|
|
|
Hau
Zorionak
Aitor Aranguren
Komunikabideek izugarrizko eragina dute gizartearengan eta Uztarria ez da salbuespena. Dagoeneko 50 zenbaki kaleratu ditu, web orria martxan ipini, liburuxkak, Literatuzta, Hitza bultzatu... eta proiektu aberats honek sendotuta eta bizirik dirau. Uste dut denok ados egongo garela esatean herri mailako aldizkari bat irekia, plurala, parte-hartzailea eta kritikoa ere izan behar dela. Nik, gainera, beste aditz bat behintzat ez nioke erantsiko: politikoa. Lehen 50 zenbaki horiei begirada bat emanez gero, noizbehinka nabari zaio Uztarriari ‘tik’ politiko bat, eta gainera, herrena beti hanka berekoa da. Jakina, sentipen hori guztiz pertsonala da, baina nire ustez, arazo hori saihesten asmatu beharko luke.
Zerbaitek egiten bagaitu herri, hau euskara da. Euskararik gabe ez gara ezer. Euskara da gure altxorrik preziatuena eta abertzaleok batzen gaituen bakarrenetakoa (batzuetan). Alor horretan eta Azpeitian Uztarriak bete-betean asmatu du, izugarrizko lana burutzen ari baita. Herriko eguneroko albisteek duten indarraz baliatuta euskara idatzia jendeari hurbildu dio eta ‘derrigortu’ euskaraz irakurtzera. Azpeitiarrok hitzetik hortzera darabilkigu gure euskaltasuna, azpeitiarrez hitz eginda euskaldun oso imajinatzen gara, baina azpeitiarrez hitz egitea ez da nahikoa, euskararen etsairik handiena euskaldunok baikara. Euskaraz bizi beharra daukagu. Oso ondo dago Donostiako Kontxako pasealekua jendez betetzea euskararen alde, baina urrats handienak eguneroko urrats txikietan ematen dira, euskaraz irakurtzeko ahaleginak egitean, notatxoak idaztean, DNI/NANaren edo telefono zenbakia esatean, Donostiako denda batean sartzean, lanean, kiroletan, taberna eta dendetan...
Nigan behintzat, Uztarriak eragina izan du,
Zorionak!
|