Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 5,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2004 »  Maiatza »  Iritzia »  Baserritarrik gabeko Azpeitira?

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Gogoetari lehio

Baserritarrik gabeko Azpeitira?

Gipuzkoako EHNE

- Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna da EHNE elkartea, eta Gipuzkoan Tolosan dauka egoitza nagusia. Azpeitian badu egoitza bat, Iberotarren enparantzan hain zuzen. Bertan bi sail daude: aseguroena (bi langile ditu) eta proiektuena (bi langile).

Mende honetan zehar gizarte osoaren joera, nola edo hala, janari merkeagoa lortzea izan da, baserritarra horretara bultzatuz. Joera horretan, ez bakarrik administrazioa, baita industriko sindikatuak, kontsumitzaile elkarteak eta biztanlegoa orokorrean jardun da. Joera horren ondorio negatiboak eta arriskuak ikusten dira, eta sufritzen ari gara. Garaia da joera hori aldatzeko, guregandik hasi eta gizarteko beste instituzio eta erakundeetara zabalduz.

Aurreko guztiaren ondorioz, zein da gaur egungo egoera baserrian?

  • Egunetik egunera baserritar gutxiago gelditzen gara. Zenbait herritan baserria desagertzeko arrisku bizian dago.
  • Produkzioa mantendu edo gehitzen ari da, eta joera handitzen ari da. Baserritar bakoitzak gero eta ardi eta behi gehiago ditugu ikuiluan edota barazki gehiago produzitzen dugu. Irabaziak gehitzen ote diren ez dago argi.
  • Kontuak egin ondoren, baserritarrok diru publikoaren gero eta menpekoagoa gaude. Ez gara laguntzak jasotzen ditugun bakarrak baina bide horretaz dependentzia oso arriskutsua izan daiteke etorkizunerako. Adibide modura, duela hamar urte laguntzek errenta osoaren %4 ziren eta gaur egun %30 inguru.
  • Gure generoa saltzeko arazoak ditugu. Ez dugu preziorik lortzen eta salmenta bide berriak sortzea oso kostosoa gertatzen zaigu: kalitate politika nahasia, osasun exijentziak edozein enpresen parekoak, komertzializazio egiturak agroindustriaren neurrikoak edo garatu gabeak...
  • Gipuzkoa osoan zehar nagusitzen ari den eredu produktibistak gure etxaldeen errentagarritasuna auzitan jarri du: menpekotasuna, kalitatearen galera, ingurumenaren kaltea, aberastasunaren kontzentrazioa, bizi kalitaterik gabea.
  • Horrek guztiak eraginda, baserritarron artean noraeza handia dago etorkizunarekiko, eta gazteen erreleborik ez da ikusten.
  • Gizartean pisua galtzen joan garen nuerrian, gure administrazioek kasu gutxiago egiten digute. Beraz, politikoen konpromiso falta nekazaritza bezalako sektore estrategikoarekiko garbia da.
  • Gizarte hiritarren urruntasuna, axolagabekeria eta konpromiso eza nekazaritzarekiko.
  • Konpetentziarik eza Euskal Herriak bere erabakia hartzeko nekazari politikaren inguruan; hiru administratiziotan bananduta gaude.
  • Euskal Herri osoan gertatzen denaren isla da Gipuzkoan gertatzen dena.
  • Lurraren galera geldiezina da: azpiegitura erraldoien garapenaren ondorioz (autobideak, abiadura handiko trena, erraustegiak, etxebizitza, eta abar luze eta amaigabekoa), porlanak lurra desagerrarazten du eta ustiategien desagerpena eragiten dute.

Lorpenak? Gutxi batzuk zehaztuko ditugu:

  • Gizarte hiritarrean bada baserriaren aldeko nolabaiteko sentipena, nahiz sarri motza izan.
  • Gero eta gehiago, baserrian geratzen den gaztea bere erabakiz gelditzen da eta ez inertzia edota ohiturak bultzatuta. Bada harrotasun puntua.
  • Kopurua oso txikia den arren, baserrira etorritako nekazari kaletarra asentatzen ari da.
  • Herri txikiek nekazaritza proiektuen inguruan auzolana berreskuratu dute; Errezilek, adibidez.
  • Baserria osorik transmititzeko oinordekotza lege berria ateratzea errealitate hurbila da.
  • Merkaturatze eta komertzializazio bide berria edo zaharberritua zerbait garatzen hasi da.

Zein ondorio nagusi? Politika orokor bati buelta ematen ez bazaio epe motz batean —2020. urtean, adibidez— Gipuzkoan baserriak egon, egongo dira; baserrietan baserritarrak egongo dira baina izaera ekonomikoa galduko du baserriak eta baserritarrak.

Baserritarrak baino gehiago, baserrien biztanleak izango dira; lurrean ez da lanik egingo, lurrak ez digu ezer emango eta beste herrialdeekiko menpekotasuna orokorra izango da.

Nekazaritza eta abeltzaintza, jarduera ekonomiko bezala, gogoan izango ditugun gauzak izango direla.

Gaur egun egoera zaila da. Azpeitian (Oiartzunen, Elgoibarren, Elgetan edo Amezketan bezala) baserriak iraungo du, bere izaera ekonomikoa mantentzen baldin bada. Bestela, postal eder bat egiteko tresnak izango ditugu, baserri-etxebizitza ederrak, erakusteko modukoak, baina bizitzarik gabekoak.

Gure esku dago geure herriko nekazaritza eta abeltzaintzaren etorkizuna bermatzea. Baina nola? Azokak bultzatuz, bertako produktuak kontsumituz, azpiegitura erraldoiei ezetza emanez, porlanaren zabalpena neurtuz, gazteen sarrera erraztuz.

Azken batean, gure aukeraketa sinple samarra da: nahi al dugu gure herrian baserritarrak eta baserriak edukitzea 2020. urtean?

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak