orain jendeak beste gauza askotan gastatzen du dirua eta gero ez du kalitateko janaria ordaintzeko dirurik.
Azken urteotan Urrestilla inguruko baserritar askok utzi diete baserrian lana egiteari, eta hemendik urte gutxira gu eta beste baserriren bat bakarrik geldituko gara. Orain baserritar batzuen artean ari dira hitz egiten behitegi bat egiteko guztien artean. Baina horrek bere gastua du eta irabazi txikia, eta gastu handia suposatzen du horrelako proiektu batek. Baserrian inbertsioak eginez gero, ez da erraza horri buelta ematea.
Zaila da 2020an baserri giroa nolakoa den esatea, baina ez dirudi asko aldatuko denik diru laguntzen politika, eta pixkanaka baserriak apaltzen joango dira. Txalet berrien ondoan geldituko diren etxe zaharrak izango dira.
|