|
|
|
Hiruko txikian
Maiatzaren 1eko kristauok
Iban Arregi
1- Egun beltza izan zen 1886ko maiatzaren 1a. Zortzi orduko lan-eguna aldarrikatu zen mundu osoan, batik bat Chicagon, eta poliziak hainbat langile hil zituen. 1886tik langileen erreibindikazioak aldatzen joan dira. Gizartea bera joan da aldatzen. Baina... 118 urte pasatu dira egun beltz hartatik, eta gaur, oraindik, langileak kalera botatzen dituzte zortzi orduen alde egiteagatik. Azpeitian duela gutxi kaleratu dituzte batzuk, besteak beste zortzi orduko lan-eguna aldarrikatzeagatik.
2- Izan ere, aparteko orduak sartu egin behar jendeak, aukeratu dugun bizimoduari, aukeratu dugun kontsumo-joerari aurre egiteko. Eta orain “es lo que hay” esaten dugu, esaten dute ordezkari sindikal askok ere. Eta denak konforme. Baina azpeitiar guztion esku ere badago gizarte-kontsumitzaile-kapitalista honi, ahal den neurrian, buelta ematea, herritarrak sujeto aktibo —eta ez pasibo— bihurtzea. Horretara (ere) etorriko ahal da Soreasuko proiektu berria (ere)...
3- Gizarte honetako benetako jainkoa dirua dela esaten da, eta dirua enpresa-jabeek daukate, haiek banatzen dute. Enpresa-jabeak, beraz, gizarte honetako jainko. Herrian bertan baditugu adibideak. Hortxe ditugu, esaterako, herriko tailer handiak, Kyoto gora Kyoto behera, gure osasunarekin nahi dutena egingo dutenak. Edo hortxe, esaterako, Sistiaga errekako harrobia. Eta gu kristauok, behin maiatzaren 1a pasatuta, berriro bigarren masaila jartzeko prest. “Es lo que hay”.
|