|
|
|
Enbido
Azpeitia Bartzelonaren anaia
Pako Aristi
Aspaldi honetan Katalunia lezio ederrak ematen ari zaigu euskaldunoi. Carod Roviraren argitasuna, haren helburuak izugarri txalotu dituzte hemen justu kontrakoa egiten dutenek. Ezker independentista gora joan da Katalunian, behera Euskal Herrian. Lehen Gerry Adams baten beharra genuen hemen; orain Rovira baten antzekoa behar
dugu.
Berriki beste albiste eder bat iritsi zaigu Bartzelonatik: bertako Udala zezenketen aurka agertu da. Korridetan eraginik ez du izango erabakiak, baina bide berri bat ireki da aurrera begira, urrun irits litekeen bidea, zezenketen basakeria gure
artetik ezabatzeraino.
Tradizioari eutsita bizi gara, baina tradizio hori komenientziaz erabiltzen dute agintariek. Munduan gauzak sortu eta desagertu egiten dira. Hemen desagertu ziren oilar borrokak aspaldi, eta? Urola trena ere desagertu zen, beno, kendu zuten agintariek. Hura ere tradizioa zen Azpeitian, inork ez zuen nahi hura kentzerik, baina kendu zuten. Gainera, Urola trenean Azpeitiko zezenplazan baino jende gehiago ibiltzen zen. Azpetiarragoa zen trena, Andaluziatik (eta Espainiatik) datozen zezenak eta toreatzaileak baino; halere, azpeitiarra zena kendu zuten, eta espainola denak jarraitzen du. Herria maite dugu, benetan?
Azpeitiar askori entzungo diozu zezenekiko zaletasuna adierazten; etxean jaso dute, gurasoengandik, eta euren haurtzaroarekin lotuta ikusten dute. Ongi dago. Baina azpeitiar askori entzungo diezu zezenketen aurkako joera adierazten; ankerkeria iruditzen zaie, ez zaie hori festa-osagarri ona denik iruditzen. Iritzi aurrerakoia zezenketen kontrakoa da; alde egotea, aldiz, atzerakoia da, atzera begira daudenen jarrera delako.
Aurrera begira, mundua leunduko baldin badugu, nik zezenketarik gabe ikusten ditut gure festak, globalki arazoak konpontzeko orduan mundua gerrarik gabe ikusten dudan bezala; ikusi nahi nukeen bezala.
Zenbat biztanle ditu Azpeitiak? 13.000 inguru. Zenbat azpeitiar joaten da korridetara? 500 inguru. Gainontzekoak kanpotik datoz. Portzentaia txikia benetan. Horrek ematen al du eskubidea esateko Azpeitia herri zezenzalea dela? Azpeitia herri bertsozalea izango da, baditu bertsolariak, asko eta onak; herri musikazalea da, abesbatzak eta talde rockeroak dauzkalako, diskoak grabatu eta sariak irabazi dituztenak; herri kirolzalea izango da, kirolari asko atera direlako; baina esan al liteke zezenzalea denik? Zenbat torero atera dira? Eta portzentaia hori gazteen artean txikiagoa da. Gazteak ia erabat uko egin dio zezenketei. Saninazio bezperan enparantzan bazkaltzen duten 1.000 gazteetatik zenbat doaz korridara biharamunean, 20 bai? Behin telebistan korrida ondorengo anbientea jasotzera etorri ziren, hemen zientoka koadrila saltoka joango balira bezala: zazpi lagun triste baizik ez ziren atera kameren aurrean.
Herri batek aurrera begiratu behar du, atzetik datozkion gauza batzuk mantenduz, besteak kenduz; hori egiteko beldurra daukan herria beti geratuko da atzean, antigoalduta, zakartuta.
Aldaketa. Zezen-plaza parke tematiko bihurtzea litzateke gauzarik ederrena. Urola trenarekin egin zuten: orain turistak datoz bertan ibiltzera. Ez dakit zergatik ezin den gauza bera egin zezen-plazarekin: korridak kendu eta Zezenaren Museoa sortu, gero plastikozko zezen batzuk jarri, jendeak toreoa nola egiten zen praktika dezan, tabernatxo bat ondoan, eta gero toreroen jantziak erakusgai jarri, eta kamisetak saldu toreroen argazkiekin, llaberoak, metxeroak. Turista asko etorriko litzateke urtero-urtero, korridak ikustera baino askoz gehiago, eta plaza horrek korridekin baino askoz diru gehiago emango luke, eta diru gehiago aterako litzateke miserikordiarako. Nik ez diot kalterik ikusten aldaketa horri, dena ona baizik. Europa guztian mirestua izango litzateke Azpeitiaren aurrerabide hori.
|