Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 7,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2004 »  Maiatza »  Iritzia »  Azpeitiar apaiz berria

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Eta beste

Azpeitiar apaiz berria

Kepa Susperregi

Letra hauek kaleratu orduko, Trujillon, Perun izango da Iñaki Zudupe azpeitiarra. Azken bi hilabeteak gure artean igaro ondoren, azken urteetako bizilekura itzuli da. Haraino iritsi zen orain hamar bat urte.

Duela urte batzuk, etxekoak ikusteko egin zuen bidaia zela-eta ezagutzeko aukera izan genuen. Urte mordoska bat igaro da harrezkeroztik. Bere burua eskaini zigun bere esperientziaren berri emanez, Trujillo inguruko bazter haietan egiten zuten lanaren berri emateko.

Bizkaian sortutako Fe y Justicia elkarteko kide, Circulo Solidario izeneko gobernuz kanpoko erakundearekin lanean ari zen. Inguru haietako herritarren bizi egoerak hobetzen ahalegintzen zirela aipatu zigun. Era guztietakoak ziren beren eginkizunak: adreiluzko etxebizitzak eraikitzen laguntzea; ura jasoko zuten ur biltegiak sortzea; heziketarako bideak eskaintzeko, eskolak eraiki, egokitu eta hornitzea...

Bilera horretan bertan, buruan bueltaka zebilkien beste ideia bat ere aipatu zigun: apaiz egin edo ez, zalantzan omen zuen. Bertako lagunek, izan ere, askotan, egiten zuten lana eskertzeaz gain, beste era bateko zerbitzu eta laguntzak ere eskatzen omen zizkioten. Beren sinesmen bizitzarekin zerikusi zuzena zuten laguntzak, alegia.

Gogoeta eginez, zalantzak argituz, eta ikasketak borobilduz, urte batzuk geroago, jendeak azaldutako beharrei erantzun nahia, erabaki bihurtu da. Iñaki apaiz ordenatua izan zen, apirilaren 18an, Bilbon Santiago eliz-nagusian, bere elkarte-kide eta lagun Agustin ondarrutarrarekin batera. Hilaren 25ean ospatu zuen, gure artean, Eukaristia.

Orain, itsasoa zeharkaturik, han izango da dagoeneko, duela hilabete pare bat utzitako lagunekin batera, bere eskutitzetako batean esaten zuen bezala “aspertzeko denbora gutxi” duela.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak